BIDAIAN · NIEVES PEREZ · Txilaba buruan eta ibili munduan (Maroko)

Nieves

Nieves Perez

Tarifatik Tangerrera heldu, txipa aldatu eta munduaz gozatzea gure muga bakarra. Aurreiritzi asko genituen, baina gehienetan gertatzen den bezala, errealitatearekin ez zuen zer ikusirik; bai ‘txarrerako” baita “onerako” ere. Medinatik galtzea bere xarma dauka, dendarien “eraso” hori, bertakoekin berbetan hasteko aukera ezin hobea da eta hormetako kolore biziak, biziagoak ikusten dira ezagutzeko gogoa piztua daukazunean.

Azkar ezagutu genuen Mohamed, 23 urteko mutiko bat. Berari ezker Medinako kantoi guztiak ezagutu eta ulertu genituen, lehenengo tea hartu genuen eta afaltzeko gomendio bikaina eman zigun.

Bertako autobusekin lehenengo kontaktua. Chefchaouen gure hurrengo geltokia. Motxila hartu eta aldapa gora alde zaharra aurkitu arte. Hirugarren egunerarte ezin izan genuen erdigunetik irten, euriak ez zigun laguntzen. Apenas15 minutu menditik gora abiatu eta Chefchaouen osoa ikusi ahal izan genuen; hiri urdina, hiri alaia, hiri xarmanta! Bertan eguzkia nola ezkutatzen zen ikusi genuen eta bakea izan zen sentitu genuen bakarra. “Hurrengo arte” batekin agurtu ginen kaleetako dendari eta ostalari guztiekin, egun gutxi baina denek ezagutzen gintuen jadanik; ” la vasca y la sevillana”.

12894499_10153385828051691_1629590696_o

Chefchaouen-etik Fes-era. Bost orduko ibilbidea, paraje ezin hobeak: mendiak, aintzirak, landak, lautadak, herri txikiak, herri galduak, olibondoak, laranjondoak, artaldeak, andre-gizonak astoekin lurra lantzen, umeak eskolarako bidean… Eta Feserako sarreran polizia kontrola eta guzti.

Fes. “Grande ville, ríen a voir” -hiri handiak, ezer ez ikusteko- esan ziguten hona abiatu baino lehen. Arrazoia ezin diogu eman; Marruekoseko Medina handienari ezin dizkiogu meriturik kendu. Baina ostatura inoiz baino nekatuagoak heltzen ginela esan beharra daukagu; dendarien saltzeko premia eta gure zuhurtasuna ez bai ziren oso ondo konpontzen. Hala eta guztiz ere, “kurtidoreetan” larrua nola lantzen eta tindatzen duten ikusteko aukera ezin hobea izan genuen, baita alfonbrak nola egiten dituzten ere.

12896376_10153385828201691_1634249049_o

Zoramenetik lasaitasun osora, Fesetik desertura!!

Gaua osoa autobus batean igaro eta goizeko 5:30etan Merzougan ginen. Hortik hotelera, eta 4 ordu pausatu eta gero, desertuaz gozatzeko prest!

Hiru egun igaro genituen bertan eta sentitutakoa adierazi ezina da. Jaimaren kanpoaldean etzanda, zerua izarrez josia ikustea eta bat batean desio bat eskatu ahal izatea, izarrak gure gainean erortzen zirelako, ez du presiorik. Mirestekoa da bereber kultura. Beste senide bat bezala sentiaraztea lortu zuten. Haien begiradek hainbeste transmititzen dute eta haien irribarreak hainbeste alaitu…

12887350_10153385829296691_1221207899_o

Oroitzapen ahaztezina, afaldu osteko tertulia batean, “yembeak” hartu eta inprobisatzen hasi ginenean izan zen. Alboan bertako familia bat zegoen; ama, aita eta hiru alabatxoak; 9, 5 eta 2 urtekoak. Hasieran lotsatuak ziren, baina apurka gerturatu, instrumentuak elkar banatu eta bidaiako momenturik politena sortu genuen. Momenturik politena 6 emakumeen artean, aita irribarre batekin bere lekuan geratu zelako. Momenturik politena holako herrialde batean, non emakumearen presentzia egunerokotasunean hain eskasa den. Edade ezberdineko emakumeak ginen, kultura ezberdinekoak, hizkuntza ezberdinekin… Baina, musika, giroa, berotasuna eta alaitasun unibertsala sortu genuen, eta harro nago.

Alaba nagusiak zapia buruan jantzia zuen jadanik, oso azkarra zen eta erritmoarekin batera erdararaz 10erarte zenbatzen erakatsi nion. Ertainak, ostera, bihurri aurpegia zuen eta yenbearekin amaren trebetasuna jaso zuela ikusten zitzaion. Txikitxoa elementu bat zen, bere airera zebilen aldakak eta besoak olatuak bezala mugitzen.
Beste hain beste momentu igaro eta gero, desertuaz agurtzeko eguna heldu zen. Penaz baina hurrengo batean itzultzeko itxaropenaz joan ginen.

Tinghir hurrengo helmuga, Gorge de Toudra famatua ikusteko. Ikaratuak geunden herrialde honen paisai aldaketekin. Oraingoan palmerak eta adobezko etxe zoragarriak. Erreka besterik ez genuen jarraitu behar izan, andreak eta gizonezkoak astoekin uraren bila joaten eta baratza lantzen ikusi genituen bitartean. Pare bat ordu ibili ondoren mendi-zintzurraren bihotzera heldu ginen. Gora begira eta sekulako harkaitzak ikusten genituen, haien atzean familia nomadak bizi direla kontatu ziguten.

Hurrengo egunean jaiki, martxoak 8, emakumearen eguna. Hara gure ikara!!! Ouazarzateruntz gindoazela autobusa abiadura moteldu behar izan zuen; emakumezkoen manifestazio bat errepide erdian!!! Poztasun berezi bat piztu zitzaidan. Bagarelako mundu osoan zehar, edozein kantoian, gure askatasunaren bila amesten eta borrokatzen dugun emakumeok; burka buruan, motxila lepoan, zartagina eskuan, liburua begi aurrean edota umea bularrean daramagula.

Kilometroak eta kilometroak igaro genituen Ouarzazatera heltzeko. Momentu oro, gure eskuinaldean, Atlaseko mendikatea elurtua ikusten genuen, ezkerraldean, berriz, oasiren bat agertzen zitzaigun. Aït Ben Haddoura joatea gomendatu zigun taxilari batek. Legezko tratua egin eta gero berekin joan ginen, errepideen egoera dela eta bertatik ez direlako autobusak pasatzen. Momentua aprobetxatuz, bere lehengusuaren ostatuaren aurrean aparkatu zuen. Kasbahera joateko zubiaren ondoan zegoenez eta lo egiteko basikoa zuenez, han ostatu ginen.

Bertan Hollywood-eko pelikula asko grabatu izan dira, baina ez da horregatik bakarrik gustatu zitzaigula zonalde hura. Adobezko etxeak eta gazteluak, inguruko herrietara oinazean joatea, oasiren bat eta bertako bizimodua lasaitasun osoz ikustea da gehien gustatu zitzaiguna. Gainera txakur bat denbora luzez gurekin etorri zen eta horrek beti pozten du!

12887329_10153385829366691_923279720_o

Hurrengo egunean Marrakechera!! Arin ohitzen gara lasaitasunera, eta kaosera itzultzea beldur pixka bat ematen zigun. Bizitzaren egoera guztiak bezala, dena buruan dagoela diote, eta horrela da, asko gustatu zitzaigulako Marrakech!
Hara heltzeko 180km soilik genituen, baina a zelako ibilbidea! Atlas mendikatea zeharkatzeko beste lau pertsonekin taxia partekatu genuen. Paisaia paregabea izan zen; portua gora eta portua behera, elurra gure aldamenean eta, lantzean behin, artaldeei errepidea gurutzatzen utzi behar izan genien.

Lau ordu eta gero, azkenean heldu ginen! Hiri modernoa, irekiagoa eta Jamaa Efna plaza delakoan, festa aseguratua! Laranjazko zuku merkeak kantoi guztietan, suge-sorgintzaileak lurrean eserita, tximinoak pardelekin jabeak baino zentzudunagoak, eta emakumeak gorputz guztia hennaz tindatzeko prest! Denek turistei dirhamren bat edo beste ateratzeko irrikan.
Bertan hiru egun eman genituen, badirelako gauza asko ikusteko. Bide batez, Medinatik galdu eta bidaiaren “derrigorrezko” erosketak egiteko aprobetxatu genuen, tratuak egiteko abilezia adierazi ere.

12887301_10153385830486691_767796043_o

Domekan Essaouirara heltzea zortea izan zen, umeak eskola barik zeuden eta herriaren benetazko bizimodua ikusi ahal izan genuen, gainera, turisten aroa oraindik  ez zen eta plazera ematen zuen herritik ibiltzea. Hondartza bertako familiekin beteta zegoen, neska mutilak are-artean pilotarekin saltoka, gazteluak eraikitzen, futbol partidak oinutsik jolasten, urrunean dromedarioak edota zaldiak turistaren bat paseatzen eta surf-eroren bat olatuak hartzen.

Essaouira, benatan leku polita deskonektatzeko. Arrain freskoa portu parean erosteko eta gure aurrean sukaldatzeko aukera ezin hobea zegoen bertan. Medina txikia da, eta bertako dendariak lasaiagoak dira. Dendatxo interesgarriak aurkitu genituen bertan, bereber batzuena adibidez, haien eta gure istorioak kontatzen tea hartzera gonbidatu ziguten eta haiek emandako harriekin koilare bat egiteko aukera eman ziguten. Bidaiaren amaierarako asko ez zenez geratzen, botikak eta nire mendiko zapatila zaharrak oparitu genizkien; urte askotarako desertuan!

12887405_10153385831341691_2121989466_o

Hiru astetxo eta gero, pena handiaz, bidaiaren azkenengo geltokia heldu zen; Asilah. Erreza ez zen izan. 12 ordu autobus batean sartuta, autobus lokala, merkeena noski, eta gu bertan, bi atzerritar bakarrak. Komunikatzeko oso zaila, ez espainolik ezta frantsesik ere. Txoferrak zer edo zer esan guran baina adierazteko hitzik ezin aurkitu. “Tetouan” eta “kotxe” bakarrik esaten zuen eskuekin seinaleren bat egiten zuelarik. Gure burutik mila gauza pasatu ziren, politena: Tetouanen botata utziko gintuela naiz eta guk, Asilahrarte txartela erosi. Ez ginen asko arduratu, egunez heldu behar ginen eta zer edo zer aurkituko genuelako. Modu batera edo bestera loak hartu genuen, albokoaren zurrungak lasaitu zirenean, agian.

Halako batean txoferrak itzartu eta autobusetik jaisteko esan zigun. Guk kasu. Gizon batek gure maletak hartu eta beste autobus batean sartu zituen. Gu jarraitu. Goizeko 6:30ak ziren, errepideko kartelak Larachen ginela esaten zuten. Mapa zabaldu eta herri hori bilatu genuen. Hara gure poztasuna! Kostako herri bat zen eta ordu bete  eskas falta zen Asilahra heltzeko! Ez gintuen Tetouanen botata utzi!

12915005_10153385830001691_598952097_o

7:30etan heldu, taxia hartu eta ostatu batera eramateko esan genion. 18 urterekin, genuen bizkarreko mina ez genuen edukiko… 8retan gosaltzen, ez genuen sinesten, dena bikain atera zitzaigun.
Indarrak hartu genituenean herria ezagutzera irten ginen. Egondako herririk trankilena eta giro herrikoiena zuena zen. 5etan umeak eskolatik irteten ziren eta Medinako kaleak alaitasunez betetzen zituzten. Ordu horretatik aurrera kaleak jendetsuagoak ikusten ziren eta 6:30etarako mundu guztia itsasora hurbiltzen zen eguzkia nola sartzen zen ikustera. Bertan bi egun eman genituen, hondartzaz aprobetxatzeko aukera izan genuen. Marruekosetik agurtzeko modu ezin hobea!

21 egun eta gero, azkenengo iratzargailua, azkenengo gosaria eta azkenengo autobusa Marruekosen. Goizeko 9retan ferrya hartzen ari ginen Tarifara biderantz.

Ez dakit zelan amaitu hau, egia esan, ez dut amaitu nahi. Idazten hasi nintzenean nuen ziurgabetasuna, egun, nostalgia bihurtu delako.

* Nieves Perez (Berriz, 1989) fisioterapeuta da

12443334_10153385829461691_1300638106_o 12887370_10153385830976691_1637450350_o 12896368_10153385837561691_850520844_o 12896397_10153385828621691_298408075_o 12896481_10153385828871691_1741949770_o 12903418_10153385828981691_1085999963_o 12903590_10153385830386691_2134141265_o 12903677_10153385829026691_1921914547_o 12903791_10153385829266691_1158272201_o 12904024_10153385828936691_1360764078_o 12914735_10153385828171691_870035220_o 12914894_10153385830161691_409385089_o 12915107_10153385831216691_490605017_o 12919323_10153385830101691_1636242021_o 12919422_10153385830261691_586097082_o 12921868_10153385829556691_601158405_o

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: , , , , , ,