Iurretako Goiuria ikastola

jon-irazabal-mugalari

Jon Irazabal Agirre

 

Goiuria Ikastola 1968an sortu zen Julen Kaltzadaren ekimenez. Iurretako gazteak Elorrio, Durango eta beste herri batzuetako modura Gerediaga elkartearen babesa erabiliz ekimena bereganatu zuten eta Iurretako guraso talde txiki batekin Julian Berriozabalgoitiak, Gerediaga elkarteko sortzailetariko Iurretan bizi zen garaitarrak, Zubiaurre kalean utzitako lokal batean eman zituen lehen pausuak.

68ko San Migel haietan Iurretako gurasoei banandutako gutunean adierazten zen urriaren 2an zabalduko zela ikastola. Garai haietako protagonista batzuek oroitzen dira arazoren batzuk direla medio data hori baino beranduago hasi zirela eskolak. Lehenengo andereñoa Garaiko Ana Mari Berriozabalgoitia izan zen. Goiuria ikastolan 3tik 5 urtera arteko umeak izaten ziren. 6 urterekin  Durangoko Kurutziaga Ikastolan jarraitzen zuten.

Hala ere, lokalean hasi arren, urte batzuetan, legaltasun arazoak medio eta irakaskuntzako inspektoreen kontrolak gainditzeko etxerik etxe ibili ziren umeak. Ana Mari Berriozabalgoitiaz gaikn  Maribi Jaio ere izan zen andereñoa eta Montse Sarriugarte laguntzailea.

1971an gurasoen eskatutako kredito pertsonalak eta Bilboko Xabier eta Joseba Gereno anaiak sortutako CINSA [Coordinación de iniciativas sociedad anónima] enpresak utzitako diru batekin Zubiaurrekalek 8. zenbakiko lehen pisua erosi zen toki finko bat izan dezan ikastolak. Garai honetan gehitu zen proiektu honetara Mila Madariaga eta bera izan zen irakasle tituludun lehen andereño ofiziala.

1973an, pisua txiki gelditu ondoren, ikastola Zubiaurre kaleko 2. zenbakiko lonja baten eratu zen. Pausu hau emateko sustatzailean Goiuria kooperatiba sortu zuten Urteetan zehar 89 kide ere izatera heldu zen kooperatiba hau. Kooperatibista modura, familiak, andereñok eta  herriko taldeak ere parte hartu zuten. Oroitzekoa da momentu honetan Geneño anaiei aurreratutako dirua itzultzera joakeran erabaki zutela ez jasotzea dirua eta ikastola berriko gastuetarako uztea.

Erosketa egiteko gurasoen kreditu pertsonalak erabili ziren. Hala ere, bestelako finantziazio iturriak ere erabili izan behar zuten. Besteak beste “Celulosas del Nervion” papergintza enpresako akasdun poltsak birziklatzen ziren zozketak antolatu, kartoiak eta paperak batu eta salduz, Abendu eta Santa Agedan kantuz diru-eskean batutakoak, San Migel jaietan tabernak antolatuz, eta abar. 1975ean ikastola handitu egin zen. 1973an erositako lokalaren atzeko partea erosi zen eta umeentzat jolastoki modura egokitu zen. Zubiaurre kaleko 2. zenbaki honetan 1981arte izan zen zabalik Goiuria Ikastola. Tarte honetan, Mila Madariagarekin batera Mariasun Onandia eta Kristina Urrutia ere izan ziren irakasleak.

1981ean Goiuria ikastolako gurasoak eskola publiko sare bakar baten alde azaltzen ziren. Egoera honetan sortu berria zegoen Eusko Jaurlaritzatik eskaintza bat egin jaso zuten Iurretan kokatutako  Arzobispo Maiztegui herri eskolarekin bat egiteko eta eskaintza onartua izan zen gaur egun Maiztegi izenarekin ezagutzen den eskolarekin bat eginez.

Kooperatiba moduan ez zen desagertu sustatzaile taldea. Zubiaurre kaleko lokala kulturarako eta euskararen sustapenerako uztea erabaki zuten eta kudeaketaz arduratzen jarraitu zuten. Goiuria Ikastolako lokaletan talde askok izan zuten lekua: Txistularien taldea, Iurretako bertso eskola, Txirrindularien Elkartea, Eraz aldizkaria, Euskaldunon Egunkaria, Berria komunikabideak, Mikel Deuna dantza taldea, Gurien Bai euskara elkartea eta abar.

2002an udalarekin akordioa lortu eta, erabilera baldintza berdinekin, Iurretako herriari eman zioten kooperatibako kideek Goiuria Ikastola. 20—udalak berrantolatu eta egokitu zuen lokala Goiuria Kultur Gunea sortuz. “Herritik herriarentzat”.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
.