Gazte borroka goraipatu, eta Durangaldeko Bulkada Eguna ospatuko du Ernaik martxoaren 23an Elorrion

ERNAI 1

Ernai

Lehenengo eta behin, gure elkartasun beroena helarazi nahi diegu atzo arratsaldean Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz kartzelaratutako bi gazteei. Ez duzue Euskal Gazteria gelditzea lortuko. Galder, Aitor; zuekin gaude!  

IMG-20190209-WA0009

Eta nola ez, frantziar eta espainiar estatuetako espetxeetan, eta ihesean ditugun kideak ere ekarri nahi ditugu gogora. Besarkada bero bat Alaitz, Iurdan, Gorka, “Jita”, Lupi, Giller, “Lola”, Ion, Andoni, Itziar, Aitziber, Oier, Gorka eta Iñakiri.

Iazko irailean aurkeztu genuen Leitzan Bulkada Berrien Garaia Da dinamika, eta Durangaldean berehala hasi ginen lanean. Herriz herri harremanak egin ditugu gazte antolakundeko kide ohiekin, eta herrietako gazte antolakuntza eta borrokaren historia eta istorioak jaso ditugu hainbat liburutan. Horrez gain, bazkari eta afariak egin ditugu belaunaldi ezberdinetako gazteekin, esperientziak konpartitu eta harremanak estutzeko helburuz.

Aurten beteko dira 40 urte Jarrai gazte antolakundea sortu zenetik, eta orduz geroztik hamarkada luzeetako antolakuntza eta borroka eraman dugu aurrera belaunaldi ezberdinok. Gaurtik aurrera, eta ikasturte amaierara arte ere, beste hainbat ekimen egingo ditugu: asko garelako Independentzia, Sozialismoa eta Feminismoaren aldeko borrokarako prest gauden Bulkada berriak.

Topagunea · Apirilean Gazte Topagune erraldoia antolatuko dugu. Baina hori baino lehenago Durangaldeko gazteok zita garrantzitsua dugu, martxoaren 23an Elorrion egingo dugun Durangaldeko Bulkada eguna. “Bide guztiak Elorriora, bide guztiak independentziara!”, Elorrioko Gazte Topaguneko leloa egiten dugu gure; oraingoan Durangaldeko gazteon topaleku izateko. Bertan, Durangaldeko herri guztietako bulkada berriak batu nahi ditugu, baita urte luzez gazte borrokari bultzada eman diozuen belaunaldi ezberdinetako kideak ere.

2002ko Gazte Topagunean Euskal Herriko osoko milaka gaztek egin zuten moduan, martxoaren 23an Elorrion batuko gara Durangaldeko gazteak, eta baita ez hain gazteak ere. Plaza honetan bertan egingo ditugu jarduera gehienak; horrela, Bulkada egunerako egitarau zabala eta gaueko eskaintza indartsua osatu dugu. Bestetik; eskualdeko gazte sortzaileak batzeko espazioa ere izatea nahi dugu; gazte sortzaileen lana ikusarazi eta plazara ateratzeko xedez.

Horrez gain, bazkaria eta ekitaldia ere egingo ditugu, bertan Ezker Abertzaleko komunitatea batzeaz gain, gazte bulkada berriez beteko dugu plaza. Durangaldean antolakuntza eta borrokarako prest gauden gazteon bilgunea izango da martxoaren 23an Elorrioko plaza.

Eta azkenik, Durangaldeko gazteriari egun osoko egitarauan parte hartzeko dei egiten diogu. Eskualdeko gazteon harremana estutu eta gazte borrokari bultzada bat emateko helburuz. Martxoaren 23an Durangaldeko Bulkada egunean ikusiko dugu elkar! Bide guztiak Elorriora, bide guztiak independentziara!

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.