Osteguna,
2024ko Apirilak18

MugaKultura

loader-image
Durango
11:26 pm,
temperature icon 9°C
Humidity 90 %
Ráfagas de viento: 2 Km/h

Astola aldizkariak 10 urte bete ditu Durangaldeko historia eta ikerketak zabaltzen

Testua · Gerediaga Elkartea

Hamar urte pasatu diren arren, hasierako helburuari eusten dio Astola urtekariak. Durangaldeari buruzko ikerketa gaiak eta historia aldizkari baten biltzea, baina “adituen” arlotik atera eta edonork ulertzeko moduan landuz eta erakutsiz. 10. Zenbakia ere mamitsu dator.


10 urteko ibilbidean 100 erreportaje inguru argitaratu dira eta gaiak danetarikoak izan dira. Durangaldetik atera barik, historiaz berba egin dute, arteaz, folkloreaz, arkitekturaz, planifikazio zein azpiegituraz, musikaz, gizarte arazoez…

Gaur egun, aldizkaria autofinantziatu egiten dela azpimarratzen da, izan ere dirulaguntza kontzeptuan jasotzen dena proiektuaren %4,5 baino ez da. Horregaitik, irakurleei eta aldizkariaren erosleen fideltasuna goraipatzen dute sustatzaileek.

· 10. ZENBAKIA ·

160 orrialdetako aldizkaria da aurtengoa. Durangaldeko liburudenda eta papertegietan eta Gerediaga elkartearen bulegoan salgai izango da 5 eurotan.

Astola10 trena

NORAZKO BI DITUEN TRENA

Durangon, trena lurperatzeko lanak orain dela hiru urte eta erdi amaitu ziren. Hiriko mugikortasun arazoak murriztu baziren ere, oraindik ez da hasierako proiektua erabat garatu. Marta Aranbarri kazetariak trena lurperatzeko egitasmoaz lan zabala egin du eta sorrera, bilakaera eta gaur egungo egoera ulertzeko ertzak landu ditu. Besteak beste, Igor Zorrakin Durangoko udal arkitektuari eta Hodei Zenikaonandia arkitektu-aholkulariari elkarrizketa bana egin die. Trena Durangon lurperatzeko asmoa unibertsitatean ere aztergai izan da. Horren adibide, Milia Zabala eta Eneritz Trigueros arkitektuen karrera amaierako proiektuak dira.

HUMBOLT GURE ARTEAN

1801. urtean Euskal Herrira egindako bidaian Durangaldeko hainbat leku bisitatu zituen Karl Wilhelm von Humboldt aristokrata prusiarrak. “Mendi artean ezkutatuta, Mendebaldeko Pirinioen bi aldeetan, mendeetan zehar bere hizkuntza zaharra kontserbatu duen herria bizi da” idatzia utzi zuen bere eskuizkribuetako baten. Jose Mari Uriarte historiazaleak Durangaldeko bisitaren berri jaso du.

DURANGALDEKO PAISAIA INDUSTRIALA
Amaia Martinez Matia Historian doktoreak paisaia industrialei kultur-ondare izaera aitortzen die eta horren aldarrikapena egiten du. Durangaldeko ekonomiaren oinarri industria da, nahiz eta eskualdean nekazaritzak eta abeltzaintzak erro esanguratsuak izan. Azken urteetan zerbitzuetara lotuta dagoen ekonomiak ere hazkunde nabarmena izan du. Industria jarduerak beti izan du ikuspegi ezezkorra paisaian eragina izaten duelako. Horregaitik, kultur ondarea ere badirela azpimarratzea eginkizun zaila da.

Astola10 funcor

ANBOTOKO HEREJEAK

XV. mendearen erdialdera, Durangon mugimendu erlijioso heterodoxo bat agertu zen, izaera milenarista zuena eta “Anbotoko herejeak” bezala ezagutzen zena. Mugimendu honen aurkako errepresioak, 1441 eta 1454 urteen artean autoritate zibilaren zein eliz agintaritzaren esanetara burutu zen. 70 pertsonatik gora erre zituzten. Ander Berrojalbiz historiazaleak gaia ikertu du azken urteetan. Pamiela argitaletxearekin liburua argitaratu du eta Durangoko Arte eta Historia Museoan erakusketa izan du ekainean.

ELORRIOKO ESKOLA ESPERIMENTALA
Mikel Onandia arte historiagileak 60 hamarkadaren erdialdean, Elorrion burutu zen hezkuntza proiektu aintzindari baten kronika egindu. Jose Antonio Sistiaga, Esther Ferrer eta Jorge Oteiza artista plastikoen eskutik, abangoardiako eskola esperimentala abian ipini zen. Ibilbide laburra izan zuen, baina.

DURANGOKO PLATERUAK
Antton Mari Aldekoa-Otalorak Durangoko Plateruak hobeto ezagutzeko lana dakar. Antonio eta Juan Cruz de la Fuente Bolanjero 1757 eta 1760 urteetan jaiotako anaiak ziren. Aitaren ofizioan, zilargintzan, arituak kopla-bertsotan ere zorrotz ibilitakoak ziren. Tartean gabon garaian etxeko askotan abesten den “Ator ator mutil” eurena da.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu