BIDEOA · Ibilaldia 2016 Dagigun! Durango martxan da jada

MAITE

Maite Lamadrid

Abenduaren 4an Ibaizabal eta Kurutziaga ikastolek aurkezpen-ekitaldia egin zuten Landakon. Jende ugari bildu zen hara, 750 bat lagun, eta, datorren urteko ibilaldiaren lehen pausoa emanez, mosaiko erraldoi bat eratu zuten guztien artean.

Ibilaldia

Argazkia · Ibilaldia 2016

Ibilaldia 2016 Dagigun! Durangok lehen pausoa eman zuen. Bi ikastoletatik abiatuta, herriarekin bat eginez, musika eta giro alai eta euskaldun batean, kalejiran abiatu ziren Landako gunean guztiak elkartu arte. Bertan, 750 lagunek mosaiko bat eratu zuten, munduari ibiladiarekin bat egiteko eskua luzatuta.

Durangoko Azokaren ateak irekiaz batera egin zen Ibilaldiaren aurkezpen ofiziala. Abagune ezin hobea, beraz, Durangon, euskal kulturan murgilduta, euskaltzaleekin eta euskararekin berarekin bat eginda, azken batean, Durangoko Azoka bera ere, orain dela 50 urte jaio baitzen ikastolen mugimenduarekin batera.

· Euskal mugimendua · Ibilaldi ezberdina, bizia, dinamikoa, berria izango da 2016koa. Egun soil bateko ohiko jaialditik harago joanda, urte guztian zehar egingo dira era askotako jardun eta ekintzak, euskara, euskal kultura eta euskal mugimendua beti ardatz direla. Guraso, irakasle eta ikasleak (ikasle ohiak ere bai) elkarlanean arituko dira era askotako jardunak egiten. Ikastolen sorrera-garaiak berreskuratu eta gogora ekarrita, berriro atzera egin, lehengo ibilaldietara jo, eta ibilbidea egiteko ilusioa berreskuratzea da asmoa.

Ikastolek arlo pedagogikoan izan duten aitzindaritzari eusteko, funtsezkoa da proiektu berriak finantzatu ahal izatea. Ildo horretatik, ibilaldian biltzen den dirua Ibaizabal ikastolaren eraikin berria ordaintzeko eta Kurutziaga ikastolako Haur Hezkuntzako eraikina berrizteko erabiliko da. Bide horretan aurrera egin behar dugu beti, ametsak egi bihurtzeko, etorkizun euskalduna bermatzeko eta euskal giroa eraikitzeko.

· Dagigun! Leloa · Durangon antolatuko den laugarren edizioa izango da, baina, oraingo honetan, Ibaizabal eta kurutziaga ikastolek elkarrekin egingo dute ibilaldiaren ibilbidea. Dagigun! Izango da leloa, hitz bakar batean, indarrez eta adorez betea, sustatzailea, bestelakoa. Egin dagigun!, Sortu dagigun! Eraiki dagigun! Beharrezkoa da guztion elkarlana ikastolen jatorrizko proiektuak etorkizunean fruituak eman ditzan. Gaurko ametsa biharko errealitate bihurtu dagigun! Zoriona, bizipoza… hedatu Dagigun!

Ibaizabal eta Kurutziaga ikastolek egin duten bideo honetan ikusgai lehena, oraina eta etorkizuna

Mosaikoa from Ibilaldia Elkartea on Vimeo. Autoreak · Antton Aldekoa, Miren Sanz, Gorka Barruetabeña, Peru Arrasate eta Borja Relaño.

Eskerrak eman behar dizkiogu EiTBri, Durangon izan diren aurreko edizioetako irudiak utzi dizkigutelako. Eskerrak, Gerediaga Elkarteari ere, mosaikoaren egunean atxikimendua erakustearren eta Durangoko aire-irudiak emateagatik. Azkenik, Durangoko udalari ere mila esker, eman diguten laguntzagatik.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
.