Osteguna,
2024ko Apirilak25

MugaKultura

loader-image
Durango
6:07 pm,
temperature icon 12°C
Humidity 85 %
Ráfagas de viento: 15 Km/h

ZABALDUKO DITUGU: «Durangoko Udalak gazteok emantzipatzeko eskainitako baliabideak ez dira nahikoak»

Testua · Zabalduko ditugu

Durangoko gazteok hego Euskal Herriak pairatzen duen krisi ekonomiko soziala pairatzen dugu. Oraingo honetan etxebizitza arloari dagokionez, gazteok osatzen dugun sektore bereziki prekarizatua emantzipatzeko dugun arazoari irtenbidea emateko prest gaude. Horretarako, Udalari zuzentzen gatzaizkio Gazteontzako Alokairu Sozial baten proposamenarekin.

Argi antzeman daitekeen moduan, Udalak gazteok emantzipatzeko eskainitako baliabideak ez dira nahikoak. Alde batetik, gazteontzako diru laguntzak urriak dira, bideratutako aurrekontuak ez du gazteon eskaera asetzen. Eta bestaldetik, alokairu programak praktikan izan duen emaitza ere esanguratsua da oso. Ezin dugu ahaztu ere, gaur egun, Durangon 1.500 baino gehiago direla hutsik dauden etxebizitzak.

Honela izanik, gazteok emantzipatzeko ditugun zailtasunak direla kontuan harturik, duela hilabete batzuk Zabalduko Ditugu taldea sortu genuen, Durangoko gazteriaren egoeraren azterketa egin eta identifikatutako arazoei aurre egiteko helburuarekin.

Sorginola Zabalduko Ditugu

Horregatik, Durangoko Udalari Gazteontzako Alokairu Sozialerako programa bat sortzeko proposamena luzatzen diogu. Hona hemen udal gobernuari luzatzen diogun eskaera:

-Etxebizitza eskubide subjektiboa da, beraz, herritarron ordezkariek hau bermatzeko erantzukizuna dute. Horri erantzuteko etxebizitza parke publiko bat osatu beharko litzateke.

-Gazteriaren lan baldintzak eta baldintza ekonomikoak bereziki txarrak dira. Gazte izate hutsagatik, sektore prekarizatua gara. Hori dela eta, emantzipatzeko zailtasun handiak ditugu.

-Sektore prekarizatua garela kontuan izanda, gazteontzat propio diseinatutako plana behar dugu; gazteon baldintzetara egokitua, eta gure errealitateari erantzuten diona. Finean, gazteoi zuzendutako alokairu soziala martxan jartzea eskatzen dugu.

-Durangoko udalak erantzukizuna du arazo honen aurrean. Erantzukizuna izateaz gain, udalak baliabideak ditu eskatzen dugun proiektua aurrera eramateko:

  1. Udalak hutsik dauden etxebizitzak ditu jabetzan, gazteontzako alokairu sozialera bideratu behar direnak.
  1. Banketxeek ere hainbat etxebizitza huts dituzte Durangon. Udalak erantzukizuna du gazteontzako alokairu sozialera bideratzeko; banketxeekin bitartekari lana egin eta etxebizitzen erabilera-lagatze bat egin dezaten eskatzen dugu, etxe huts hauek ere gazteontzako alokairu sozialera bideratu daitezen. Honela egin izan zen 2009-06-03an, BBK eta Bilboko Udaletxearen arteko hitzarmenaren bidez bankuaren etxebizitzak alokairu sozialera bideratuak izateko Udaletxeak hauen erabilpen esleipena hartu zuen beregain.
  1. Jabetza pribatukoak diren eta hutsik dauden etxebizitzei dagokienez, hauei erabilera ematea erraztu beharko luke Udalak. Horretarako, etxe hutsak alokairu sozialera bideratu daitezen, jabeekin lanketa eta kontzientziazio lana egitea eskatzen dugu, eta jabeen eta gazteon arteko bitartekari lana egitea.

Proposatzen dugun gazteontzako alokairu plana soziala izan dadin, hurrengo baldintzak bete beharko lituzke:

-18-30eko adin tarteko herritarrei bideratua izatea. Lehen aipatu bezala, gazteria sektore bereziki prekarioa delako, eta beraz, plan berezitua behar duelako.

-Planean parte hartuko duten herritarren diru sarrerak 15.000 euro/urteko izatea, gehienez. Beraz, lan kontratua izatea ez da baldintza izango.

-Planean parte hartuko duen gazte bakoitzak, gehienez, 125 euro ordaintzea alokairuagatik.

-Udaleko tekniko batek ziurtatuko du etxebizitzak baldintza egokietan daudela.

-Etxearen baldintzak eta bakoitzean bizi daitekeen bizilagun kopurua, Udaleko teknikoak zehaztea. Zehaztutako kupo edo bizilagun kopuru hau bete egin beharko da.

-Udalak bere jabetzan dituen etxebizitzen alokairutik jasotako dirua, etxebizitza politikan inbertitzea.

Plan hau aurrera eramateko, ezinbestekoa deritzogu honen diseinuan gazteon parte hartzea bermatzea, eta beraz, proiektuaren diseinua udal ordezkariek gazteokin batera burutzea.

Amaitzeko, etxe hutsak jabetzan dituzten herritarrei planean parte hartzeko deialdia luzatzen diegu; etxebizitza hutsen arazoa guztion arazoa baita. Merkatu askean diru gehiago irabazteko aukera dagoela dakigun arren, geure herria eta herritarrekiko konpromisoa erakusteko modua dela uste dugu.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu