Ostirala,
2024ko Apirilak26

MugaKultura

loader-image
Durango
2:32 pm,
temperature icon 16°C
Humidity 78 %
Ráfagas de viento: 10 Km/h

Elorrioko udalbatzak 1931ko erabaki batzuk berretsiko ditu Gure Esku Dago-ren dinamikaren baitan

· Zapatuan, osoko bilkuraren ostean, arratsaldeko zazpietan, Segurako (Gipuzkoa) herritarrek antzezten duten ‘Lahar eta Larrosa’ antzezlana ikusteko aukera izango da Arriolan

1931eko apirilaren 16ean Bizkaiko udal batzarra berrezartzeko eta herririk herri zebilen borondate politiko berriari bultzada emateko, hainbat herrietako alkateek adierazpen bat hitzartu zuten, egun batzuk geroago Gernikan onartuko zena. Larunbat honetan, 86 urte geroago, Elorrioko udalbatzak adierazpen hori berretsiko du, Gure Esku Dago-k antolatutako ‘Gaur, atzo legez, erabakitzea helburu’ dinamikaren baitan.

GEDII

Horretarako, Udalean ordezkaritza duten alderdiek osoko bilkura ospatuko dute larunbatean arratsaldeko seiretan. Ordubete geroago, berriz, gaiarekin lotuta dagoen eta Segurako herritarrek antzezten duten LAHAR eta LARROSA antzezlana ikusteko aukera izango da Arriolan.

Gure Esku Dago-ko eta Udaleko ordezkariek bi ekitaldietara gerturatzeko gonbita luzatu diete elorriarrei.

– Udalbatzan onartuko den testua daukazue hemen:

Bizkaiko udal batzarra biltzekoa zen 1931ko apirilaren 16an, Gernikan. Batzar nagusi historikoak, aurreko mendean Espainiako monarkia konstituzionalak zapalduak, berrezartzea zen helburua, eta egun haietan herririk herri zabaltzen ari zen herri borondate politiko berria adieraztea. Mundaka, Bermeo eta Elorrioko alkateekin batera antolatzaileetako bat zen Getxoko alkate eta lehendakari Jose Antonio Agirrek horrela kontatzen du Entre la libertad y la revolución. 1930-1935 liburuan.

Berehala antolatu zen dena, herri osoaren mobilizazioa izan zen. Deialdi publikoa izan zen, ezer ezkutatu gabea. Baina ezin izan zuten egin. Madrileko Gobernuak, ekitaldiaren helburuak kezkatuta, militarrak bidali zituen Gernikara: bederatzi kamioi heldu ziren Gasteiztik apirilaren 17an, eta beste sei autobus Bilboko garnizoitik; Guardia Zibilak sarrera guztiak hartu zituen, eta, hura gutxi bazen, infanteriako soldaduak, metralaidorea eta guzti, hiribilduaren leku estrategioetan kokatu ziren.

Ehunka auto eta autobus gelditu ziren bidean, Gernikan sartzea debekatuta, ekitaldiaren antolatzaileek zer erabakiko zain. Eta itzultzea erabaki zuten, atzera egitea: Bizkaiko batzar nagusia bakean egin behar zen, ezinbestean.

Oztopoak oztopo, udalek Gernikan onartu nahi zuten adierazpenak babes handia lortu zuen: udal ordezkariek errepidean bertan sinatu zuten testua, indar eta irmo.

86 urte bete dira aurten, apirilak 17, eta euskal herritarrok jarraitzen dugu orduko adierazpenean jasotako ideia bat aldarrikatzen: Erabaki nahi dugu. Gure etorkizuna modu libre eta baketsuan erabaki guran segitzen dugu egun ere.

Ilusio handiko giroa piztu zen udal ordezkarien adierazpenaren ondorioz: denbora tarte labur hartako gorabeherek herria astindu eta esnarazi zuten eta hura sinatu zuten alkateek ez zuten atsedenik hartu eta buru-belarri jardun zuten euskal estatutu baten alde lanean.

86 urte pasatu badira ere, ilusio berarekin bizi dugu Euskal Herrian zabaldu den dinamika. Indarrez eta irmotasunez heldu diogu erabakitzeko eskubidearen aldarriari; indarrez eta irmotasunez ari gara euskal eragileen arteko itun geldiezin baten alde, eta indarrez eta irmotasunez sartzen ari gara erabakiaren aroan. Gaur, atzo bezala, erabakitzea dugu helburu eta, orduan bezala ere, erabaki egingo dugu.

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu