Osteguna,
2024ko Apirilak25

MugaKultura

loader-image
Durango
8:26 am,
temperature icon 9°C
Humidity 80 %
Ráfagas de viento: 4 Km/h

Urkiola Landa Garapenerako alkarteak Durangaldeko turismo eta elikadura estrategia planak aurkeztu ditu

Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak Durangaldeko Turismo eta Elikadura Estrategia Planak aurkeztu zituen atzo, martxoak 29, Berrizko Kultur Etxean egindako aurkezpen ekitaldian. Aurkezpenean, Urkiola Landa Garapeneko Alkarteko presidente Endika Jaiok eta Kati Simon Turismo teknikariak hartu zuten parte. Haiekin izan ziren Gaindegia Behategiko Imanol Esnaola, Sorland Agentziako Gotzon Garaizabal eta Elhuyar Agentziako Amaia Zarrabeitia, Elikadura Planaren egileak.

Presentación Planes Estratégicos de Alimentación y Turismo de Durangaldea

Turismo Estrategia Planaren idazketaren ardura Akimu Proyectos Turísticos enpresak izan du. Akimuko Amaia López de Heredia izan da Planaren egilea, Urkiola Landa Garapenerako talde teknikoaren laguntzaz. Amaia López de Heredia ere aurkezpenean izan zen. Horrez gain, Historian doktorea eta Gerediaga Elkarteko presidentea den Nerea Mujikak, eskualdearen inguruko hausnarketa egin zuen, Durangaldearen izaera eta balioak hizpide hartuta. Publikoan elikadura eta turismo arloko eta administrazioko hainbat eragile batu ziren. Zentzu horretan, bi planekin erronka globalei tokiko “erantzuna” eman nahi dela adierazi zuen Endika Jaio Urkiola Landa Garapenerako Alkarteko presidenteak.

Elikadura Estrategia Plana: Elikatu Durangaldea “Elikadura ereduak eragin sakona du gizartean. Iraunkortasuna munduko gizarte guztien helburu bihurtu den garai honetan, Durangaldeko herritarrek elikadura osasuntsu eta iraunkorraren aldeko joera argia adierazi dute bere kontsumo ohituretan” adierazi zuen Imanol Esnaola Turismo Planaren egileak prozesua azaltzerakoan.

ELIKADURA · Era berean, Durangaldean elikadurari lotutako eragile garrantzitsuak daudela eta elikaduraren balio katea eskualdeko ezaugarri nabarmena dela azpimarratu zuen. “Zer egin, ordea, Durangaldeko herritarren eta gizartearen elikaduran iraunkortasuna eta osasunaren bidean pauso berriak emateko?” galdetu eta horretarako, lankidetzarako adostasun zabalak eta estrategia berritzaileak behar direla azpimarratu zuen. Hain zuzen ere, norabide horretan kokatu du Urkiola Landa Garapen Alkartearen “Durangaldea Elikatu” plana. Elikadura osasuntsu eta iraunkorra balio komun garrantzitsu moduan errotu eta horren bitartez aldaketa esanguratsuak sustatzea da planaren helburua, landa lurraren erabileratik hasi eta kontsumoraino.

Horretarako, bost lan lerro nagusitan eragin nahi dute: elikatzeko kulturan, merkaturatzean, ekoizpenean, ingurumenaren zikloan eta ezagutzaren esparruan. Horietan guztietan aldaketak bultzatzeko 30 ekintza baino gehiago planteatzen dituzte; hala nola: segmentu sozial desberdinekin lan egitea elikagaiei buruz duten ezagutza indartu eta jokabideaz hausnartzeko; bertako produktuak eskuragarri jartzea eta besteak beste, eskualdeko sukalde kolektiboak hornitzea; baserriak eta baserritarrak indartzea, produktu aukera zabalagoa eta kantitate handiagotan ekoizteko, errentagarritasuna hobetzeko; landa lurra artifizializaziotik babestea; prozesua sustatzeko eskualdeko Elikadura Mahaia indartzea, eta abar. Elikadura arloko eragile publiko eta pribatuek osatzen duten Elikadura Mahaiarekin elkarlanean egin da plana. Horrez gain, sakoneko elkarrizketak egin dira administrazio, enpresa, formazio… arloko eragile ezberdinekin. Prozesua diseinatu eta dinamizatzeko, eta, dokumentua koordinatzeko eta idazteko ardura, berriz, Elhuyar Aholkularitzak, Gaindegia behategiak eta Sorland komunikazio agentziak izan dute.

Estrategia garatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurumen Naturala Zaintzeko Sailaren laguntza jaso du Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak.

Turismo Estrategia Plana: Durangaldea helmuga turistikoa

Turismoa sektore konplexua eta transbertsala da. Urte asko dira Durangaldea eskualde bezala mailan Turismoa garatzeko Planik ez zuela. Arlo honetan lan handia egon da eta dago egiteko. Hala, Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak eskualdeko

Turismoaren Kooperaziorako Erakunde bezala lan egiteko, Estrategia Plana egitea ezinbestekoa zuen.

Plan burutzeko, arlo teknikoa eskualdeko eragileekin lanean aritu da ikuspuntu zabalena izateko. Hala nola, eskualdeko turismo sektoreko eragileek, herritarrek eta bisitariek betetako galdetegiak, eragile ezberdinei, publikoei zein pribatuei, Turismo Mahaiaren kideei barne egindako sakoneko elkarrizketak, edota sektoreko lan-saioa burutu zen baita ere. Prozesu horri erantzunez, 2023ko ikuspegiarekin, bost helburu estrategiko, bost lan ardatz eta 29 ekintza-programak proposatzen ditu estrategia honetan.

“Inkestetan aterako datu esanguratsuen artean aipatu daiteke, nagusiki, paisaia eta naturarekin, gastronomiarekin, atsedenerako giro lasaiarekin, kultura eta euskal landa eta ohiturekin lotzen dela lurraldea”, azaldu zuen Kati Simon Urkiola Landa Garapenerako Alkarteko teknikariak. Horrez gain, inkesta erantzun duten eskualdeko herritar gehienak, 10etik 8, ados daudela Durangaldean Turismoa sustatzeko neurriak bultzatzearekin nabarmendu zuen.

Turismo Planak Durangaldea helmuga turistiko gisa eraikitzeko eta helburu estrategikoak lortzeko, 5 lan ardatz planteatzen ditu: Durangaldea, helmuga turistikoa eraikitzea eta Turismo iraunkorra garatzea bertan; Turismo kudeaketa eredua zehaztea eta garatzea Durangaldean; Eskualdeko Turismo eskaintza egituratzea eta zabaltzea; Durangaldea helmuga Turistikoa merkatuan kokatzea eta sustatzea; Turismoak eskualdean egiten duen ekarpen ekonomiko eta soziala handitzea modu iraunkorrean beti eta kalitatezko turismoaren aldeko apustua eginez.

Helburu estrategiko horiek lortzeko, 5 lan ardatz nagusi zehazten diran planean, gero ekintza zehatzetan gauzatuko direnak:

1. Helmuga turistikoa kudeatzea, antolatzea eta planifikatzea: elkarlana lantzea

2. Helmugaren azpiegiturak hobetzea turismoaren ikuspuntutik: baliabide turistikoak balorean jartzea, seinaleztapen turistikoa hobetzea, bisitariei harrera hobetzea, besteak beste

3. Sektorearen lehiakortasuna bultzatu, formazio eskaintza zabalduz, kalitatea eta berrikuntza kontutan hartuz; baita ekintzailetza bultzatuz

4. Produktu turistiko berriak sortzen eta daudenak hobetzen lagundu

5. Helmuga turistikoa merkaturatzea bultzatu: irudia eta markaren bitartez, bai eta marketin eta komunikazio ekintzak burutuz
Durangaldeko Turismo Estrategia Plana garatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzak jaso ditu Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak, bai Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailetik, Bilbao-Bizkaia helmuga turistikoaren garapena sustatzeko diru- laguntzetatik; baita Iraunkortasuna eta Ingurumen Naturala Zaintzeko Sailetik.

D ikurra

Elikadura eta Turismo Planen edukiak azaltzearekin batera, horiek islatzen dituen irudia ere aurkeztu zuten atzoko agerraldian. Turismo irudia Akimu eta Sorland Agentziak landu dute, eta Sorlandek diseinatu du irudia. Gotzon Garaizabalek azaldu zituen bere xehetasunak: “Elikadura Planen eta Turismo Planen irudiaren sorkuntzan “Durangaldea” marka aterkia egiteko beharrizana ikusi da eta handik sortu dira bi planen logotipoak. Durangaldearen D hizkiarekin jokatu dugu masa sendo, baina irekia ematen digulako. Elikadura eta Turismo Planak, biak, egitasmo biziak izango eta D hizkiak leiho ireki bat ematen digu haien garapenerako. Hala, Turismoko irudiaren kasuan, D-ak natur elementuak, ondarearenak, kultura eta gastronomiarenak… jasotzen ditu esaterako, bere azpi ataletan. Elikaduraren irudian, berriz, D-a osatzen duten ikurrek, elikaduran ziklo osoa islatzen dute: baserriak, abereak, elikagaiak, etab”.

Marka turistikoak daukan “Izaera” leloa, berriz, lurraldearekin asoziatzen diren ezaugarriekin lotuta sortu da: benetakotasuna, autentikotasuna, berezitasuna edota landa eta hiriaren arteko lotura, besteak beste.

Eskualdearen inguruko hainbat gako

Amaitzeko, Historiako doktore eta Gerediaga Elkarteko presidenteak, Nerea Mujikak, eskualdearen inguruko hausnarketa egin zuen, Durangaldearen izaera eta balioak hizpide hartuta. Batetik, eskualde mailako ikuspegiarekin lan egiteko beharra nabarmendu zuen, hala, Durangaldearen bi indargune ere azpimarratuz “lurralde txikia izan arren, nortasun eta dibertsitate handiko eskualdea da” batetik; eta bestetik, “Euskadiko eremu estrategiko batean kokatua dago”. Zentzu horretan, landu beharreko hainbat gako eman zituen, besteak beste, autentikotasuna, beste marka turistiko batzuekin kooperazioa edota jasangarritasuna.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu