Ostirala,
2024ko Apirilak19

MugaKultura

loader-image
Durango
9:46 pm,
temperature icon 16°C
Humidity 90 %
Ráfagas de viento: 1 Km/h

«Berbaro Elkartean 2019ko San Fausto jaietako hizkuntzaren neurketa egin dugu»

Berbaro Elkartea

Azken urteetan San Fausto jaietan ikusi eta bizi izan ditugun ekimenen hizkuntzak sortutako kezkak bultzatuta, aurten lehen aldiz Durangoko jaien hizkuntzaren neurketa egin dugu. Beharrezkoa ikusi dugu San Fausto jaietan programatzen eta eskaintzen den egitaraua zein hizkuntzatan egin den aztertzea, datuak mahai gainean ipini eta aurrera begira zer hobetu behar den zehaztea.

Azala

Durangoko Udaleko jai-egitarau ofizialean dauden ekintzak hartu, eta gehienak eta jendetsuenak behatzen saiatu gara, guztira 91 ekintza aztertu ditugularik. Ekintzetan erabili den hizkuntza zehazterako orduan, ekintzaren aurkezpena, dinamizazioa, izan dituen euskarriak eta ekintza bera zein hizkuntzatan egin den izan ditugu kontuan, ahalik eta elementu gehien kontuan edukitzeko.

Jaso ditugun emaitzak oso esanguratsuak izan dira: guztira behatu ditugun 91 ekintzetatik 37 erdaraz izan dira (%41a), 32 euskaraz (%37a) eta 22 elebitan (%24a). Hau da, Durangoko jaietan programatzen diren ekintzak erdaraz dira gehien bat.

Umeei zuzendutako ekintzetara mugatuz gero, oraindik kezkagarriagoak dira emaitzak: neurtutako 26 ekintzetatik, 13 izan dira erdaraz (%50a), 7 euskaraz (%27a) eta 6 elebitan (%23a).

Ondorio nagusiak txostenean agertzen dira, baina laburbilduz, hauek dira ideia nagusiak:

Hemen azaldu diren datuak ez doaz Durangoko hizkuntza ulermen datuekin bat, azken EUSTATen inkestaren arabera Durangoko biztanleen %73a euskara ulertzeko gai baita, eta umeen kasuan %97a.

Gure ustez datu hauek iraultzeko garaia da. Datu hauek eskaini gura izan ditugu egoera zein den ikusi, hausnartu eta denon artean jaiei buelta bat emateko. Badakigu ez dela erraza durangar gehienentzat erakargarria izango den jai egitarau zabal bat osatzea, baina mahai gainean ipini ditugun hizkuntza datuak ez dira onargarriak, eta bereziki larria da umeei zuzendutako ekintzen hizkuntza eskaintza.

Azkenik, esan gura dugu neurketa honen helburua ez dela inor seinalatu edo eragileen arteko konparaketa egitea; denok daukagu zer hobetu. Mahai gainean ipini gura izan duguna egoeraren azterketa zehatza izan da, eta honi buelta emateko beharra. Horregatik, Berbarok eskua luzatzen die jaien antolakuntzan dabiltzan eragile, norbanako eta elkarteei, datorren urteko jaiei begira gure laguntza emateko.

Txosten honetan batu ditugu neurketako datu, ondorio eta grafikoak:

2019ko San Fausto jaietako hizkuntza neurketa

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: , , ,

Bilatu