GUTUNA · Jai herrikoien alde, txosnagune finko bat!

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Atzo ataratako argazkia Pinondo parkean.

Durangoko Txosna Batzordea

Urtero legez, udazkenarekin batera heltzear daude San Faustoak gure herrira. Eta aurten ere, Durangoko Txosna Batzordeko kideok buru-belarri dihardugu lanean jai eredu herrikoi baten alde.

Izaera ezberdinetako 14 eragilek hilabeteak daramatzagu elkarlanean herritarron artean, herritarrontzako jaiak antolatzeko helburuarekin. Aurtengoan udaletxeak txosna gunea Landakoko Erakustazokan kokatzea erabaki du. Txosna Batzordeak prentsatik izan zuen honen berri, jaiak hasteko hiru hilabete eskasen faltan. Horregatik, txosnen kokagunea erabakitzeko udaletxeak gurekin kontatu ez izana salatu genuen batetik, eta erabakia berandu hartu izana bestetik. Izan ere, azken orduan txosna gune berri honetara egokitzeko antolaketa aldaketak esfortzu eta lan handia suposatu digu. Hala ere, oztopoak oztopo, egitarau zabal eta txukuna antolatzen saiatu gara aurtengo jaietarako, eta etorkizunera begira, udalak gurekin batera txosna gune finko bat adosteko prozesu bat abiatuko dugu. Beharrezko ikusten dugu aukera desberdinak aztertu eta herritarron mesedetan, toki egokiena aukeratzeko elkarrizketa bideak zabaltzea.

Esan bezala, herritarron gehiengoarentzako jaiak antolatzen ahalegindu gara. Horretarako, txosnak espazio ezberdinetan zatituko dira; kanpoaldean sukalde zerbitzua izango duen karpa, barrak eta eszenatoki bat kokatuko dira, eta erakustazoka barrualdea hiru gunez osatuko da, estilo ezberdinetako kontzertu eta musika uztartuz.

Ixteko arriskuan dagoen Intxaurre Elkartearen eskutik emango diegu hasiera jaiei, eta adin eta gustu ezberdinetarako ekintzak izango dira gau zein egun. Umeentzako sorkuntza eta sukaldaritza tailerrak, puzgarriak eta ipuin kontalariak egongo dira besteak beste. Urteetako ohiturei jarraiki, tortilla eta paella txapelketa, haragi-erre dastaketa edo erreka jaitsiera ere ez dira faltako. Gazte egunean bazkaria, olinpiadak eta kontzertuak izango dira, eta mozorro egunean jaietan ere urrun direnekin gogoratzeko elkartasun bazkaria egingo da. Durangaldeko bertsolariak eta trikitilariak ere izango dira txosnetan, eta inguruko musikarien eskutik jam sessiona antolatuko da. Kontzertuei dagokienez, denetariko musikaz gozatzeko aukera izango dugu; Los Zopilotes Txirriaus, The Riff Truckers, La Jodedera,… bezalako taldeak etorriko dira. Ordu txikietan DJ ugari(Las Tea Party eta Bad Sound System, adibidez) zein erromeriak (Luhartz) egongo dira, baina iluntzeetan musika lasaiagoa ere entzungo dugu (Anari, Gorantz Erori…).

Amaitu aurretik, azpimarratu nahi dugu txosna gunean ez dela eraso sexistarik onartuko. Besterik gabe, Durangoko zein inguruko herrietako herritarrak San Faustoetan txosnetara hurbildu eta ekintzetan parte hartzera gonbidatzen ditugu, denon artean jai eredu herrikoia sortzera bidean.

Gora San Fausto! Gora Pantxike!

Jai Herrikoien alde, txosnagune finko bat!

Egitaraua_2012

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.