ANTAPARA | Izaro Andres | ‘Ondoezik’

IZaro

Izaro Andrés

Bada galdera bat hura erabiltzeko lizentzia beharko litzatekeena. Bada galdera bat hura erabiltzeko lizentzia beharko litzatekeena eta, hala ere, edonork edonoiz erabiltzen duena; edonorentzat, edozergatik. Bada galdera bat bere mamia galbidera eraman duguna, blokeatu dugu bere izatea, bere sakontasuna, bere infinitua. Galdera erretorikoa ez den arren, erantzunik espero gabe botatzen duguna. Hutsuneak betetzeko; eta ez da adreilu bat, inondik inora. Isiluneak hausteko; eta ez da zarata bat, inondik inora. Agurtzeko; eta ez da agur bat, inondik inora. Gizartearen parte garenez gero, egoki jokatzeko; eta ez da arautu daitekeen zerbait, ezta kalifikatu daitekeen zerbait, inondik inora.

Bada galdera bat bere jaurtiketa hain bihurtu dugula egunerokoa, ohikoa, arrunta, zentzua galdu duela guztiz. Bihurtu dugu komodin, eta, berez, benetan galdera hori jaurtitzen bada, norbaitek hartu eta norbait horren erantzuna jasotzeko irrika, desioa eta gogoa sentitzen dugulako da, beharko litzateke. Galdera hori ezerosoa izan beharko litzateke; zirikatzailea, urratzailea, barrenera sartzen dena barrenekoa ateratzeko. Egiaren galdera da eta gezurraren aingura bihurtu dugu, erantzun uniforme eta homogeneo bat asmatuz. Galdera-erantzun komodina.

| Ezetz | Nik ezetz esaten diot galdera horren errepresioari, ezetz bere izatea zapaltzeari, ezetz bere abstraktutasuna sinplifikatzeari, ezetz hain berea duen erantzuna isilarazteari, ezetz, ezetz eta ezetz. Nik oraindik jaurtiko dut bueltan jasoko dudana handia izango dela sinetsita. Galdetuko dut erantzuna jasotzeko. Ez dut botako erantzunik jaso nahi ez badut. Ez dut botako botatzearren. Desmitifika dezagun galdera-erantzun horren errutina. Gogora dezagun bere benetako metodoa eta funtzioa; begietara begiratu eta elkar biluztea gorputzik ukitu gabe. Nik, gaurtik hasita, ez dut gehiago bidegabekeria hau onartuko: “Zelan? Ondo.”

Zelan hutsen kontra. Zelan beteen alde.

IZaro

Zelan?

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.