Ostirala,
2024ko Apirilak19

MugaKultura

loader-image
Durango
7:25 am,
temperature icon 5°C
Humidity 98 %
Ráfagas de viento: 5 Km/h

JON IRAZABAL AGIRRE ‘KATA’ | “Egiten duen esfortzuari zentzua aurkitu behar dio dantzariak”

Izaskun Ellakuriaga Mugalari 6

Izaskun Ellakuriaga

Jon Irazabal Agirre ‘Kata’ iurretarra omenduko dute Durangaldeko ezpatadantzariek zapatuko jaian. (http://bit.ly/1CunXFV) Ez du sekula, iurretarrek esango genukeen bezala, “jantzan ” egin. Baina etxean gordeta ditu ezpatadantzari jantzi zeneko bi argazki. Hala ere, etxean gordeta jarraituko dutela esan digu, argitaratzeko baimena ematen digun tematu arren. Ezpatadantza bultzatzen eta Durangaldekoen hitzordua antolatzen urteetan egin duen lanagatik jasoko du eskerrona.

Jon Irazabal IBAN GORRITI 2

Jon Irazabal. | PHOTO | I. Gorriti

Zer dauka Ezpatadantzak erakartzen zaituena?

Erritmoa nik uste dut edonoren barruak mugiarazteko modukoa dela. Binangoa, launangoa dantza errepikakorrak dirudite, baina erritmo berezia dute. Daukan misterioa ere bada erakartzen nauen beste ezaugarri bat. Orain dela 500 urte baino gehiagotik egiten da, baina ez dakigu zergaitik. Jarraitzen dogu Dantzari dantza dantzatzen, baina jakin barik zehaztasun osoz zertarako egiten zen. Erritozko dantzak dira, baina zein  da euren zentzua? Misterioa da oraindik, nahiz eta teoria asko egon.

Dantzari dantzako bederatzi dantzetatik zein duzu gustokoen?

Agintariarena. Bandera horrek buelta bueltaka zelan darabilten zirraragarria da. Gainera, Sabino Aranak asmatutako Gora eta Gora euzko ereserkia dantza horren moldaketa da berak aitortu zuenez. Gero teoriak daude, 1886ko Durangoko Euskal Jaietan entzun ote zuen lehenengoz. Ez dut dokumenturik aurkitu urte horretan Durangon egon zela dioenik. Baina, badago, Arana izeneko jesuita baten egunerokoa, Loiolan gordetzen dena, eta 1891. Urtean Sabino Arana San Migel egunean Iurretan izan zela idatzita utzi zuena.  Beraz, Iurretan entzun zuela ziurtatu dezakegu baina Durangon?

Sekula dantzan egin duzu?

Ikasten hasi hasi nintzen, baina utzi egin nuen. Zergaitik? Ez dakit ziurtasunez… gero ez nuen jarraitu, erritmorik ere ez neukan eta… Zaparroa nintzenean bi hilabete inguru Luisen saloian ibilitakoa naiz dantzak ikasten. Baina dantzan sekula ez dut egin inon, hala ere,  dantzari jantzita badaude argazki bi. Etxean ditut. Abanderatua izan nintzen Arrasateko Euskal Jaietan behin.

Siempreviva loreak non du jatorria?

Ziur esaterik ez daukat. Baina gordetzen den argazki zaharrenetako baten, Berrizko dantzari batena da,  eta siempreviva dauka paparrean. Dantzari zaharrek siempreviva dantzarien lorea dela esaten zuten, sikatuta dagoen lorea izan arren beti bizi dagoen lorea.

Neska ezpatadantzariak…

Puff!!! Iritzi pertsonala bai, publiko egiteko gogo gutxi. Errealitatea zein izango den? Gero eta gehiago ikusiko ditugula.  Gauza naturala izan behar da, ez borroka sozial baten frontea. Zoritzarrez horri buruz berba egiten du folkloretik kanpoko jende askok beste borroka bat tarteko dela. Neska ezpatadantzariak bai, futbolean ekipo mixtoak  ere bai. Kirolean gaztetan neska eta mutilak talde ezberdinetan banantzen dituzte. Inork gutxik protestatzen du. Kontraesan asko dago.

Jon Irazabal IBAN GORRITI 1

Jon Irazabal Gerediaga elkarteko lokalean. | ARGAZKIA | Iban Gorriti

Bederatzi talde batu da aurten Durangaldeko Ezpatadantzari Egunean. Asko ala gutxi dira?

Niretzat gutxi. Igual ez dugu asmatzen datarekin. Abadiñoko talde bat ez egotea zapatuko jaian pena da. Uste dut, Durangaldeko dantza taldeek hausnarketa egin behar dutela. Azken hamar urteetan jaia domekatik zapatura pasatzea  arrakastatsua izan zen. Baina berriro behera egin du. Kalitateak berak ere bai. Hor bada kontu bat: jendeak entsaiatu arren gero ez badauka non erakutsi dantza horiek… azkenean ilusioa, gogoa galdu egiten dira.

Galtzen doa, orduan, Ezpatadantzarien auspoa Durangaldean?

Zikloka doa. 1886an Euskal Jaiak egin ziren Durangon eta D’Abbadiek aipatzen zuen Berriz, Garai eta Iurretan bakarrik zeudela dantza taldeak. Galtzear zeudela. Gero, XX. Mende hasieran abertzaletasunaren susperraldi batek indartu zituen.

Bati baino gehiago entzun diot kalitatearena. Arduratzekoa da?

Zoritxarrez ezpatadantzarien kalitatea galtzen ari da. Entsaioak beharrezkoak dira, dantza sentitzea, zergaitik dantzan egiten duzun ulertzea, erritualaren parte zarela jakitea, …. Hankak halamoduz altxatu, pare ba erramillete egin eta hiru lau buelta ematea ez da nahikoa.  Futbolarekin berriro konparatuta, futbol talde batek zenbat eta gehiago entrenatu talde moduan eta banaka ere kalitate hobea erakutsiko du. Dntzariek berdin.

Beraz formula da entsaiatu eta entsaiatu egitea da.

Baina dantzariak ez badu ikusten entsaioen ostean plazarik, edota bere abilidadea erakusteko ilusiorik ez badauka nonbaiten, alferrik gabiltza. Egiten duen esfortzuari zentzua aurkitu behar dio.

Konpromisoan ipintea izango da, baina zein ezpatadantzari aukeratuko zenuke Durangaldean?

Barre ere egingo du batek baino gehiagok: Joseba Agirre “Iketza”. Lehengusua da eta beti eztabaidan ibili gara eta gabiltza. Baina berak ezpatadantza bizi izan duen moduan gutxi daude: dantzaria izan da, maisua, taldeko arduradun, Dantzari dantzako pausuak ulertzen saiatzen zen, zentzua aurkitu nahi izaten zien, hobetzeko ahaleginak egin, dantzari zaharragoekin eztabaidatu… jakin badakit etxean bakarrik ere entsaiatzen zuela. Dantzarekin horrelako hartuemana izateak gero islada zeukan plazan, eta dantzari bat aukeratzekotan bera.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: , ,

Bilatu