Arbaso durangarren bila

Marisa Barrena Larruzea (Zornotza, 1951)

Marisa Barrena Larruzea

Orain dela zenbait hilabete Argentinako neska gazte batek idatzitako zutabeak hunkitu egin ninduen. Argentinan jaio eta hazi den Mariana Grandek euskaraz idatzitako lerroak ziren. “Merito handia argentinar honena”, pentsatu nuen.

Nondik sortu ote zitzaion Marianari euskaraz ikasteko gogoa? Nondik nora euskaraganako interesa aita gailegoa eta ama argentinarra dituen gazteari? Antza denez, durangar batek izan du zerikusia ibilbide honetan, Dolores Munitxa Agirre andereak hain zuen.

Dolores gaztetan joan zen Argentinara, 22 urte inguru zituenean eta Marianaren aittittegaz batu zen. Ez zuen euskaraz norekin hitz egin, halere, euskara ez zuen guztiz ahaztu. Ilobak jagoten zituenean, lotara joan aurretik, ipuinak kontatzea zizkien. Honela gogoratzen du Marianak:

Ipuin bat asmatuta zen. Bestea ez dakit asmatua zen ala ez, beti euskaraz kontatzen zigulako. Zeri buruzkoa zen ipuina? Ez dakigu, inoiz ez genion itzulpenik eskatu. Baina hori ez zen gauza bakarra: zenbakiak batetik hamar arte esaten zituen.

Marianak eta ahizpak amamaren ipuinak ulertzen ez zituzten arren, Doloresek ereindako euskaraganako maitasun hazia ilobaren barneraino heldu zen eta handik urte batzuetara hazi hori ernetzen hasi zen.

Ikerketa bat egiten ari nintzela amets egin nuen. Ikerketa horretan, “jai” hitza agertzen zen. Esnatzean, interneten zer zen bilatu nuen eta euskarara iritsi nintzen. Berehala non ikasi euskara bilatu nuen

Ikastaroan izena eman, euskaraz ikasten hasi, euskara ikasi, internetez astero euskara praktikatu  mintzanet.net bidez eta oraintsu B2 lotu du Marianak. Euskal Herria ez du ezagutzen, ez daki  ezagutuko duen, halere, herri honek, euskarari eskerrak, bere bizitzan dagoen jende maitagarriena aurkeztu omen dio.

Dolores Municha Aguirre, “Yaya”ri eskerrak ari naiz euskaraz idazten. https://zuzeu.eus/euskara/maitia-nun-zira/

Berbok irakurri ondoren, emozioz beterik, Dolores Munitxaren familiaren bila hasi nintzen, Mariana mintzanet kideari poztasun bat emateko asmoz. Erraza izango zela pentsatu nuen, Munitxa asko ezagutzen baititut, baina ez da horrela gertatu. Hainbat Munitxarekin hitz egin dut,  baina Doloresen arrastorik ez.

Zorionez, Jose Angel Orobio-Urrutia Durangoko udal artxibozainaren laguntzari  esker datu batzuk lortu ditugu. Dolores Munitxa Agirre Durangon jaio zen 1914an. Modesto durangarraren eta Maria iurretarraren alaba izan zen. Ahizpa bi izan zituen Beatriz eta Divina eta Juan izeneko neba bat. Durangoko Artekalea 31an bizi izan ziren.

Beharbada auzolanean, denon artean,  aurkituko dugu Beatriz, Divina edo Juanen ondorengoren bat. Ederra litzateke egunen batean Marianak Euskal Herria eta Doloresen familia ezagutzea. Bitartean;

“Agur eta ohore Dolores Municha Aguirre”

Sin título-1

Dolores Municha Aguirre.

 

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.