Larunbata,
2024ko Apirilak27

MugaKultura

loader-image
Durango
4:55 am,
temperature icon 10°C
Humidity 97 %
Ráfagas de viento: 17 Km/h

Elorrioko iraganera bidaia

logo_elorrio

Ibilbide honi esker, Elorrioko iragan historikoa ezagutu ahal izango duzu 7 geldialditan; iraupena ordubete eta erdikoa izango da, gutxi gorabehera. Ibilbidean zehar azalpen-panelak aurkituko dituzu, garai hartako Elorrio errazago ulertzeko eta irudikatzeko. Gozatu!

 01 Kanpokaleko Atea

NON? San Pío kalea 

Elorrioko hiribildua sortu zenean, defentsarako harresia eraiki zuten inguruan. Hasieran egurrezkoa bazen ere, iraunkorragoa eta sendoagoa zen harrizkoa egin zuten geroago. Harresiko 6 ateetatik soilik sartu edo irten zitekeen. Horietatik guztietatik, bi baino ez dira geratzen gaur egun: Kanpokaleko Atea, argazkikoa, eta Elbira Iñurrieta kantoiaren hondoan ikusgai dagoen arkua.

Kanpokaleko Atearen sarbidearen gainean, errege-erregina katolikoen armarria dago. Granadako setioa baino lehenagokoa da, eta Gaztela eta Leongo, Aragoiko nahiz Siziliako armak agertzen dira bertan.

Antza denez, ohikoa zen ate bakoitzaren alboan ateak berak omentzen zuen santuaren edo andre mariaren irudia jartzeko horma-hobia egotea.

Haietako batzuk oraindik ere ikusgai daude harresi desagertuaren ondoan eduki zuten kokapen zehatzean.

San Juan atea:

Eraikina berria bada ere, Errekakaleko 3. zenbakiaren parean San Juanen irudia dago, horma-hobian jarrita.

Uribarriko Andre Mariaren Atea:

Andre Mariaren irudia Errekakaleko 34. zenbakian dago, horma-hobian jarrita.

San Anton Atea:

Kanpokalea kaleko 11. zenbakian horma-hobia dago, baina irudirik gabe.

Arrosarioaren atea:

Eraitsi eta gaur egun Arriola kalea zeharkatzen duen hiru arkuko monumentu oroigarria eraiki zen. Arkuen gaineko horma-hobia bere horretan utzi zuten, baina ez dauka irudirik.

Bide batez, alboan dagoen Santa Ana

Gurutze ederra ere ikusi.

 

02 Jatorrizko hiribilduko etxeak

NON? Kanpokalea 8

Elorrioko hiribildua 1356an sortu zuen On Tellok, Bizkaiko jaunak. Hiriguneko lur zatiak bi kale paraleloren inguruan garatu ziren: Kanpokalea eta Errekakalea. Gaur egun ere, bere horretan dirau Erdi Aroko etxe-uharte haien antolamenduak.

Hasieran, etxeak egurrezkoak baziren ere, apurka-apurka harria erabiltzen hasi ziren, suteen ondorioz etxeak berehala desagertu ez zitezen, eta eraikinak garaixeagoak izan zitezen.

Irudian, baduzu Elorrioko lehenengo etxeak nolakoak ziren ikusterik. Ez zeukaten ez kristalik, ez leihorik, ez trenkadarik, ezta tximiniarik ere. Hori dela eta, leihoetatik hurbil egin behar zuten sua. Beraz, beltz baino beltzago egon behar ziren etxeko hormak eta sabaiak.

Garaiko etxe baten irudia ikusi ahal izango duzu Kanpokalea kaleko 8an dagoen azalpen-panelean.

03 · 1480ko sutea

NON? Errekakalea 18

Elorrioko jatorrizko hiribilduko etxeak egurrezkoak ziren. Alboko etxeekin partekatzen zuten mehelina, eta etxe-uharteak eratzen zituzten. Beraz, suteren bat zegoenean, oso zaila zen itzaltzea, eta, askotan, etxe guztiak kiskaltzen ziren.

1480ko sutea Juan de Uriaren etxean sortu zen, egungo Kanpokalean.

Ezagutu itzazu garai hartan suteak itzaltzeko erabiltzen zituzten metodo bitxiak, eta jakizu zergatik ixten zituzten harresiko ateak sutea hasten zenean.

Errekakalea 18ko azalpen-panelean aurkituko duzu erantzuna.

04 Elorrioko bataila

NON? Arriola kalea (ibaiaren alboan)

1468ko otsailaren 21ean, Ibarratarrak eta Marzanatarrak boterea lortzeko borrokatu ziren “Elorrioko batailan”. Borroka hartan, Muxika, Butroi, Arteaga eta Zarateko etxeak izan ziren oinaztarren bandoko Ibarratarren aliatuak, eta, horrez gain, Santillanako markesak lagatako 300 mertzenarioaren laguntza ere izan zuten.

Ganboatarren bandoko Marzanatarrek, ordea, Avendañotarren, Haroko kondearen, Velascotarren eta Salinasko kondearen 150 zaldunen laguntza jaso zuten.

Erdi Aroko bataila handienetakoa izan zen, bertan mila gizon baino gehiago hil ziren-eta. Nahiz eta irabazle bakarra egon, bi alderdietako bajak ugariak izan ziren, eta lutoa nagusi izan zen hiribilduan, hainbat eta hainbat senide eta adiskide baitziren.

Bataila handia nork irabazi zuen jakin nahi baduzu, Arriola kalean kokatutako panelean daukazu erantzuna.

05 Erdi Aroko dorreak

NON? Arriola kalea (ibaiaren alboan)

Dorretxeak etxebizitzak eta defentsarako lekuak ziren, baina, aldi berean, eginkizun soziala ere bazuten, haien jabeenprestigioaren erakusgarri zirelako. Jauntxo beldurgarriez ari gara.

Hona hemen haien leloetako bat: “Zeruan, Jaungoikoa; eta lurrean, gehien daukana”.

Besteak beste, honako hauexek ziren udalerriko dorre ezagunenak: Urkizu, Ibarra, Otsa eta Esteibar. Gaur egun, dorretxe horiek ikusterik ez badago ere, izen bereko jauregiak daude, eta eraikinok familia horien aberastasunaren zein gizarte-mailaren adierazgarri dira.

Urkizu jauregian (Arriola kalearen eta Errekakalearen arteko kantoian), gainera,Urkizu dorretxeetako baten jatorrizko atea dago ikusgai.

Dorretxeei buruzko informazio gehiago aurkituko duzu Arriola kaleko azalpen-panelean.

06 Antzinako ogibideak

Erdi Aroko hiribilduko ofizio guztien artean,olagizonak eta errementariak ziren garrantzitsuenak arlo sozial, ekonomiko eta politikoari begira. Burdinaren artisautza burdinaren industria bihurtu zen urteen joan-etorriarekin, eta bertan ekoitzitako produktuak tokiko kontsumorako ez ezik, penintsulako, Europako eta Amerikako hainbat lekutara esportatu ziren.

Hartara, hiribildua sorrarazi zuen ibilbide komertziala sustatzeko helburua bete zen.

Elorrioko ofizio tradizionalak zeintzuk izan ziren jakin nahi baduzu, Berrio-Otxoa kaleko 43an kokatutako azalpen-panelean daukazu erantzuna.

07 Etxebarriko San Agustin

Etxebarriko San Agustin eliza ederra izen bereko auzoan dago, Elorriotik bi kilometrora.

Monasterio Varria izeneko jatorrizko eliza1053an eraiki zuten Durangoko Lurraldeko konde-kondesek, eta Durangaldeako elizate handienetakoa izan zen.

XV. mendean, berriro eraiki zuten, eta gaur egungo tenplua euskal estilo gotikokoa da. Barruko aldean, erretaula plateresko zoragarria dago, San Agustinen irudia erdi-erdian. Seguruenik, Bizkaiko baliotsuena da bere generoan. Horrez gain, dorrea ere badu, oinplano karratuko egitura eder bezain lerdena duena.

Kanpoko aldean, arkupe zabalak eliza osoa inguratzen du, eta, aurrez aurre, hegoaldean, harrizko bi sarkofago zaintzen zituen kapera bitxia dago. Bertan, tenpluaren sortzaileen gorpuzkiak daude gordeta, tradizioaren arabera. Durangoko konde-kondesen momiak dira (1053an San Agustinen Monasterio Varria sortu zutenen momiak).

Iraganerako bidaia honi amaiera emateko ezinbestean bisitatu beharreko eliza benetan ederra.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu