Osteguna,
2024ko Martxoak28

MugaKultura

loader-image
Durango
4:10 pm,
temperature icon 17°C
Humidity 59 %
Ráfagas de viento: 64 Km/h

Durangoko Udalak, aurten ere, Arrazismoaren eta Xenofobiaren kontrako Astea antolatu du

Mugalari

Bihar, martxoaren 21a Arraza-diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Durangoko Udalak, aurten ere, Arrazismoaren eta Xenofobiaren kontrako Astea antolatu du. Martxoaren 23tik apirilaren 7ra bitartean izango dira aste berezi horretako ekitaldiak.

Aurten “Klima aldaketa eta migrazioak” izenburua izango du Arrazismoaren kontrako Asteak, eta bere helburua izango da herritarrak sentsibilizatzea eta kontzientziatzea klima aldaketak, ingurumenaren degradazioak eta migrazioek duten elkarreraginaz, eta lotura horrek gizakien kalteberatasunean, giza eskubideengan eta segurtasunean dituen ondorioez.

Nojile-6-1

‘No Jile’ dokumentala.

Gizarte Ongizateko zinegotzi Pilar Riosek nabarmendu duenez, “ekimen honekin beste arraza eta kulturei buruz ditugun aurreiritziak gainditu gura ditugu; eta, horrez gain, migrazio mota honetan jarri gura dugu arreta, historian zehar beti existitu izan bada ere, azkenaldian arazoa larritzen dabilelako gizakiok klima aldaketan dugun eraginagatik”.

“Ingurumen arazoengandik egindako desplazamenduek gure arreta bereganatu behar dute, planetari egindako eraso larriek ondorio dramatikoak eragiten baitituzte pertsona migratzaile horiengan”. Gainera, “arazoaz kontziente izanda, gu baino baldintza txarragoetan bizi diren pertsonekin solidarioak izan gaitezke, eta, era berean, pertsona migratzaileek kulturartekotasunaz eta aniztasunaz aberastuko gaituzte”.

· 30 milioi desplazatu · ACNURek jasotako datuen arabera, 2012an, 30 milioi desplazatu baino gehiago egon ziren hondamendi naturalen ondorioz. Datu horiek gorantz joan daitezke, klima aldaketako ondorioak larritzen doazen heinean. Gaur egungo kalkuluak aintzat hartuta, 2050 urterako, 25 milioi eta 1.000 milioi artean izan daitezke klima aldaketagatik euren herria utzi behar izango duten pertsonak. Agerian dago ondorio humanitario larriak eragiten dituela ingurumen arrazoiengatik sortutako migrazioak.

Migrazioen Nazioarteko Erakundearen iritziz, migrazio mota honek ondorio positibo eta negatiboak dauzka, jatorrizko zein helburuzko lekuetan, migrazioak behin-behinekoak direnean zein iraunkorrak direnean. Gero eta migrazio gehiago egoteak ingurumenaren degradazioa handitzen eragin dezake;  baina mekanismo bat ere bada, biziraupen estrategia bat, desplazatuek zailtasunei aurre egiteko bide bat.

Horregatik, Durangoko Udalak errealitate hau ikusarazi gura du, MNE, IHZN, eta Haurralde Fundazioarekin elkarlanean, egitarau berezi batekin. Martxoaren 23an hasiko dira ekintzak, 19:00etan, Bizenta Mogel Udal Bibliotekan. Bertan, “Bring the Sun Home” dokumentala proiektatuko da, Donostiako Zinema eta Giza Eskubideen Jaialdiko 13.edizioan luzemetrai onenaren saria lortu zuen lana. Filmak hainbat herrialdetako emakumeek osatutako talde baten istorioa kontatzen du; Indiara doaz eguzki-panelak instalatzen ikastera, eta eurentzako eta euren komunitateentzako aukera berriak sortzera.

Martxoaren 30etik apirilaren 7ra, Bizenta Mogel Udal Bibliotekan “Klima aldaketa ulertu eta haren kontra lan egitea” argazki erakusketa izango da ikusgai, IHZN Ingurumen Hezkuntzako Zentro Nazionalak eratutako erakusketa. Argazkien bidez, klima aldaketa fenomenoa ezagutarazi gura da, eta klima aldaketaren kausak, ondorioak, eta fenomenoaren kontra lan egiteko aukerak ere azaltzen ditu erakusketak.

· Dama Urdinak · Martxoaren 30 arratsaldean, “Dama Urdinak” dokumentalaren zine-foruma egingo da. Perun, Cajamarcan urre eta kobredun meategi baten proiektuaren -Conga proiektua- kontra emakumeek antolatutako erresistentzia kontatzen du dokumentalak. Minera Yanacocharen jabegoko meategi hura zabaltzeko baimena eman zuen Peruko gobernuak 2012an, nahiz eta meategiak ingurune horretako ur-baliabideak arrisku bizian jarri. Pelikulako zuzendari Bérengère Sarrazinek proiekzio osteko eztabaidan parte hartuko du.

Astea “Migrazioak, Ingurumena eta Klima Aldaketa” berbaldiarekin amaituko da. Martxoaren 31n izango da hitzaldi hori, 18:30ean, Elkartegian. Victor Mendez izango da hizlaria, Migrazioen Nazioarteko Erakundeko proiektu-arduraduna.

Horrez gain, eta gaia hezkuntza arlora hurbiltzeko asmoz, Arrazakeriaren kontrako Astean ekintza bi egingo dira Eskolako Agenda 21en baitan. Lan horretan elkarlanean ibili dira Ermuko Immigrazio Saila, Durangoko Berritzegunea, Ingurugela-CEIDA eta Durangaldeko Amankomunazgoa.

· Kontzientzatzioa · Horrela, martxoaren 30ean, Durangaldeko ikastetxeetako irakasleek formazio saio bat izango dute migrazio klimatikoen inguruan. Saioaren helburua klima aldaketaren eta hark migrazioan duen eraginaren inguruan ezagutza eta kontzientziazioa handitzea da.

Martxoaren 30etik apirilaren 7ra, DBH 4ko ikasleei bisita gidatuak eskainiko dizkiegu “Klima aldaketa ulertu eta haren kontra lan egitea” erakusketara. Azalpenak ematen Imanol Lopez Diaz ibiliko da, ingurumenean eta iraunkortasun gaietan geologo aditua, ingurumen heziketan esperientzia handiduna.

Azkenik, aipatu behar dugu Lehen Hezkuntzan antolatzen diren Zinemaren eta Giza Eskubideen Gelak aurten klima aldaketak eragindako desplazamenduen gaia landuko duela, eta No Jile dokumentala ikasiko dutela ikasleek.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu