Euskaldunak ere errefuxiatuak izan ziren

Josu Legarreta

Josu Legarreta

CEAR Elkarteko arduradun batek esan didanez, mila bat siriar edo gehiago etorriko dira Euskadira. Adiskide batzuen artean honetaz hitz egitean, batzuk kezkati azaldu zaizkit. Besteak beste, daukagun langabeziagatik eta eurotariko batzuk yihadistak direla susmatzen delako.

Ez dut eztabaida honetan jarraitu nahi izan, eta Euskadik iraganean jasan zituen une gorriak gogoratzen saiatu natzaie. Gerra Zibileko urteak ziren. 100.00 persona heldu baino gehiagok eta 37.000 ume inguruk Euskaditik alde egin beharra izan zuten. Frantzia, Inglaterra, Belgika eta Errusia izan ziren, besteak beste,  exiliatu haien babesleku eta amets toki.

Errealitatea, ostera, ez zen izan hain erraza, ez atsegina: Francoren gobernua benetan saiatu zen euskaldunen aurkako propaganda munduan zehar zabaltzen. Eta ondorioz, hasiera baten europear askoren jokabideak euskaldunen aurkakoak izan ziren “gorriak” eta “komunistak” zirela eta. Aguirre lehendakariak honela idatzi zuen: “Batzuentzat, gorrotogarri baino ez ginen; beste askorentzat, gixajo engainatu batzuk; eta baziren gorrotoz begiratu eta Frantzian gertatzen ziren galbide guztien eragile ginela uste zutenak ere”. Ez, ez zuten bizibide bat ere erraza izan: erasoak, estradizioak, kontzentrazio zelaiak eta lan egiteko aukera-eza.

Gerra Mundiala sortu aurrean egoera hau larriago bihurtu zen, eta euskaldunek Mexiko, Guatemala, Kolonbia, Peru, Txile, Uruguay,  Argentina eta Venezuelarantz jo zuten. Mexiko eta Argentina izan ziren eskuzabalen jokatu zuten nazioek: harek ez zuen inolako mugarik, ez baldintzarik, jarri: nahi zuten guztiek izan zuten bertara joateko aukera. Argentinak ere jokabide berbera izan bazuen ere, benetan aipagarria da Ortiz presidenteak  izenpetu zuen Dekretua: honen bidez, “Frantzian eta Espainian bizi ziren euskaldunek” Argentinako ateak zabalik zituzten eta honetarako ez zuten pasaporterik behar; nahikoa zuten eskueran zuten beste edozein dokumentu edo Comité Pro-Emigración Vascaren  agiri bat. (Ortiz Presidentearen aita Zallakoa zen eta ama, Igantzikoa). Ez da inoiz honelako besterik gertutatu, ez eta antzekorik ere: Euskaldunentzako bakarrik izenpetutako Dekretu bat!

Eragozpenak eragozpen, 100.000 pertsona  heldu baino gehiagok eta 37.000 umek izan zuten atzerriko nazioetako erakunde publiko eta pribatuen babesa. Bai, aurka jarri zirenak ere izan ziren. Baina hamaikatxo politikari, intelektual, idazle, eliz-gizon, sindikalista, politikari eta familia jarri zien euskaldunen alde!  Laister, 1000 edo 1500 siriar etorriko omen dira Euskadira. Nola ez izan solidario etorri datozkigunekin gure aurrekoen aldeko jokabideak ikusita!

* Josu Legarreta Garapen Lankidetzarako zuzendari ohia da

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
.

One Response to “Euskaldunak ere errefuxiatuak izan ziren”

  1. Felix Zubiaga Legarreta dice:

    Bai, Josu, arrazoia dozu. Geu be siriar etorkinei harrera ona egiteko prestatu behar dogu. Gu, euskaldunok, aldi baten Ameriketan izan ginan baino, eurak, siriarrak, mediterranear munduko anai-arrebak dira, kultura zahar berekoagoak izan dira. Baina, ezpalira ere, (eta mundu honetan ez da erraza zerbaitegaitik lehengusu edo birlehengusu ez izatea) bardin onartu behar gendukez. Ondo izan.

Deja un comentario

- Obligatorio

- Obligatorio