Asteazkena,
2024ko Apirilak24

MugaKultura

loader-image
Durango
8:33 pm,
temperature icon 12°C
Humidity 70 %
Ráfagas de viento: 17 Km/h

AUTOPISTA · Lekutan dago Bilbo

Ander Goñi

Ander Goñi

Aurreko batean entzun nuen Euskadi Irratian, Berlin bezalako hiri bat huts egiten ari dela herritarrei eskaintzen dizkion zerbitzuen kalitatean. “Failed city” aipatzen zuen esatariak, zabalduago dagoen “Failed State”ren gisa.

Ez nuen “huts egindako herrialde” kontzeptuaren berri, eta Wikipediak  argitu zidan, Fund for Peace erakundeak hainbat adierazle neurtzearen ondorioz, porrot egin duten herrialdeen zerrenda bat plazaratzen duela urtero.

Ana Oregi kontseilaria entzun dut, bizkaitarren BARIK, gipuzkoarren MUGI eta arabarren BAT txartelak, edozein lurraldeko garraio publiko ordaintzeko moduan izango garela esanez. Kriston aurrerapauso bezala aurkeztu du berria, herritarren beharrak entzun eta erantzuten dituen gobernu baten froga gisa.

Unai Rementeria ahaldun nagusia eta Imanol Pradales diputatua ikusi ditut telebistan, irratian entzun eta prentsan leidu. Hainbat hilabeteko lanen ondorioz, erabaki dute Bizkaiak merezi duela autopisten erabiltzaile sufrituei nolabaiteko beherapen bat egitea bidesaritan. 750.000 euro erabiliko omen dituzte beharrezko egokitzapenak burutzeko. Hau ere, aurrerapauso izugarria, aurrera doan herri baten seinale garbia, eta Unai Rementeriaren esanetan, Durangaldeko herritarrentzat dira bereziki onak neurri hauek.

Eta zer nahi duzue ba, niri “Failed” hori etorri zait burura, “Failed Service” oraingoan. Hasieratik hiru txartel ordez bakarra sortu balitz, ez legoke oraingo egokitzapenen beharrik. Txartel bakoitzak bere eremu geografiko propioa izan duenez, Durangotik Zarautza joan nahi duenak ez BARIK eta ez MUGI, ezin ditxosozko txartela erabili.

Autopistetan giputxek badute erabileraren araberako beherapen sistema. Bizkaian izan genuen eta orain berriz ere izango dugu. Oraindik ere gogoan ditut autopista erabiltzaile batek Donostiatik Eibarrera bidean hilabete hasieran egiten zituen xelebrekeriak: beherapenak bidai kopuruaren arabera aplikatzen zirenez, bi herri hauen artean dauden ordainleku guztietan egiten zuen sartu-irtena hilabeteko lehen egunetan.

Bizkaiko beherapen sistema honekin, gure morroi Durangarra autopistaz Zarautzera dioanean, beherapenak Durango-Ermua tartean aplikatuko zaizkio bakarrik.

Lagun batek esan zidan pozik ere egon gaitezkeela, 3 lurralde historiko besterik ez dagoela gurean. Pentsa hau Andaluzia balitz! 8 txartel genituzke, MUEVE, UNO, SIN…. eta 8 erakunde autobideak kudeatzeko.

Ahaldun nagusiak, serio demonio, esan du zorrotz zaindu eta zigortuko dutela hobarien erabilera gehiegizkoa, eta asuntoa borobiltzeko, neurri hauekin garraio publikoaren erabilera sustatu nahi dutela, politika berdeak bultzatuz.

Abadiñar honi jasangarritasunaren sukarrak eragin dioenean, bizikleta hartuta, Matienara joaten da trena hartzera. 45 minutu ,14 geltoki eta ziento bat kurba ondoren, XIX. mendean sortutako burdin-bidetik, txuku-txuku-txuku, Elgoibar du helburu. Toletxen jaitsi eta berriz ere bizikletan Arriaga bailarara. 20 kilometro egiteko ordu bat pasatxo. Autopista hartuta, 20 minutu, 2.39€ ren truke. Diru-kontuak hauek: 2.39€ x 2 bidaia egunean x 20 egun hilabeteak… ia 100€ hilabetean, Durangaldean bizi arren, ezin ba agindutako gehienezko 30€ hauetaz profitatu!

Izango da sistema hauek martxan jartzen dituenak gero ez dituela txapuza hauen eraginak sufritzen? Bilbotik ez da Bilbotarrak-ez-diren herritarren beharrak ikusten / entzuten / aintzat hartzen ?

Urruti dago Bilbo. Gainera, zer arraio, bertatik Kantabriara dirusaririk ordaindu gabe joan daitezke, zer gehiago nahi?

Esandakoa: Service Failure.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu