Ostirala,
2024ko Martxoak29

MugaKultura

loader-image
Durango
5:58 am,
temperature icon 12°C
Humidity 88 %
Ráfagas de viento: 33 Km/h

UNAI ITURRIAGA | “Umorea ez da beti arma iraultzaile bat; arma iraultzaile bat da behetik gora datorrenean, baina goitik behera doanean…”

IZaro

Unai Iturriaga (Durango, 1974) eta Alex Sanvi (Portugalete, 1970) Haur besoetakoa: Litxarrerien Jauna komiki-bilduma aurkezten ari dira. Gainera, ‘H28’ aldizkari “saretiriko” jaioberrian ere hartu du parte bizkaitar honek. «28a da hilabete guztiek bat egiten duten egun bakarra». Unai ere bakarra dugu.

Haur besoetakoa. Litxarrerien Jauna. Gaztetxoentzako komikia eta hortik aurrera adin mugarik gabekoa. Zeren bila dabilenak irakurri beharko luke?

Zeren bila? Istorioen bila dabilenak. Gaurko munduari buruzko istorio batzuk dira, parodia modu batean edo, umeen optikatik. Gaiak unibertsalak dira, beraz, alderdi horretatik ez dago baldintzarik. Kontuan izan behar da, Xabiroi aldizkarian argitaratzen joan izan direla urteetan. Azken zazpi urteetan puri-purian egon diren gaiak islatzen dira, edo hori egiten saiatu gara, behintzat. Beti dago margen bat idazten dudanetik, argitaratzen denera, eta zeresanik ez, bilduma egin denera! Badaude finantzaketa politikoari buruzko gaiak, bankuen pribatizazioari buruzkoak… Gai horiek beti daude, esango nuke, bigarren plano batean. Orduan, edozeinentzat izan daitekeela uste dut.

UNAI ITURRIAGA IBAN 1

Unai Iturriaga Durangoko Hitz Liburudendan. | ARGAZKIA | Iban Gorriti

Muturrera joanda, ‘ustelkeri mundu’ ñimiño bat sortu duzue. Bi zentzu izan ditzake: umeetan ere “ustelkeri” hori nabari dela islatu nahi izan duzue, gizakiaren jarrera naturala bailitzan? Edo helduena den jokabidea mundu “garbi” batera aplikatu duzue?

Ez, ez, umeak ez dira ustelak, adin batera arte behintzat. Gure eragina heltzen zaien arte, ezta? Nahi izan duguna da, alde batetik, umeen mundua hartu, eta, bestetik, osagai esan dezagun irudigarri hori: mafiak eta buruan izan ditzakegun beste horrelako zenbait gauza. Mundu hori islatu, baina munduaren zentroan umeak jarrita, helduen jarrerak imitatzen edo.

Zergatik komikia? Erraza al da adin tarte ‘heldu’ horretara komiki bidez heltzea?

Hemen ez dago tradizio handirik. Komiki edo bilduma honekin ere arazo bera sortzen da. Hemen argitaratzen da dagoen argitaletxe bakarra delako, eta gazteei dago zuzendua, mundu horrekin identifikatzen delako komikia, batez ere hego Euskal Herrian. Nahiz eta, orain, hasi den pixka bat mugitzen giroa bai hemen, bai Espainiako estatuan nobela grafikoen inguruan. Hala ere, ezin da konparatu, ondoan daukagun estatuan, esaterako, Frantzian dagoen tradizioarekin. Han helduek ere badute ohitura.

Sakondu gehiago, mesedez…

Gero, noski, badago intentzio bat komikiaren aldetik, 13 urteko mutiko bati ez diozu eskatuko dena uler dezan. Badago istorio bat, ekintza bat mundu guztiak uler dezakeena. Eta gero badaude beste hiru-lau kapa: atzean egon daitekeen gertakari soziala, hori da bat, erreferentzia musikalak edo, hori da beste bat… Produktu bera irakurri eta bakoitza kapa bateraino helduko da, momentuz, eta egunen baten berriz ekiten badio produktua ulertzeari gauzak deskubrituko ditu, edo ondokoak deskubrituko dizkio.

Zer du marrazkiak hain inozentea eta hain gordina izateko aldi berean?

Bueno, normalean justu kontrastean egoten da indarra, ezta? Arrazoi beragatik egin genuen guk ere aukera, umeen mundua sortzearena. Umeen begirada gardena dela esaten da, umeek eta mozkorrek esaten dutela egia. Orduan, ume bat jartzen baduzu guk iradokitzen dugun bezalako testuinguruan, hor sortzen den kontrasteak azaleratzen du are indartsuago gertatzen ari dena. Guk, helduok, badakigu gure buruari gezurrak esaten, eta elkarri gezurrak esaten ere bai… Baina, noski, zuk ume bat jartzen baduzu guzti horren zentroan “zikina” nabariagoa da, askoz.

Hori guztia komikiaren atzean dago, baina istorioak orokorrean alaiak direla esango nuke! Umore garratz dezente dago, baina istorioaren irakurketa lasaia eta erraza izan daiteke aldi berean.

Umeek uler ditzakete helduen marrazkiak? Eta helduek umeenak?

Ez beti.  Segun ze ume eta segun ze heldu. Nik, seguruenik, nahiago dut ume askoren begirada heldu askorena baino. Beste maila batean guztiz, baina alabekin ikusten dut nik, eta lantzean behin harritzen zaituzte. Umeak kokoloak direla pentsatzen dugu, baina helduok baino askoz gehiago erreparatzen dute xehetasunetan. Gu oso bonbardatuta gaude irudiz, beraiek beste modu batean erabiltzen dute arreta. Komikira itzuliz, ez da zazpi urteko ume batentzat, baina bai istorioak gustatzen zaizkion 12 urteko batentzat.

Zer aldatu behar duzu zuk zure buruan bi ikuslegoei idazteko orduan?

Nik idazteko orduan ez daukat gai edo printzipio zerrenda bat aurrean. Libre idazten dut. Badakit zeintzuk diren nire mugak eta zer ezin dudan sartu, non argitaratuko den badakidalako, ezta? Baina baldintzapen hori ez da gainean daukadan zerbait. Istorio hau jada sortuta daukagu, zazpi urte daramatzagu mundu hau erreproduzitzen. Berez doa, berez.

UNAI ITURRIAGA IBAN 3jpg

Unai Iturriaga. | ARGAZKIA | Iban Gorriti

H28 aldizkari “saretirikoa”. Non dago satiren muga, umorearen muga?

Ez da erraza. Batetik, umore eta muga hasten bagara, txarto hasi gara. Berez, erantzun bat-bateko hau litzateke: ez dago mugarik. Baina bai badaude mugak, edo, niretzat behintzat baditut mugak. Ez dira gaiekiko mugak, baizik eta nondik norakoen mugak. Hau da, nik txiste bat egiten dudanean, edo tira bat, ni non nago? Nik satirizatzen dudana, irrigarri uzten dudana non dago? Gorantz tiro egiteak ez nau arduratzen, baina beherantz tiro egiteak kezkatzen nau. Gainera, nik, euskaldun bezala kasu askotan behean egon naizelako, agian sentikorragoa izan beharko nuke.

Mahomaren karikatura bat ezin daiteke egin?

Nik ez nuke esango ezin daitekeenik egin, kontua da nondik egiten duzun, noren izenean. Nik uste dut askatasunak absolutua izan behar duela, baina bai satiran, bai eguneroko bizitzan. Gauza bat da barre egitea denok batera eta beste gauza bat da norbait irrigarri uztea. Bueno,CharlieHebdorekin gertatu da hori, ezta? Askatasuna eta hau eta beste, baina, a ver, ez da berdina Paristik ez dakit nora barre egitea. Eta ez daukazu zertan Siriara joan, e? Paristik bertako bazterretara, aldirietara. Miserian bizi den jendearen erreferentzia inportante bati… Tropak dituzunean han, zu aberatsa zarenean, bera pobrea, ez duzunean sekula saiakerarik egin bera integratzeko, ez dakit zer… Eta gainera jotzen duzu bere punturik sentikorrenera. Orduan, galdera zein da?

Mahoma marraz daiteke?

Bai, Mahoma marraz daiteke. Astero zaurian atzamarra sar diezaiokezu zure ondoko auzoan bizi denari? Ba horrela ez. Batez ere, garrantzitsua da nondik nora egiten den umorea. Goitik behera? Ba hori ez da umorea niretzat. Umorea ez da beti arma iraultzaile bat; arma iraultzaile bat da behetik gora datorrenean, baina goitik behera doanean… hori zanpatzea da.Euskaldunokin ere egin da, baserritarra irrigarri utzi, niretzat hori ez da umorea. Nik jende multzo bat sentitzen dut kolpatua horrekin eta niri horrek ez dit graziarik egiten. Muga hor dago, baina ez da marra bat, bakoitzaren hautu bat da.

Zer du berezia hilaren 28ak?

Ba, ni ez nintzen egon hori erabaki zenean, baina erraza da, 28a da hilabete guztiek bat egiten duten egun bakarra. Eta gero, baten batek ezetz esan badit ere, H28 formula kimiko bat da, erre egiten omen duen gai kimikoren batena.

Jolas bat… norbere etxeko helbideak norbera testuinguruan kokatzen duela pentsatu izan dut sarri. Zure etxeko helbidearekin nola deskribatuko zinateke?

Kale honek baditu gauza kurioso bi. Bat, gaur egun, aspalditik, kale honen izena da Askatasun Etorbidea, izen polit bat izango litzatekeena. Hau da, egunen baten askatasuna etorriko balitz, hemendik sartuko litzateke. Baina, era berean, lehen Avenida del Generalísimo zuen izena. Hor badago kontraesan bat: badirudi lehengoa ez dela guztiz joan eta bestea ez da guztiz etorri.Eta ez hori bakarrik, ni hiltegiaren ondoan bizi naiz, sinbolo garrantzitsua da auzoan. Franco eta askatasunaren artean hiltegian bizi naiz.

Idazlea, gidoilaria, bertsolaria…Zer falta zaizu egiteko?

Niri gustatuko litzaidakeena da, egunen baten, nire istorioak neuk idatzi eta marraztea. Umetako amets bat da. Marrazkilaria izan nahi izan dut beti, gero bertsolaria izan naiz, baina gauza batek ez du bestea kentzen. Gauza asko egin ditudala dirudi, baina azkenean dena dago sorkuntzarekin lotuta. Sinplea da, egiten dugu bizitzeko egin ahal duguna.

 

UNAI ITURRIAGA IBAN 2

Liburua. | ARGAZKIA | I. Gorriti

Kale Galderak

«Ingurukoen pozak egiten zaitu zoriontsu”

I. Andres

| Hiru pertsonari galdetu diogu ze itaun egingo lioketen Unai Iturriagari

Zure seme-alaben etorkizuna nolakoa ikusten duzu?

Hor bi gauza daude. Bat: behintzat txikiak diren bitartean ez dago denbora asko etorkizunera begiratzeko. Alde horretatik umeak nahiko gauza ona dira, esan nahi dut, hankak orainen jartzen dizkizute. Egun bakoitza erronka bat da. Hori horrela da, eta hori ona da, jartzen zaituzte gaur eta hemen.

Eta bestetik, ba testuinguru orokorrari begira, arduratzen zaitu. Mundua ez doa oso norabide onean, ni ez naiz sekula pertsona oso baikorra izan, baina pentsatzen dut mundu madarikatu honen alderik ilunenak agerian geratu direla eta sinetsi nahi dut gure umeak nagusiagoak direnerako orekatzen joango dela… Hau esan egiten dut, baina sinetsi ez dut sinesten.

Zerk egiten zaitu zoriontsu?

Ez dut asko behar, e? Topiko bat da, ezta? Baina ingurukoen pozak egiten zaitu zoriontsu, egun on bat izateak umeekin. Eta ahalko banu, egunen batean, bi egun jarraian lo egin! Hori eta botila bat ardo izango banu etxean zoriontsu nintzateke! Izaten naiz, e! Egun askotan, beste batzuetan ez.

Zertan sinesten duzu?

Mmm… Bizitzan badaude gauza asko gure esku ez daudenak, baina beste asko bai badaude gure eskuetan. Askotan bizitzak baldintza gogorrak eskaintzen dizkigu, bizitzan estutzen gaituztenak, baina uste dut zoriona edo beste gauza asko norberaren esku ere badaudela. Mundu horretan nola kokatzen garen, ez? Eta nik horretan sinesten dut, bakoitzak egin dezakeela ahalegin bat bizitzan beste modu baten kokatzeko eta zoriontsu izateko. Fede transzendentalik ez daukat. Gainera, uste dut proposamenak mundu honetarako egin behar direla. Baina uste dut badaudela gauzak, dena ez zoritxarrez, baina badaudela gauzak gure esku, eta horietan zentratuko bagina… Gure zoriontasunaren zati handi bat bai badago gure esku. Eta bueno, ez da gutxi.

Azkena, nirea. Soinekoa: urre kolorekoa eta zuria, edo urdina eta beltza?

Urre kolorekoa eta zuria.

(Ze soinekori buruz hitz egiten ari garen jakin nahi baduzu klikatu hemen:  http://www.buzzfeed.com/gretaalvarez/blanco-y-dorado-o-azul-y-negro#.bbeaqYBQJ)

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: , ,

Bilatu