Emakume solidario talde bat izango da 2018ko Amorebieta-Etxanoko Karmengo jaien pregoilaria

Aurtengo Karmengo jaiak atean ditugu, eta adin eta gustu guztietarako jardueraz betetako egitarauarekin datoz. Uztailaren 14tik 22ra, helduek eta txikiek musika hoberenaz, kaleko antzerkiaz, herri kirolez, koadrilen jarduerez eta gastronomia lehiaketez gozatu ahal izango dute, beste gauza askoren artean.  

Uztailaren 15ean, arratsaldeko 20:00etan, jaiez, kolorez eta umore onez betetako egunei jarraipena emango dieten txupinazoa eta pregoia izango ditugu. Karmengo jaiak uztailaren 27an ospatuko den Santanatxu egunarekin bukatuko dira. Jardueraz betetako eguna, jaiei amaiera bikaina emateko.

PREGONERAS2018

Pregoilariak

Aurten, pregoia “emakume solidarioek” botako dute. Gizarte arloko Ongi Etorri Errefuxiatuak, Cáritas, Udalen, Kidenda eta Asociación Española contra el Cáncer elkarteak ordezkatzen dituzten emakume talde batek. Helburua, emakumeak gure gizartean betetzen duen lekua balioztatzea eta bere esfortzua eta lana ikusgai bilakatzea da.

Kaleko musika eta kontzertuak

Kaleko musikak eta kontzertuek kolore ukitua jarriko dute Karmengo jaietan. Larunbatean, uztailaren 14an, Doctor Deseo taldeak musikaz eta giro bikainaz beteko du Zubiondo plaza.

Erromeriak ezinbestekoak dira jai guztietan, eta horrela erakutsiko du Zirkinik Bez taldeak Ixerbekoako agertokian uztailaren 14an, larunbatean.

Igandean, uztailaren 15ean, Gaztediko Gaiteroak, Kittu, Alex eta Lander trikitilariak eta Always Drinking Marching Band kaleko banden soinuek erritmoz beteko dituzte Amorebieta-Etxanoko kaleak. Musika jardunaldiak Ixerbekoako agertokian egongo diren Wicked Wizzard eta Reincidentes rock taldeen eta Zubiondo parkean arituko den Los Panchos taldearen emanaldiekin izango du jarraipena.

Astelehenean Alain Concepción Zubiondo plazan egongo da gaueko 22:00etan.

Asteartean, uztailaren 17an, Guda Dantza eta Itaca Band taldeek erritmoz beteko dute Zubiondo plaza. Ruper Ordorika izango da asteazken gaueko protagonista, Zelaieta parkean kolore ukitua jarriz. Eta ostegunean, Zornotzako ikus-entzuleek Puro Relajo taldearen emanaldiarekin gozatu ahal izango dute.

C:Documents and SettingsItxasoEscritoriorup0002.JPG

Ruper Ordorika. PHOTO. I. Gorriti

Uztailaren 20a, ostirala, jardueraz beteta egongo da. Arratsaldeko lehen ordutik, Amorebieta-Etxanoko herritarrek Orkresta Elektrotxarangaren eta Zea Mays, Inun eta Adriana Gaultier DJ taldeen emanaldiez gozatu ahal izango dute.

Bariku horretan bertan izango dira danborrada tradizionala eta Txistulari Kontzertu Handiaren XIX. edizioa. Aurtengoa ikuskizun berezia izango da; artista gonbidatuak Kutxi Romero eta AIDAE taldea izango dira.

Kaleko musika izango da larunbateko eta igandeko ikuskizun nagusietakoa. Urrutia anaiek, Kittuk eta Irulitxa fanfarreak, beste batzuen artean, alaituko dituzte egun horiek. Gauez ere erritmoa ziurtatuta egongo da. Larunbatean London orkestra eta Hesian eta Batek Daki rock taldeak izango ditugu gurekin.

Uztailaren 22an, igandean, Ze Esatek! taldea izango da gaua alaituko duena.

Santanatxu eguna, uztailaren 27a, ere musikaz eta giro bikainez beteta egongo da. Musika emanaldiak egunez eta gauez. Havana 537 taldeak emango die amaiera Amorebieta-Etxanoko jaiei.

Kirol jarduerak

Karmengo jaiek eta Santanatxu egunak nagusiei eta txikiei zuzendutako kirol jarduera ugari eskainiko dituzte: herri kirolak, xake txapelketa, arku tiraketa lehiaketa, pitxoi tiraketa, saskibaloia… jaiez egunez gozatzeko jarduera asko eta asko.

Jaietako lehenengo zapatuan txikienek Umeentzako arrantza lehiaketan eta Duatloi txikian parte hartu ahal izango dute. Egun horretan bertan bizikletaren eguna ospatuko da, Urgozo Txirrindulari Elkarteak garraio mota horren erabilera bultzatzeko sustatutako ekimena.

Esku pilota eta pala lehiaketek protagonismo berezia izango dute Karmengo jaietan. Igandean, uztailaren 15ean, modalitate horietako emakumeen txapelketaren II. edizioa jokatuko da. Astelehenean, uztailaren 16an, udal pilotalekuan pilota partiduak jokatuko dira, Agirreamalloa-Oliden vs Carregal-Ibarloza eta Urrutikoetxea-Larunbe vs Bengoetxea-Albisu bikoteen artean. Santanatxu egunean, berriz, herriko XI. esku pilota txapelketa jokatuko da. Udalak herritar guztiei luzatzen die txapelketa herrikoi horretan parte hartzeko gonbidapena.

Ostegunean, uztailaren 19an, koadrilen arteko piragua jaitsiera tradizionala izango da, nagusiek eta txikiek asko gozatzen duten jarduera klasikoa.

Uztailaren 21ean, larunbatean, bi hitzordu garrantzitsu izango ditugu kirolarekin. 17:00etan, xake zaleek Xake Txapelketaren XXXVII. edizioan parte hartu ahal izango dute, eta 21:00etan jaietako VIII. bolo txapelketa jokatuko da. Hurrengo egunean, Zubiondo parkean, Amorebieta-Etxanoko VII. milia ospatuko da. Herritar guztiei zuzendutako lasterketa herrikoia.

Santanatxu egunak emango die amaiera jaiei. Egun horretan jokatuko da Amorebieta-Etxanoko Udalaren VII. Futbol Txapelketa.

Kaleko antzerkia eta jarduera herrikoiak

Ohikoa denez, antzerkiak, bere adierazpen anitzetan (kalekoa, umeei zuzendutakoa…), dantzak eta arte eszenikoek orokorrean, oso leku garrantzitsua beteko dute jaietako programazioan. Uztailaren 17an, Ganso y Cía konpainiak bertaratutako guztiak alaituko ditu “Babo Royal” ikuskizunarekin. Egun horretan bertan, Maduixa dantza konpainiak, Umore Azoka 2017 irabazi zuen “Mulïer” ikuskizuna eskainiko du.

BABO-ROYAL-05-800x520

Babo Royal. Ganso & CIA.

Asteazkenean, uztailaren 18an, Markeliñe taldeak umeei zuzendutako ikuskizun berezia eskainiko du: “Chef Nature” antzezlana, erritmoz, keinuz eta irudimen askoz betetako aire zabaleko jatetxea. Ostegunean Trapuzaharra konpainiaren “Sefini” ikuskizunaren txanda izango da.

Uztailaren 16an, astelehenean, zornotzarrek bertsolaritza saio bereziaz gozatu ahal izango dute. 21:30ean, Herriko plazan, Etxahun Lekue, Oihana Iguaran, Arkaitz Estiballes eta Maddalen Arzallus bertsolariak arituko dira.

Jarduera herrikoiek ere protagonismo berezia izango dute Karmengo jaietan eta Santanatxu egunean. Koadrilen ginkana, kalejirak, txikienentzako jolasak eta jarduerak, marmitako lehiaketa gastronomiko handia, danborrada txikia, erakusketak, baserriko produktuen azoka… izango dira uztailaren 14tik 27ra luzatuko diren jardueretako batzuk. Aitite eta amamek ere eurei zuzendutako eguna izango dute, uztailaren 22an, igandean. Egun hori mezarekin hasiko da, eta bertsolaritzarekin, dantzekin eta euskal erromeriarekin jarraituko du.

Erasorik gabeko jaiak

Amorebieta-Etxanoko Udalak eraso sexistarik gabeko jaiak gura ditu. Eta ez jaiak bakarrik, baita eguneroko jarduna ere. Horregatik, uztailaren 15ean, 20an eta 21ean Beldur barik espazioa instalatuko du Ixerbekoan. Stand horretan, hala gura duten herritarrek indarkeria eta eraso sexisten aurreko informazioa eta aholkuak lortu ahal izango dituzte. “Zornotzako jaietan ere eraso sexistarik ez! Erasotzaileak kanpora” goiburupean, Amorebieta-Etxanoko Udalak berdintasunaren, errespetuaren eta tolerantziaren balioak azpimarratu gura ditu.

Leku horretan, aholkuak eta informazioa emateaz gain, txapak, pegatinak, eskumuturrekoak, informazio gidak, galdetegiak eta kartelak ere banatuko dira.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.