ECO

Naturarekiko sentsibilizazioa izpide Elorrioko Aste Berdean

ECOMugalari

Ekainaren 5a ‘Ingurumenaren Nazioarteko Eguna’ dela baliatuz, ekintza ezberdinak burutuko dira  iraunkortasunarekin eta berdintasunarekin lotutako gaien inguruan.

Elorrioko Udalak, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, ingurumenaren errespetuan oinarritutako ‘Aste Berdea’ antolatu du hurrengo egunetarako. Ekainaren 1ean hasi eta hilabete bereko 11ra arte, “herriko txikienek zein nagusienek naturarekiko sentsibilizazioa zein kontzientziazioa landuko dute hainbat ekimen, hitzaldi zein jardunaldiren bitartez”, udal ordezkariek azaldu dutenez.

Nahiz eta ekimen jendetsuenak asteburuan ospatuko diren, ekainaren 1ean emango zaio hasiera programazioari, Arantza Royuelak eskainiko duen ‘Liztor Asiarra: inbasioari aurre egitearen garrantzia’ hitzaldiarekin. Royuelak zuzenduko duen berbaldia 19:00etan hasiko da Iturri Kultur Etxeko Bekoerrota aretoan, eta, ekimen guztiak bezala, dohainezkoa izango da.

Hurrengo egunean, ekainaren 2an, elorriar gazteenek olioaren birziklapenaren inguruko hitzaldia izango dute entzungai dagozkien ikastetxeetan. Arratsaldean, berriz, Mikel Amiano eta Joseba Salazar adituek eraikuntza ekoeraginkorraren inguruko hitzaldia eskainiko dute Iturri Kultur Etxean, arratsaldeko zazpietan.

ASTE BERDEA buletina-1

· Buzkantz kaleko lursailaren ate irekiera · Ekainaren 3an, ‘Ingurumenaren aldeko konpromiso baten truke’ konposta eta tomate landareak banatuko dira herriko plazan goizeko hamarretatik aurrera. “Ingurumenarekin lotutako gaien inguruan informazioa zabaltzea, arazo konkretuak azaltzea, ekimen berriak ezagutaraztea edota kuriositatea eta errespetua piztea da ekimen guzti hauen helburua”, adierazi du Iruntza de Castro Elorrioko Udaleko Ingurumen teknikariak. Arratsaldean, berriz, autoak partekatzeko ‘Lagunkar’ ekimenaren berri emango du Iker Maguregi adituak.

Larunbatean udaletxe atzealdean dagoen Buzkantz kaleko lursaila bisitatzeko aukera izango da egun guztian zehar. Udal ordezkariek garrantzia eman nahi izan diote ekimen honi, “alde batetik herriarentzat gune berde handia zabaltzeko asmoa dagoelako herri-gunean bertan, eta, bestetik, ez delako edonola egingo, baizik eta jendearen zein taldeen iritzi eta proposamenak kontutan hartuz”.

Lursaila bisitatzeaz batera, Udalak eremu horretarako egingo duen proposamena ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Era berean, herritarrek ideia zein iritzi berriak helarazi ahalko dizkiete udal ordezkariei, egun berean hasi eta ekainaren bukaerara arte udaletxean izango den postontzi baten bitartez. Bestalde, eguraldiak lagunduko balu, naturarekiko iraunkorrak diren jolasak antolatu dira lursailean bertan, 11:30etik 14:30era bitartean. Euria balitz, berriz, kiroldegian egingo lirateke.

· Berdintasuna eta Ingurumena, loturik · Igandean, ekainaren 5ean, herriko Naturbideetatik ibilaldia antolatu dute Erdella Mendi Taldeak, laguntzeko prest agertu den herritar talde batek eta Elorrioko Udalak. Elkarlekua herriko plazan izango da, goizeko hamarretan, eta egun horretan batzen den jendearen arabera talde ezberdinak egingo dira. “Helburua, hala ere, ingurune hain politetan paseatzeak ematen duen plazerraz gain, ibilbide horiek hobetzeko proposamenak jasotzea da. Non beharko litzatekeen seinale gehiago jendea ez galtzeko, non ondarea azaltzeko panelak, ibilbideko zuloak konpondu…. Edo jendeak ekar ditzakeen bestelako proposamenak”, azaldu du Ingurumen teknikariak.

Udalaren Berdintasun arlotik ere beren ekarpena egingo diote ‘Aste Berdea’ri. Izan ere, “Ortu agroekologikoa nola eraiki feminismotik” ikastaroa antolatu dute. Esti Redondok, Elikadura Burujabetzaren aldeko mugimenduaren partaideak, zuzenduko du ikastaroa ekainaren 6tik 11ra bitartean, eta bertan feminismoa eta agroekologia nola uztartu irakatsiko du. Ikastaroa euskaraz izango da eta Iturri Kultur Etxean burutuko da. Izena emateko genero.teknikaria@elorrio.eus helbidera idatzi edo 94 658 27 12 telefono zenbakira deitu beharko da.

 

MARISTAK

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: ,