Osteguna,
2024ko Apirilak25

MugaKultura

loader-image
Durango
10:37 am,
temperature icon 12°C
Humidity 61 %
Ráfagas de viento: 10 Km/h

Lehen duatloi eta gonbite bat

Ander Goñi

 Ander Goñi

Gehiegi pentsatu gabe eman nuen izena Mungiako IX. Duatloian. Semearekin inongo probatara joatea tokatzen zait, eta honako honetan erabaki nuen nik ere parte hartuko nuela, esan bezala, gehiegi pentsatu gabe. Bezperan egiten diren asmoen moduan… “bihar goizeko seitan altxatu eta lasterrean irtengo naiz”, edo “goizetik bizikletan hartu eta inor ohetik altxatzeko etxean naiz bueltan”. Iratzargailuak jotzen du eta asmoak izara azpian lokartzen dira. Baina, amigo! izena eman, ordaindu eta ingurukoei berria eman ondoren… hor ez dago izara azpian gelditzerik. Beraz, bizikleta, zapatila eta enparauak hartuta, Mungiara.

Eguraldi ederra; Dortsala jasotzera hurbildu naiz, eta bertan, lagun batek zera bota dit: “animatu zara eh!”… baina gehiago iruditu zait hau galdetzen zuela “zuk badakizu non arraio sartu zaren?”. Espikerra ere jo-eta-su bere mezuak botatzen: lasterrean egiten diren lehen bost kilometroak 25 minututan osatu behar direla, bizikleta hartu eta 10 kilometroko zirkuituan eman beharreko bi bueltetan, doblatua den kirolari gajoak karrera utzi beharko duela…

Arineketan dabilenak ondo daki kilometroa osatzeko, 5 minutu edo 4 minutu eta 50 segundo ez dela berdina, segundo gutxi horien atzean ahalegin eta neke handia dagoela, eta nik jakin badakit nire martxa “normala” bost minututik gora dagoela. Nire buruari esan diot, lehenik eta behin lasterketarekin saiatuko naizela, gero gerokoak.

Giharrak berotzeko saltaka apur bat egin, eta irteera lerrora urbildu naiz, atzera; Itxuraz nire pareko diren kirolariak lokalizatu nahi izan ditut; ez dago aukera handirik baina, bigarren eskuko seizientos baten gisa sentitzen da bat hainbeste Ferrari artean.

Tiroa entzun, eskuturreko ordularian “start” sakatu eta abiatu gara lasterrean, bi kilometro eta erdiko zirkuituari buelta bi aurretik. Segituan nire pareko abiaduran dabilen morroi baten ondoan jarri eta apurka-apurka aurrera egin dugu, nire lasaitasunerako, 4:30ko erritmoan, 5 min/kilometroa langa azpitik. Ez da nire erritmo “naturala” baina horrela irauteko moduan izango naizela iritzita, aurrera.

mungia

Bizikleta hartzera gerturatzean, “misión cumplida” esan diot nire lasterketa kideari. Orain bigarren urratsa. Zapatilak kendu, bizikletako oinetakoak jantzi, kaskoa buruan eta bizikleta eskutan, 20 kilometro aurretik. Familia eta lagunen animoak lagun, buruan mantra berria instalatu (ez nazatela doblatu), eta aurrera.

Aurretik zihoan kirolari bat harrapatu dudanean pentsatu dut nire “Alan” bizikleta zaharrak oraindik ere baduela zer esanik. Biko taldea segituan bihurtu da laukoa, eta taldekide animoso baten gidaritzapean (VAMOS, VAMOS, VAMOS, A POR ESE DE DELANTE!), hor joan gara, erreleboak emanez eta aurretik ikusten genituenak harrapatu nahian, topera. Lehen buelta amaituta, bigarrenari ekin diot, oraingoan ere lagun eta familiaren animoz hauspotuta.

Eta horrela, aurreko kidearen gurpilean begiak iltzatuta, amaitu dugu bizikleta tartea. Ni bizikleta uzten eta jada lasterketa amaitua duten hainbat kirolari ikusi ditut helmugan.

Lagun batek esan dit transizio-denborak hobetu beharko ditudala, baina aizu… arnas apur bat hartzeko ere balio du bizikleta utzi eta berriz ere zapatilak lasai lotzeak…

Eta oraingoan, lasterrean hastean, iruditu zait zangoen ordez harri pisu bi ditudala gerripean, saltaka baino oinez noala, eta hemen, bizikleta grupetako kideak aurrea hartu didate. Apurka bada ere, lehen jaitsieran hankak apur bat bere onera etorri eta ttipili-ttapala, zirkuituaren kilometro bi eta erdiak osatuz, meta orduko seme txikia ikusi dut nire esperoan, eta ziztu bizian abiatu da bere anai-arreba eta amari aita badatorrela esatera. Eskua eman eta gustura sartuko nuke nirekin helmugan, galazota dago baina; Inori enbarazu egin ezean, ez dut debeku honen arrazoia ulertzen.

Karrera amaituta, pozik alajaina! segundo gutxi batzuk dira, hainbeste jende artean bakarrik zaudela, zure pausuak jan-edana eskaintzen den gunera bideratuak dituzula, arnasa bere onera datorrela… eta halako “lortu dut” intimo bat sentitzen duzu barru-barruan.

Gero, zerbait edan, dutxatu, garagardo bat, eta buelta etxera. Sailkapenean, azken aurrekoa, ordu bat, hamazazpi minutu eta segundo bi. Ole!

Irakurle maitea: azken lerro hauetaraino iritsi bazara, agian piztu zaizu Duatloiren batean parte hartzeko gogoa. Horrela bada, datorren martxoaren 26an, Durangon duzu aukera; Mugarra Triatloi Taldeak X. Duatloia antolatuko du, nagusi eta txikienentzat.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu