AMOREBIETA-ETXANO · Ibilaldi gidatuak mendian zehar euskaraz ibiltzeko

Hamabi eta hamasei kilometro bitarteko lau ibilaldik osaturiko ekimena antolatu du Amorebieta-Etxanoko Udalaren mendekoa den Ametx erakunde autonomoak, Ibiliaz Ezagutu programaren barruan. Oraingoan Bizkaiko 4 naturagune babestuetan gauzatuko ditugu ibilaldiak, 12 eta 16 kilometro bitartekoak. Jarduera honetan parte hartzen dutenak, beraz, Armañon, Gorbea eta Urkiolako parke naturaletan eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserban barrena ibiliko dira.

image (1)

ARGAZKIA · Ametx

 

Ibilaldiak martxoaren 30ean, apirilaren 6an eta maiatzaren 4an eta 11n izango dira, goizeko 8:00etan hasita. Etapa guztiei emango zaie hasiera Nafarroako parkinean eta autobus zerbitzua izango da bertatik ibilaldien hasiera puntura iristeko eta behin amaituta ere, Amorebietara itzultzeko. Honakoak izango dira, zehazturik, lau larunbat horietan egingo diren ibilaldiak:

Martxoaren 30ean, Ereño-Aulestia (15 km): Urdaibaik baditu aski ezagun diren kostaldeko ingurune ederrak, hondartza, portu eta kai paregabeak hain zuzen ere. Oraingoan, baina, altueretara joko dugu bertako basoak, landak eta baserriak ezagutzeko asmotan.

Apirilaren 6an, Ranero-Turtzioz (12 km): Bizkaia lurralde historikoan, mendebaldea dugu harribitxi ezezagunena. Huts hori zuzendu nahian antolatu da ibilbide hau Armañon natura parkean barrena, bertako inguruek eta bazterrek liluratuko gaituztelako segurtasunean.

Maiatzaren 4an, Otxandio-Arrazola (16 km): Anbotoko Dama den gure Mari ahaltsua lar molestatu gabe, ahaleginak egingo ditugu Urkiola inguruetako pagadiak, errekak, ur-jauziak… ezagutzeko. Jendez hain gainezka ez dauden bidezidorrak baliatuko ditugu zeregin horretan.

Maiatzaren 11n, Murua-Ubidea (13 km): Gorbeiako gurutzearen begiradapean berak babesten duen lurralde basati honetan murgilduko gara, hain arretatsu gordetzen dituen sekretuetako batzuk azalarazteko. Izugarri politak diren errekak, bideak eta bidezidorrak erabiliko ditugu horretarako.

Zelaieta zentroan eman beharko da izena, irteerak baino bi egun arinago beranduen jota. Leku kopurua mugatua da.

Jarduera fisikoaren onura, orohar, berekin dakarren arriskua baino handiagoa da. Nolanahi ere, ariketa fisikoa egiten duen orok jakin beharra dauka jarduera horiek eguneroko bizimoduan arriskurik gabe txertatzen, eta segurtasuna bermatzeko neurriak hartzen.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: