Ostirala,
2024ko Apirilak19

MugaKultura

loader-image
Durango
9:34 am,
temperature icon 7°C
Humidity 74 %
Ráfagas de viento: 7 Km/h

Bolo = Txirlo

MIRIAM PEÑA
Miriam Peña Zabala

Ohikotasunetik irten eta proiektu berriei ekiten diegunean nolabaiteko barruko zurrunbiloa sentitzea ohikoa da. Ez dakigulako zer gertatuko den, zer nolako erronka berriei aurre egin beharko diegun, nola konponduko garen eta kapazak izango ote garen gertatuko direnak konpontzeko. Baina denaren gainetik, ez jakite horrek arretan egotea ekartzen du, biziago alegia, erne. Eta hori da arrazoietariko bat proiektu berriei ilusioz ekiteko.

2018an “Non dago Txirlo?” Album ilustratu interaktiboa argitaratu dugu, bai euskaraz eta bai gaztelaniaz. 2015ean hasi genuen ibilbidea eta hiru urte hauetan hainbat erabaki hartu behar izan ditugu. Dena kontrolpean izan nahi ohi da, dena prest, aldagai guztiak lotuta daudenaren sentsazioa izan. Baina bizitza ez da horrelakoa, eta beti dago inondik inora espero izango ez zenukeen zerbait.

Txirlo

Irudia 1. Non dago Txirlo? Azala eta barneko irudiak. Egileen argazkiak.

Nire lagun bati ¿Dónde está Bolo? ipuina esku artean zuela, euskaraz ere bazegoela argitaratua esan nion. Handik egun batzuetara berriz ere topo egin genuen eta ez zuela aurkitu esan zidan. Non dago Bolo? Bilatzailean jarrita ez zela ezer agertzen. Euskaraz, Non dago Txirlo? zela esan nion. Ia Txirlo esanahirik ote zuen galdetu zidan harridura aurpegiarekin, pertsonaia sinpatiko baten izena iruditzen zitzaiola. Bolo gaztelaniaz eta euskaraz Txirlo, esan nion. Itzulpena egin genuen izenburuan.

Egia esan nik ere euskaraz eta gaztelaniaz bolo hitza balioesten zela pentsatzen nuen orain dela gutxira arte. Ipuinaren izenburuarekin jolasean, zalantza sortu zitzaigun, ia euskaraz bolo esaten zen edo ez. Bilaketa egin ostean, ezetz, birlo/birla, txirlobola, kila/gila edo txikin esan zitekeela ikusi genuen, baina inondik inora bolo.

Ildo honetatik tiraka txirloen inguruko nolabaiteko interesa piztu zait. Durangaldeko auzo txikietan bolatoki ederrak daudela ikusi dut, Zornotzako San Migel de Dudea auzoa eta Bernagoitikoak etortzen zaizkit orain burura. Ezagutzen nituen bai, baina arreta sentibera egin gabe nuen. Bere izaera, garai batean betetzen zuten helburu soziala eta ludikoa alegia. Gure herrian nonbait zaletasun handia zegoen garai batean, eliza ondoan kokatzen baitira bolatoki hauek, herriaren aisi gune garrantzitsuetan. Material xumeekin egindako txirlo eta bolek, nekazaritza ingurunera zuzenean lotutako ekintza zela agerian uzten dute, baina  bizitzeko moduak hirietara hedatu ziren abiadura berean, bolatokietara joatea ere iraganeko kontua bilakatu da.

Azken datu moduan eta gaian aditua ez naizen aldetik, berezia egin zait garai batean txirloek izan zuten arrakasta islatzen duten Bizkaiko mapa ezagutzeak. Jokatzeko modu anitzek eta bolatoki kopuruek, zaletasuna eta jokoaren garai bateko oparotasuna adierazten dute.

image003

Irudia 2. Zorrilla López, J.J. (2005). Modalitateen kokapena.

 

Hau dena eta gehiago gertatu daiteke proiektu berriei ekiten diegunean, ideia berriak pizten direla, espero ez genituenak liluratzen gaituztela eta espero ez zenuen auzo txiki bateko bolatokian amaitu dezakezula txirloka, pozaren pozez saltoka, behingoz txirlo denak bota dituzunean.

Nire lagun horrekin izandako elkarrizketa, ibilbide honen hasieran izan zen, apirilean. Eta orain ipuina gutxinaka hedatzen ari dela, jendeak txirlo hitza ikasi duela esaten digu noizean behin. Benetan poza sentitzen dugula gure hizkuntzari nolabaiteko ekarpena egin diogula konturatu garenean, xumea izan arren.

Eta hara non, inondik inora pentsatuko ez genukeen zerbait gertatu den, txirlo hitza gure egunerokotasunezko hiztegian txertatu dela, nirean bai behintzat.

Erreferenteak:

Bolo (2018). Labayru Hiztegia. Berreskuratua, https://hiztegia.labayru.eus/bilatu/LH/es/bolo?locale=es

Zorrilla López, J.J. (2005). Bola Jokoa, El Juego de Bolos. Bizkaiko Foru Aldundia.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu