Osteguna,
2024ko Apirilak25

MugaKultura

loader-image
Durango
2:34 pm,
temperature icon 14°C
Humidity 59 %
Ráfagas de viento: 12 Km/h

THE VAN: «Gurea sentitzen dugun musika sortu nahi dugu»

Iratxe GAztañaga

Iratxe Gaztañaga

Durangaldeko The Van taldea Zornotzako Udalak antolatutako maketa lehiaketako finalean izango da ostiral honetan. Besteak beste, rock klasikoa, blues-a eta southern rock-a uztartzen dituzte, sormena oinarri, berezko estilo freskoaz. Lokalean, eta gazteon hitzetan, musikarekiko grina arnasten da.

THE VAN 1

The Van zuzenean. · PHOTO · Asier 717

Hasteko, zorionak! Zornotzako maketa lehiaketaren finalera heldu zarete. Nolakoa izan da esperientzia?

Maketa lehiaketara aurkeztea helburu bezala hartu genuen 2016ko hasieran, eta horretarako hiru kanta sortu eta grabatu genituen. Bagenekien talde asko aurkezten zirela, eta beraz sorpresa handiz hartu dugu finalean jotzeko txartela. Ostiral honetan izango den finalerako azken ukituak egiten gabiltza, moldapen batzuk eta kanta berriren bat sartzeko asmoz.

The Van taldea berriki agertutako proiektu bezala aurkezten duzue, baina zuen ibilbidea aspaldi hasi zen.

Hala da, bai. 2012ko udan bildu ginen lehenengo aldiz, eta konturatu orduko gustuko genituen musika taldeen zenbait kanta prestatuak genituen.  Monkday izena jarri genion talde horri eta bertsio talde gisa aurkeztu genuen. Kantak 60 eta 70eko hamarkadetako talde ingelesenak ziren batez ere, eta, musikaz gozatzeaz gain taldearen soinua hobetzeko eta beste hainbat aspektu fintzeko tresna ezin hobea bilakatu zen.

Nola izan da bertsioak jotzetik errepertorio propioa sortzerako prozesua?

Monkday taldearekin izandako esperientziek asko elikatu gaituzte musikari eta talde bezala. Durangoko kafe antzokian antolatutako Greatest Hits ekitaldian parte hartu genuen, adibidez, Rolling Stones talde mitikoaren kantak jotzen. Ekitaldiak, kontzertuak eta batez ere elkarrekin musika entzuten eta jotzen emandako orduak ezinbestez eraman gaituzte gaur bizitzen ari garen momentura; iaz, gure kanta propioak egiteko garaia bazela sentitu genuen, eta proposamen horretatik jaio zen The Van.

Aldaketa horrek ikuspuntu ezberdin bat ekarri du berarekin, maketa bat grabatzeko helburuaz gain gurea sentitzen dugun musika eta taldea osatzearena, ideia propioak jorratuz eta kreatibitateari garrantzia emanez.

Zornotzako maketa lehiaketara aurkezteko beharrezko hiru kantaz gain, ba al duzue gehiagorik? Disko bat ateratzea aurreikusi duzue?

Horretan gabiltza! Momentuz hiru kanta ditugu grabatuta, baina badaude beste horrenbeste grabatzeko zain. Epe laburrera maketa bat ateratzea aurreikusten dugu, eta batek daki diskoa laster etorriko den. Esan beharra dago finalak hori baldintzatuko duela, eta irabazteak disko bat ateratzeko aukerak asko zabalduko genizkigukela.

Aukeratzea gauza erraza ez bada ere, musika talde guztiek dituzte haien talde kuttunak, musikalki oinarritzat balio izan zaizkionak alegia.

Ez da batere galdera erraza, batez ere kontuan hartzen badugu bost taldekide garela eta bakoitzak bere zaletasunak dituela. Dena den, guztiok bat egiten dugu zenbait taldetan: The Doors, Rolling Stones, Bob Seger, John Mayall & The Bluesbreakers, Grand Funk Railroad, Hendrix…

image001 (1)

Aurreko galderarekin lotuta, zein estiloren barruan kokatuko zenukete The Van?

Estilo bakarraren barruan sartzekotan rock klasikoaren etiketa aukeratzen dugu. Dena den, estilo askotatik edaten dugu, eta kanta batzuek blues ukitu ukaezina dute, beste batzuek, aldiz, southern rock ukitua… 60-70eko hamarkadetako talde ugariren antzera alegia. Taldea bere osotasunean sailkatzea entzulearen esku dagoela uste dugu; onena norberak entzun eta bere ideia egitea da!

 THE VAN: https://thevan1.bandcamp.com/

Beraz, 60 eta 70eko hamarkadetako talde ingeles zein amerikarren soinua duzue eredu, baina izango da egungo talderen bat ere tartean…

Sheepdogs kanadiarrak edota Dewolff herbereetarrak ditugu gustuko, eta haien kontzertuetara joateko aukera izan dugu berriki. Gertuagoko taldeak aipatzearren, Anaut, Julian Maeso

Nolakoa izaten da kanta bat sortzeko prozesua? Bat-bateko inspirazioaz baliatzen zarete, edo egunak edota asteak behar dituen zerbait da?

Bat-bateko inspirazioa izaten da kantaren ideia nagusia sortzerako orduan lagungarriena, batez ere entseguetako inprobisazioak. Ondoren ideia horretan zentratu eta findu egiten dugu, gauzak gehituz edota kenduz. Oro har, esan daiteke prozesua luzea dela.

Lehen aipatu duzue zuen kantak entzutea dela onena. Zuen musika entzuteko baduzue plataforma digitalik?

Bai, noski, momentuz hiru kanta ditugu entzungai sare sozialetan eta bandcampen: thevan1.bandcamp.com ; Facebooken: The Van Music ; YouTube: TheVan Music.

The Van taldearekin batera, Incursed bilbotarrak eta 71 madrildarrak izango dira lehian ostiral honetan Zornotzako Zelaieta Zentroan gaueko 23.00tatik aurrera. Aurreko edizioetan, Kilauea, Mockers eta Desore talde ezagunak izan dira sari nagusia jaso duten musika taldeak.   

Publicidad

AMETX

Kultura, euskara eta kirolak

AMETX BANNER LATERAL

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu