Ostirala,
2024ko Apirilak26

MugaKultura

loader-image
Durango
6:37 pm,
temperature icon 16°C
Humidity 90 %
Ráfagas de viento: 7 Km/h

BERTON BERTOKOA: «Posible da gure haurrei elikadura osasungarri bat ematea»

Berton Bertokoa

· Berton Bertokoa ekimenaren iritzia, 2019ko urtarrilaren 10ean Eusko Jaurlaritzak eskola jantokien eredu aldaketari dagokionez Eusko Jaurlaritzak plazaratutako berriaren inguruan.

berton bertokoa

Badira jadanik urte batzuk, orain legeztatutzat hartuko dituzten programa pilotuetako eskoletako jangelak IGEen esku daudela, eta prezeski Eusko Jaurlaritza bera izan da orain artean erraztasunik eman ez diena. Gure ekimenak gertukoen dituen Gernikako eta Markina-Xemeingo ikastetxeen errealitatea ezagutu izan dugu, eta badakigu zailtasun ugari izan dituztela. Eta azkenik eskoletako IGEak osatzen dituzten gurasoen borondate irmoari eta sendoari esker, beraien eskola jantokien kudeaketa eraginkor eta osasungarri bat izatea lortu dute.

Eusko Jaurlaritzako ordezkariek, azkenean, sistema hau eraginkorra dela onartu behar izan dute. Frogatua gelditu da catering bidezko sistemaz at, eta gurasoentzat inongo ekonomia kostu gehikuntza gabe, posible dela gure haurrei elikadura osasungarri bat ematea.

Baina eskola hauek, programa pilotu batean egonik, arau orokorrarekiko salbuespen bat dira eta haien martxan izatearen azken ardura daukanarentzat egoera hau ez da erosoa. Beraz, eskola hauek daramaten kudeaketa arau barruan sartzeko legedia aldatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Alde horretatik, txalo bero bat merezi duela esango genuke, behintzat pausu bat eman duelako eskola hauen jarduna “legeztatuz” eta bide batez, beste kudeaketa eredu batzuei atea zabalduz.

Baina hau ez da gure taldeak eskatzen duen eredua. Hau, gure ustetan jantokien lege orokorrak zeukan zulo bati josi dioten adabakia da. Gure taldeak ereduaren berrikuspen integral bat eskatzen du, honako irizpideak kontuan izango dituena:

1.- Eskola jantokien kudeaketaren ardura eta kudeaketa ezin dira IGEen bizkar bota. Eskola eremuan eta haren zaintzapean aurrera eramaten diren jardueren inguruko erabakien ardura zuzenean Eskolako Organo Gorenarena da.

Bestalde, IGEen konposizioa aldakorra da, eta IGE desberdinek, edo berberak ikasturte desberdinetan (haietako kideen desberdintasunen ondorioz) izan ditzakeen irizpide eta haien ondoriozko erabakiek, jantokien kudeaketak eskatzen duen egonkortasuna zalantzan jar dezakete.

Bestalde, gure ustez eskola bakoitzak aukera izan behar du eredu baten edo besteren alde egiteko, baita catering-etan oinarritutako aukera bat hartzeko ere, baina beste baldintza batzutan. Orain artean, lege-ebazpen bat daukagu gainera honen inguruan, argi dago catering enpresek aukeratu dutela zein eskolatan eta zein preziotan lan egin. Eta Eusko Jaurlaritzak eskuak garbitu ditu kontu honen inguruan ezer ez zekiela esanaz. Baina gure ustetan eskolek izan beharko lukete, catering enpresen sistema hautatuz gero, zein enpresarekin lan egin nahi duten aukeratzeko ahalmena. Gaur egungo sistemak ez du hau ahalbidetzen.

2.- Eskola jantokiak eta otordu momentuak haurren hezkuntzaren parte dira eta honek curriculumetan bere islada izan behar du. Ezin dira haurraren hezkuntza eta jatorduak gai bereizi gisa tratatu.

3.- Aurreko puntuarekin erlazionaturik, funtsezkoa iruditzen zaigu jantokiko jardueran parte har dezaketen langileek formakuntza egoki bat eta lan egonkortasun bat izatea.

Irakasleekin elkarlanean aritu beharko lukete; era batera edo bestera, eskolako ikas-komunitatearen kide izanik gure haurren hezkuntzaren parte baitira. Gaur egun, langile hauen borondatearen zalantzarik ez dugun arren, eskola eta langile hauen artean beste enpresa bat izateak (catering enpresa) langile hauek jarduera hezitzaile honetan eskolarekin batera aritzeko oztopo bat suposatzen du.

4.- Jantokietako langileekin loturik ere, zaintza zein sukaldaritza zerbitzuak ere administrazioaren kudeaketa zuzenpean egon behar dutela uste dugu, aspaldian ematen ari den pribatizaziorako joerari buelta eman behar zaiolarik. Era honetara, langile hauen lan baldintzak bermatzeaz gain aurreko puntuan aipatzen den formakuntza egokia jaso ahal izango lukete langileok.

5.- Jantokietako elikadurari dagokionez, kontuan izan behar da zalantzarik gabe eskolako jantokietan sukaldatutako janariak direla osasungarrienak (beraien propietateak mantentzen dituztelako) eta elikadura segurtasun aldetik berme gehien eskaintzen dutenak (bero edota hotz-mantenimendu aldetik adibidez eskaera txikienak dituztenak), zuzenean kontsumitzen direlako sukaldatzetik epe laburrean.

6.- Aurrekoarekin loturik, elikagaien beraien osasungarritasuna eta segurtasuna ere mintzagai dira. Orain arte catering enpresek ez dute inongo informaziorik eman erabiltzen dituzten lehengaien inguruan. Ez dakigu haien jatorririk. Bestalde, badakiguna da bertako elikagai ekoizleek zailtasun ugari izan ohi dituztela beraien produktuak merkaturatzeko, lehen sektorearen egoera ikusi besterik ez dago (Eusko Jaurlaritzak berak dauzka datuak). Eta gure planteamendua bertako ekoizleen aldekoa da.

Bertako ekoizleen aldeko apostuak onura nabarmenak ekarriko lituzke elikagaien osasungarritasunaren aldetik. Produktu freskoak, garaikoak eta zirkuitu laburrekoak izateak, kontserbazio luzekoen aldean, kontsumituko liratekeen elikagaien propietateen alde egingo luke nabarmen. Elikagaien segurtasunaren aldetik ere onurak ekarriko lituzke; alde batetik oraingo elikagaien jatorria ez dakigularik, ez daukagulako janari horiek izan ditzaketen produktu zoosanitario edota fitosanitarioen hondakinen berri (herrialde desberdinetan, bai arauak, zein kontrolak desberdinak dira); eta bestalde, bertako ekoizleengan konfidantza daukagulako, uste dugulako beraien esfortzuak elikagai sanoak egitera bideratzen dituztela, eta gehiago haurren kontsumorako izango den elikagai bat bada.

Honenbestez, beste behin, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari dei egiten diogu lege planteamendu serio bat eztabaida dezagun, adabakiak alde batera utziz, eta sistema honetan, erakunde bakoitzak dagokion erantzunkizuna har dezan.

Iragarpen hau proiektu pilotuetan dabiltzan eskolentzat lasaigarri izan daitekeen arren, gure ikuspuntutik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak eskuak garbitu nahi izan ditu kontu honetan; zerbait egin duela esanaz, benetan bere gabeziak estali besterik ez duenean egin

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu