‘DURANGOKO FAMILIAK’ · “Handia (naiz)”, Julen Orbegozo

Julen Orbegozo

· Julen Orbegozo ‘Durangoko Familiak‘ taldekidea da

Bi urte eta erdi dauzka Ekhik eta “ni handia naiz” esaten didan bakoitzean zauri ñimiño bat irekitzen zait bihotzean. Badakit, bai, haurren arteko jolasa baino ez da; hizkuntzarekin garatu dezaketen jolas horietako bat. Baina, gogorra egiten zait gure txikia handi egitea…

IMG_5626

Ekhi. ARGAZKIA. Julen Orbegozo

Nik bere etapa ezberdinak luzatu nahi ditudan bitartean, berak hurrengo urratsera joan nahi du. “Handia, zertarako?”, galdetzen diot nire buruari… txisa zutunik egiteko, ura edalontzitik edateko, goxoki bat jan beharrean bi jateko… Bada, lasai, mutil, horretarako ez da zertan handia izan behar! Eta, kuriosoa da, ziurrenik bera handitzen ari denaren kontzientea ere ez dela izango.

Ekhik ez daki zer den denbora; eta hori da bizitzearen gauzarik politena, bada, erloju biologiko eta sozialaren kontzientziarik ez izatea. Bera bere bizitzaren protagonista bakarra da eta kanpoko zirkunstantziak bere gozamenerako elementuak dira, soilik. Eguna bukatzen denean ez da kontziente izango, biharamunean egun bat zaharragoa izango dela. Berdin zaio. Eguzki jaunak beste egun bat oparituko digu jolasteko.

Eta guk, sarri, gure erritmoa inposatu nahi diogu: orain lehen berbak esan ditzala, bihar motorrean seguru ibili dadila eta etzi baloia besapean hartu dezala. Bitartean, ez gara konturatzen, haurrak ez direla trantsizioan dauden helduak, ez direla eraldaketa prozesuan dauden pertsona helduak. Haurrak haurrak dira, eta haurrak direlako egiten diote gizarteari egiten dioten ekarpen ikaragarria.

Horregatik, ziurrenik, ez dut nahi bizi dudan garai hau igarotzea, hurrengora jauzi egitea. Ahaztuak nituen gauza asko ikasi ditudalako gure haurrarekin, dosi handietan gainera. Bakea, irribarrea, elkartasuna, apaltasuna, laguntasuna… eta bereziki, inguruan egunero ditudan objektu eta gauzekin harritzea zer den gogoratu dit.  Eta, horiek dira, bizitzaren zein bizitzearen motore.

Ikasi dudan guztia ikasi ostean zer zor diot nire semeari?

Durangoko Familiak taldearen sorreran parte hartu nuen uste nuelako zerbait zor niola… eta gero konturatu naiz, beragatik baino, nigatik egin dudala. Haurrek eman ahal diguten guztia aprobetxatzeko badugu zereginik, bai, etxetik hasi, kalean jarraitu eta inguruan ditugun esparru guztietatik pasatuta. Helduen bizitzak hobetzeko, haurrak zaindu behar ditugu. Horretan gabiz!

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: , , ,