Larunbata,
2024ko Apirilak20

MugaKultura

loader-image
Durango
10:41 am,
temperature icon 14°C
Humidity 58 %
Ráfagas de viento: 11 Km/h

Kirol Errota gimnasioak proiektu berritzailea abiarazi du teknologia kirolaren mesedetan jartzeko

· Ibaizabal Ikastolak eta Wellk enpresak lankidetza-akordioa sinatu berri dute kirolzaleen premiei IKT tresnak erabilita erantzuna emateko. Proiektu aitzindaria garatuko dute 15 hilabeteko epean.

Ibaizabal Ikastolako Aritz Guinea eta Euken Ertzilla ikasle ohiek Wellk Software Solutions SL enpresa sortu berri dute, nork bere ikasketetan eskuratutako trebeziak eta ezagutzak berrikuntzaren eta teknologiaren alde ekintzailetasunez bideratuta.

Sin título-1

Alboetan Euken Ertzilla elorriarra eta Aritz Guinea galdakoztarra, eta erdian Iker Gómez de Segura, Ibaizabal Ikastolako zuzendaria. Mugalari.info

Wellk egitasmoak kiroldegiak gaur egun ulertzen ditugun modua iraultzea bilatzen du, eta kirol-jarduera eta errentagarritasuna areagotzea horietan, teknologia berritzaileak erabiltzearen bitartez.

Hain zuzen ere, horixe bera da Ibaizabal Ikastolak duen Kirol Errota negozio-adarrak ere bultzatzen duena: jendartea aktiboa izatea, jarduera fisikoa praktikatzea eta bizitza-ohitura osasungarriak eragitea. Kirol Errota gimnasioak muskulazio-gela du, saunak, eta hainbat ikastaro eskaintzen ditu egunero Durangon bertan, eskualdeko herritarrentzat.

Horregatik, indarrak batu eta dinamika aitzindaria abiatuko dute Wellk-ek eta Ibaizabal Ikastolak Kirol Errota gimnasioan. Jarduera fisikoa eta ohitura osasungarriak areagotzeko proiektua garatu eta inplementatuko da, 2021eko apirilean bertan hasita.

Estreinako aldia izango da halako ekimena gimnasio batean ezarriko dena. Jarduera fisikoaren bitartez inklusioa, aire zabaleko nahiz espazio itxitako kirol-praktika eta taldeko ekintzak dira sustatu nahi direnak. Baina pertsonalizazioa eta kide bakoitzaren araberako motibazioa zein partaide ororen irisgarritasuna bermatuta, betiere. Horretarako, kirol-praktika bizitzeko eta berau planifikatzeko modu berria proposatuko zaie laster Kirol Errotako egungo erabiltzaileei eta aurrerago etorriko direnei.

Kirol Errota gimnasioan ezarriko den metodologiak 2 helburu izango ditu: batetik, ikasle eta irakasleen jarduera fisikoaren maila areagotzea, eta, aurrerago, herritar ororengana zabaltzea asmo hau. Bestetik, Kirol Errotako bezeroen esperientzia hobetzea.

2021eko apirilean ekin dio bideari egitasmoak, aurretik barne-mailako bilerak egin ondoren antolaketa orokorra zehazteko eta behar errealetara egokitzeko euskarriak, eta 2022ko ekainera arte luzatuko da.

Urtebete baino gehiagoko plangintza anbiziotsua

Hasteko, egitasmoa gidatzen lagunduko duten lantaldeak osatuko dira. Lantaldeetako bat Ibaizabal Ikastolako ikasleek osatuko dute, kirolaren sustapena gaztetatik hasi beharra dagoelako. Apirilean aurkeztu zaie ikasle guztiei proiektua. Hasierako diagnostikoa egiten lagunduko dute lantaldeek, baina, lantaldeez gain, publiko edo target desberdineko laginak ere hartuko dira abiapuntuko egoera zein den ahalik eta argien ezagutzeko: Durangaldeko biztanleria errepresentatu dezakeen lagina, Kirol Errotako bezeroak eta bezero ohiak eta Ibaizabal Ikastolako langileak, ikasleak eta etorkizuneko ikasleak dira diagnostikoa egiten lagunduko duten agenteak.

Bezero eta bezero potentzialekin analisia egingo da, eskaeraren eta eskaintzaren analisia erauziko da, Kirol Errota gimnasioaren ahulgune eta indar-guneak identifikatuko dira eta, fase hau bukatzeko, Kirol Errota ezagutarazteko eta bezeroak erakartzeko marketing-plana diseinatuko da.

Beste fase bat herritarrak aktibatzeari begirakoa izango da osorik. Kasu honetan ere, jende-multzo bakoitzaren premiak desberdinak izan litezkeelakoan, atalka jorratuko dira eragite-aukerak: Ibaizabal ikastolako langile, ikasle eta etorkizuneko ikasleekin; eskualdeko kirolari eta kirolzaleekin; e.a. Behar eta interesak ezagututakoan, ekintza-planaren ko-kreaziorako tailerrak bideratu eta 2021/2022 ikasturterako eskuhartzeak definituko dira.

Dinamikaren faserik garrantzitsuenari irailean

Dinamikaren faserik garrantzitsuenari irailean emango zaio hasiera. Orduan izango da berrikuntza-ekimenak Kirol Errotan ezartzen hasiko diren fasea. Mugikorretarako aplikazio bat jarriko da erabiltzaileen esku, eta bezero-taldeekin aplikazio hori testatuko da. App horrek aukera handiak eskainiko ditu norbere errendimendua neurtzeko eta erregistratzeko, eta hurbileko inguruarekin kirolaren gaineko interakzioa ahalbidetzeko. Gainera, aplikazioak denbora errealean esango die Kirol Errotako erabiltzaileei zenbat jende dagoen unean-unean gimnasioan, kirol-erronkak ere planteatuko dizkie, eta kirola elkarrekin eta taldean egiteko planak ere proposatuko dizkie. Hala, hilean bizikletaz kilometro-kopuru jakin bat egiteko proposamena jasoko dute aplikazioa instalatuta dutenek, esaterako, eta norgehiagoka horretara batzeko aukera izango dute, inguruko beste kide batzuekin batera. Norberak ere, noski, proposamenak sortzeko eta hedatzeko aukera izango du. Adibidez, tenisean aritu nahi duenak, aplikazioan plan-proposamena sartu eta horretara lagunak batu daitezen aukera emango du, egun eta ordu jakinetan elkarrekin partidak jokatzeko. Gamifikazio-teknikak ere txertatuko dira aplikazioan, erakarmena areagotu eta erabiltzaileak fidelizatzeko.

Proiektu pilotua den aldetik, plangintza hau aldatzeko modua egongo da prozesu osoan zehar, dela ideia berriak sortzen direlako, dela erabiltzaileen artean orain aurreikusi gabeko beharrak antzematen direlako. 2022ko ekainean proiektuaren emaitzen analisia egingo da. Era berean, Kirol Errota gimnasioan egindako eskuhartzetik ikasitakoa eta eskuratutako ondorioak pareko beste ekimen batzuetan txertatuko dira, izan ere, Kirol Errotako dinamika bide-erakusle izango da, aitzindari eta bidegile den neurrian.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu