Osteguna,
2024ko Apirilak25

MugaKultura

loader-image
Durango
1:49 pm,
temperature icon 14°C
Humidity 59 %
Ráfagas de viento: 12 Km/h

UZTAILAK 29 · ‘Atearen ostean, Mañariko 13 alabak’ proiektua martxan dago

Testua · EH Bildu Bizkaia

Uztailaren 29a egun beltza da Mañariko herrian. Orain dela 83 urte, 1937an, uztailak 29 egun zituela, Mañariko 10 emakume atxilotu zituzten Francoren agindupeko indar armatuek. 1937ko udaberrian Francok Bizkaiko zatirik handiena kontrolpean zuen, eta ekainean, berriz, Bilbo Errepublikaren aurka altxatutako indar militarren esku geratu zen. Euskal jendartearen aurkako errepresioa jada hasita zegoen ordurako, baina Bilbo erori eta egun batzuk beranduago, Mañariarrek garai haietan bizitako pasarte triste eta ilunenetako bat hasi zen.

Mañaria2

1937ko uztailaren 29an, Francoren epaile militarrek Mañariko emakume mordoa atxilotzeko agindua eman zuten. Zerrenda luzeagoa izanik ere, egun hartan 10 emakume eraman zituzten herritik kamioi batean, kamioi horretan leku gehiagorik ez omen zegoelako. Frankistek hitza eman zuten biharamunean berriz etorriko zirela emakume gehiagoren bila. Baina ez ziren itzuli sarekadarik egitera.

Mañariko Udalak Gerediaga Elkartearekin batera egindako ikerketa batek azaleratu du informazio hori, eta orain Mañariko udalak ikerketaren hurrengo faseari ekin dio senideen testigantza zuzenak jasoz. Asmoa da egun haietan bizitakoa kontakizun zuzen eta zeharkakoez berreraikitzea, besteak beste, gertatutakoa herritarrei azaldu eta frankismoaren errepresioa pairatu zuten emakume haiei eta euren senideei justizia, memoria eta erreparazioa eskaintzeko.

Omenaldia

Hala, Mañariko Udala emakume horiei eskainitako omenaldia prestatzen ari da, 2020ko urriaren 24rako. Hartara, osasun ikuspegitik bermerik balego, urriaren 24an ekitaldi bat egingo da frontoian, eta “Atearen ostean, Mañariko 13 alabak” dokumentala estreinatuko da. Dokumentala Durangoko Bideografik Ekoizpenak produkzio etxearekin batera egiten ari da Mañariko Udala. Ekitaldian elkarte memorialistikoetako kideak, Mañariko herritarrak eta kartzelaratutako emakumeen senideak egoteko asmoa dago.

Gerediaga Elkartearekin batera egindako txostenaren arabera, hauek dira 1937ko uztailaren 29an atxilotu zituzten emakumeak (asteazkenean 83 urte beteko dira):

Clara Goiti Zugazagoitia, 40 urterekin, eta zazpi seme-alabaren ama zelarik.

Ageda Goiti Arteaga, 38 urterekin, eta lau seme-alabaren ama zelarik.

Teresa Subinaz Capanaga, 49 urterekin.

Maxima Arteaga Bilbao, 34 urterekin, eta 4 seme-alabaren ama zelarik.

Antolina Gorospe Petralanda, 32 urterekin, bi seme-alabaren ama zelarik.

Carlota Goiti Zugazagoitia, 30 urterekin, 4 seme-alabaren ama zelarik.

Angela Aldekoa Orozketa, 30 urterekin.

Salome Arteaga Uriarte, 28 urterekin, alaba baten ama zelarik eta haurdun
zegoela.

Julia Bizkarra Usabiaga, 20 urterekin.

Irene Bizkarra Usabiaga, 18 urterekin.

Horrekin batera, aipatutako ikerketak frankismoak kartzelara bidali zituen Mañariko beste emakume batzuen dokumentazioa ere jaso du eta beste hiru emakumeren izenak topatu dira. Emakume hauek beste testuinguru edo herri batean atxilotu zituzten, baina denak dira “Mañariko alabak”, alegia, Mañarian jaiotakoak:

Ramona Basterretxea Sagarraga, 40 urterekin, 2 seme-alaben ama (1937ko uztailaren 24an).

Jesusa Kapanaga Artamendi, 28 urterekin, alaba baten ama (2 aldiz atxilotu zuten Durangon, 1937ko urriaren 15ean eta 1938ko urriaren 17an).

Miren Edurne Bustinza Ituarte, 22 urterekin (Bilbon atxilotu zuten 1937ko uztailaren 30ean).

Herri gehienetan gertatzen den moduan, gai honetaz gutxi edo ezer ere ez da hitz egin Mañarian. Isilean edo esparru intimo edo pribatuan gorde izan den kontua da. Mañariko Udalak erabaki du, ordea, badela garaia errekonozimendua, justizia eta erreparazioa eskaintzeko emakume horiei eta euren senitartekoei.

Akusazio asko

Emakume gehienak etxekoandreak ziren eta nekazariak (euretako bat, Ramona Basterretxea, tabernaria zen). Gehienak baserri lanetan aritzen ziren eta familiaren zaintza zuten ardura nagusia. Euretako batzuek onartu zuten nazionalisten aldeko botoa eman edo aldeko jarrera izan zutela Errepublikaren garaian, eta emakume abertzale baten taldeko kideak izan zirela (Emakume Abertzale Batza). Hala ere, frontean irabazi ostean, frankismoak argi izan zuen Mañariko emakume horien bezalako profila erreprimitzea beharrezkoa zela jendarte osoan beldurra hedatzeko eta akusazio anitzak leporatu zizkieten, hala nola, Erregimenaz txarto berba egitea edo hegazkin faxistak pasatutakoan hitz txarrak bota izatea.

“Atearen ostean” esaldiak, omenaldiaren izenburuan, erreferentzia egin nahi izan dio emakumeek urte haietan etxe barruan eta kanpoan egin zuten lan eta ekarpenari. Espazio pribatu eta intimoan tradizioz betetzen zuten eginkizunaz gain, espazio publikoan ere presentzia irabazten joan ziren Errepublikaren garaian. Hala, emakume euskaldun askok ordezkatzen zuten “atzeguardia” hori jazarri nahi zuen frankismoak, atearen ostetik egindako ekarpena ezinbestekoa zelako frankismotik harago zeuden baloreen transmisioa bermatzeko.

Atea sinbolo bat da, espazio bat eta beste konektatzeko elementua baita. Atearen osteko “fronte” horretan aritu ziren emakume ugari, euren ohiko lanetan, euren ekarpena errekonozitu ez bada ere, frankismoaren aurka eginez. Emakumeak izan ziren atearen bitartez espazio ezberdinak konektatzeko ezinbesteko katebegia.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu