Ostirala,
2024ko Apirilak26

MugaKultura

loader-image
Durango
11:08 am,
temperature icon 13°C
Humidity 77 %
Ráfagas de viento: 9 Km/h

Egungo kultura eta arte esparruaz

MATTIN

Mattin Korta Zeberio

Igaro da 2 eguneko geldialdi kulturala. Dirudienez, ondorioak ateratzeko denbora gehiegi atzean utzi ez badugu ere, ez dira gutxi izan kultura kontzeptuaren inguruan nahiz arte ekoizpenaren garrantzia eta nolakotasunaz hausnartzeko beharra mahaigaineratu dutenak.

Bide horretan, lerro hauen bidez kapitalismoak kultura bideratzeko moduaz eta honek esparru artistikoan eragiten dituen ondorioez hitz egingo dut. Aipatu nahi nuke , kultura eta arte ekoizpenaren zein hauen nolakotasunaren inguruko auzia, duela hilabete batzuk abiatutako hausnarketa dela niretzat, eta hortaz eztabaidarako gonbite irekia ere luzatzen dut, aurrerapausoak ematera bidean.

Aipatu nahiko nukeen lehen auzia, gaur egun kultura aipatzerakoan erabiltzen den esanahiaren ingurukoa da. Kulturaz hitz egiten dugunean, oro har, erreferentzia arte esparrura mugatzeko joera nabaria da, kulturaren fenomenoa arte ekoizpena eta ekinbide artistikoan hasi eta amaituko bailitzan. Argi dago, ezin dela hain modu gordinean parekatu sistema kapitalistak kulturari eman nahi dion kontzepzioa, eta jendartea kulturaz mintzo denean ematen dion esanahia. Argi dagoen bezalaxe, kapitalak hizkuntzarekiko duen kontrol gaitasuna, eta bere erabilera nahieran zuzentzeko duen joera, esanahietan bere nahi garbia ezkutatzen saiatzen delarik.

Bigarren lekuan, lan artistikoak egungo gizartean betetzen duen funtzioa eta kokatzen den espazio-denboraz hitz egingo dut. Esango nuke, hemen ere ñabardurak egiteko beharra agerian dagoela eta ezin ditugula sorkuntza lan guztiak zaku berean sartu; argi foku txundigarrienen eta hedabide nagusienetan toki egiten dute kapitalismoaren interesei mesede egiten dioten artistak, burutzen duten funtzio ideologikoagatik edota sortzen dituzten etekin ekonomikoen erruz; finean horiexek baitira ekoizpen artistikoak sistema kapitalistan bete ditzakeen funtzioak, sistema bera arduratuko da irizpide horiek betetzen ez dituen lanak lurperatzen, geure buruaz ere ari naiz noski. Zein arte ekoizpen babestu eta defendatu behar genukeen maizago galdetu beharko genioke geure buruari . Eskerrak hegemonia horri aurka egiteko erresistentzia bat izan den, bada, ordua da erresistentziatik ofentsibara pasatzeko, langileriaren interesak defendatzeko grinez bada ere, oraingoz noski.

Hirugarren puntu gisa, gizarte kapitalistan ekonomia jarduera eta arte jardueraren (ekoizpena, kontsumoa … ) banaketari erreparatu nahiko nioke. Gure egunen antolaketa produkzio-harremanek gobernatzen dute behinik behin, lan eta ikasketa arlotik alde egiten duen denbora erreprodukzio zein harreman sozialerako tarte bilakatzen delarik. Horri gehitu behar diogu artearen kontsumo kontzientearen ideia zeharo lainotu dela azken garaiotan, gizarte kapitalistak ez duela artearen balioa hautemateko borondaterik, eta kontsumo propiorako artikulu gisa fundamentatu dela, egunerokotasunari aurre egiteko, gehienetan ihes egiteko. Horrez gain, kontuan izan behar genuke azken urteetako krisi ekonomikoaren ondorioz, gizartearen gehiengoari kontsumorako gaitasuna nabarmen murriztu zaiola, arteak gaurdaino ez du gosea asetzen, gose direnentzat irisgarritasunik ere ez izatea kezkagarria da. Nork kontsumitzen du artea oro har, eta zein arte da kontsumitzen duguna?

Alabaina , arteak balio dezake gosearen jatorria ezagutzen laguntzeko, balio dezake goserik izango ez duen gizarte baten marrazkia osatzeko, balio dezake balioespen arautua hautsi eta bide berriak irekitzeko. Bide hau osatzea ordea, arteak bere kabuz ekitearen ideian bertan amaitzen da. Kapitalismoaren atzaparrak artean ez ezik, errealitateko fenomeno ororen barnean aurkitzen baitira, eta soilik esparru guzti horietako langileen arteko elkartasun eta antolakuntzak emango dio behar haina indar bizi dugun egoera iraultzera bidean. Kapitalaren indar ekonomiko eta botere mailaren pare izango den botere egitura eratzea dagokigu langileoi, arte ekoizpen eta kulturgintzari hasieratik leku egingo dion egitura.

Merkatu kapitalista nazionala gelditu denean eskuak burura ekarri dituzte artista askok, eta kezka handitu da arte esparrua egoera berrira egokitzeko instituzioetatik inongo planik aurkeztuko ez denaren jakitun, batzuek euren diru-sarrerak kolokan ikusi dituzte eta kezka erabat ulergarria da. Kezka sortu behar ligukeena artiston egoera merkatu kapitalistaren egoeraren dependentziara kondenatuak egotearen errealitatea da, eta poza sortu behar liguke ekonomia eredu kapitalista gainbeheran dela ikusteak, iturri beretik edaten jarraitzeko asmoa da mesfidantza gehien sortzen didan auzia, iturria bera denean gure egarriaren zergati.

Interesgarria litzateke kulturaren inguruan gehiago jardutea, etikaz, harremantzeko moduez, gizartearen joerez, antolakuntzaren kulturaz … Proletalgoaren kulturaz zehazki. Lanak luzerako ditugunez eta hau artikulu bat baino, hausnarketarako dei bat izaki, eztabaida eta ekinera gonbidatzen zaituztet.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu