Ostirala,
2024ko Martxoak29

MugaKultura

loader-image
Durango
9:01 am,
temperature icon 12°C
Humidity 83 %
Ráfagas de viento: 33 Km/h

Amnesia historikoaren kontrako txerto bat

EKAITZ HERRERA
Ekaitz Herrera

· Kazetaria da

 

Anaiaren logelan izan zen. Zazpi-zortzi urterekin edo. Hantxe izan nuen Durangoko bonbardaketaren berri. Zapatu goizetan anaiaren logelara joaten bainintzen harekin musika entzutera. Eta han, Baldin Bada, Hertzainak, Eskorbuto eta gitarra katalogoen artean, Martxoak 31 rock taldearen cassete bat zegoen: “Durango martxoaren 31 batean bonbardatu zuten, eta rock talde honek handik hartu zuen izena”. Gogoan dut, gainera, anaiak egunkariren batetik-edo hartutako irudia ere bazuela mesanotxean gordeta. Zuri-beltzezko argazki moduko bat zen. Durangoko Alde Zaharreko kale bat ageri zen bertan. Birrinduta erabat.

 

Oso ondo zergatik ez dakidala, anaiaren logelak gerra kontuen eszenatoki izaten jarraitu zuen gerora. Musika sesio haietatik urte batzuetara gure amama Maria Luisa etxera etorri baitzen egun batzuk pasatzera. Anaiaren logelan eman genion ostatu. Eta nik, eskolarako lan bat egin behar nuela-eta, gerrari buruz galdetu nion. Amamak kontatu zidan Sañungotik alde egin behar izan zutela. Zamudion ezkutatu zirela, bunker moduko batean. Jende asko zegoela han, eta denak ihesean zebiltzala. Eta orduan ikusi zuela baten bat “¡Mi niño!, ¡Mi niño!” oihuka. Emakume bat zen. Seme jaioberria besoetan hil zitzaion eta astindutxoekin eginahalak egiten zituen umeari bizia itzularazteko. Gerora, Zamudiotik Sañungora bueltatu zirenean, etxea hankaz gora topatu zutela esan zidan amamak. Dena sakeatu zieten. Amamak min hartu zuen oroitzapen haietaz guztietaz akordatzean. Negarrari ekin zion. Eta hurrengo batean kontu gehiago kontatuko zizkidala esan zidan, baina egun hartakoak une hartan bukatu zirela.

 

Gaur egun ama eta aita dira anaiaren garai bateko logelan lo egiten dutenak. Eta oso tarteka bada ere, gerra kontuek irteten dute bazkalondoko berriketaldietan. Amagatik dakit amama Maria Luisak Durango bonbardatzera zihoazen hegazkinak ikusi zituela. Ortuan zegoela bera, eta hegazkinak Saibigain aldetik etortzen ikusi zituela. Egun haietan, aittite Eugeniok eta bere familiak ihes egin behar izan zuten Goixaskotik. Untzillatx mendiko kobazulo batean ezkutatu ziren bolada baterako. Elikagaiak eta oiloak eraman zituzten bertara. Oilategitxo bat ere atondu zuten han inguruan. Aitari eta izebari, berriz, gure amama Alejandra Frantzian erbesteratuta egon zela diet entzuna. Bilboko portuan itsasoratu zen, eta Nantesen lehorreratu. Neskame lanetan egon zen Dammarie-lès-Lys herrian, harik eta Euskal Herrira itzuli ziren arte. Etxera joatea erabaki zuten. Aretxabaletara. Baina han ez zuten etxerik ordurako. Beste familiaren batek hartua zuen haien bizilekua. Bestalde, aitak noizbait komentatu dit aitxitxa Iñaki gerran gudukatzera behartu zutela mehatxupean. Eta aitak esana dit, baita ere, Durango, Otxandio edo Elorrio bezalatsu, Eibar ere gupidarik barik bonbardatua izan zela.

 

Anaiaren logelaz, Martxoaren 31z eta gerrari buruzko familiako oroitzapenez, “Eta zuk zer dakizu Durangoko bonbardaketari buruz?” dokumentala ikusita akordatu naiz. Iban Gorritiren dokumentalak horretan laguntzen duelako: norbere amnesia historikoaz desegiten eta oroitzapenak gogora ekartzen. Dokumentala mosaiko baten eran osatuta dagoelako. Honen anekdota bat jasotzen duzulako orain. Eta beste honen datu historiko bat jasotzen duzulako gero. Eta mosaiko hori ikusten zoazela, zure oroitzapen propioen puzzlea egiten hasten zara oharkabean. Apurka-apurka. Gertatu zena ez ahazteko, idatzita uzteko, edo ikus-entzunezkoan jasotzeko. Amnesia historikoaren aurkako txerto bat egiteko. Ez da gutxi, garaiotan.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu