Osteguna,
2024ko Apirilak25

MugaKultura

loader-image
Durango
5:41 pm,
temperature icon 13°C
Humidity 85 %
Ráfagas de viento: 15 Km/h

Bilbotik Argentinara, 10.000 km-ko kereila

PASAPORTE ARGAZKIA Eztizen Miranda

Eztizen Miranda

Hirugarren karlistadarekin batera jaio zen Larrinagako kartzela (Bilbo, 1868-1873), eta karlistak, hain justu, izan ziren haren lehenengo maizterrak. Bitartean, espetxearen kanpoaldean foruen indargabetzea etorri zen, kontzertu-ekonomikoaren adostea, industrializazioa… XX. mendean Afrikako gerra, I.go Mundu Gerra, Primo de Riveraren Diktadura eta 1931n II. Errepublika. Urte horietan guztietan gizarteak bizi izandako aldaketen isla izan zen kartzela.

Larrinaga, orduan, 300 bat presoentzako zegoen prestatuta, eta  kartzela eredugarria izan arren,  txarrak ziren 300 horien bizi baldintzak. Gero, 1936ko estatu-kolpea etorri zen eta 1937ko ekainean Bilbo faxisten esku erori zen, baita kartzela ere. Hori horrela, kolpearen aldeko ideologia zuten atxilotuak aske geratu ziren eta 1939ko irailean, gerra amaituta, Francok 1977ko legearen aurrekaria izango zen  amnistia legea onartu zuen ondorengo kasuentzako: “delitos contra la Constitución, contra el orden público, infracción de leyes de tenencia de armas y explosivos, homicidios, lesiones, daños, amenazas y coacciones y de cuantos con los mismos guarden conexión, cometidos desde el 14 de abril de 1931 hasta el 18 de julio de 1936 por personas respecto de las que conste de modo cierto su ideología coincidente con el Movimiento Nacional”. Hortaz, kartzelak Movimiento Nacionalarekin bat egiten ez zuten pertsonez bete zituen diktadurak, eta Larrinaga 3.000 preso baino gehiago biltzera heldu zen (3.000 pertsona baino gehiago 300 pertsonentzako prestatuta zegoen espetxean).

Larrinaga, El Carmelo, Galera-etxea, Orue-etxea… eta beste asko izan ziren presondegi Bilbon. Errepresioa, ordea, espetxe horien harresien barruan zein kanpoan sufritzen zuen jendeak, Francoren erregimenak gizarte osoaren giza eskubideen urraketa sistematikoa jarri baitzuen martxan: gerra garaian bonbardaketak gizarte zibilaren aurka, eta ondoren epaiketarik gabeko erailketak, lan bortxatuak/esklaboak, erbesteratzeak, tortura, bortxaketa sexualak, indarrez desagerrarazitako pertsonak… eta eguneroko beldurra kaleetan.

Honi guztiari buruz aritu ziren Kereila bat Argentinan hitzaldian, Larrinagari buruzko erakusketaren harira antolatutako ekitaldian (Bilboko Ondare Aretoan otsailak 26 arte). Bertan, Ramon Zallo, Ana Messuti eta Josu Ibargutxi izan ziren horren hurbil eta horren urrun daukagun historiaren alderik ilunena argitzeko intentzioarekin. Zallok testuinguru historikoa azaldu zuen, eta Messutik (abokatu argentinarrak) kereilaren arlo juridikoena. Ibargutxik, bestalde, Goldatu elkartearen izenean Euskal Herrira eta orainaldira ekarri zizkigun giza eskubideen urraketa haiek, urraketa hauek hobeto esanda. Izan ere, aurkezpena amaituta publikoaren artean pertsona bat altxatu eta gelan bertan Larrinagan hildako hainbat pertsonen senideak aurkeztu zituen. Larrinagan preso, kamioi baten sartu eta Deriora eraman zuten fusilatzera Elixabeteren aita. Egun, kereilan parte hartu duen pertsonetako bat da Elixabete.

Goldatuk urteak darama kereila prestatzen Argentinan, Espainiar Estatuak ez duelako Francoren diktaduran izandako krimenak ikertu nahi, nahiz eta Ana Messuti abokatuak argi utzi zuen bezala, 1936ko estatu-kolpetik aurrera burututako erailketak, torturak, indarrez eragindako desagertzeak, bonbardaketak… Gizateriaren Aurkako Krimenak izan. Nazioarteko legediak agintzen duen bezala, 1977an onartutako amnistia legeak ezin duelako ekidin giza eskubideen urraketa sistematiko hura ikertzea. Egia, justizia eta erreparazioa, baita berriro ez errepikatzeko bermea ere, babesteko modu bakarra krimen horiek argitzea da, 10.000 kilometroko kereila osatu behar badugu ere. Horregatik, ekitaldia amaitu aurretik deia egin zuten, Elixabeteren moduan, errepresioa jasan zutenei kereilan parte hartzeko, guztion historia delako, eta guztion etorkizuna eraikitzeko bidea.

* Eztizen Miranda (Berango, 1983) Komunikazio-ikerlaria da

 

 

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu