Osteguna,
2024ko Apirilak25

MugaKultura

loader-image
Durango
5:32 pm,
temperature icon 13°C
Humidity 79 %
Ráfagas de viento: 11 Km/h

Lesioek emandako lezioa

Iñaki Iza

Iñaki Iza

Egia da, lesio bategatik gehien maite duzun kirola praktikatzeari uko egin behar izatea ez dela batere gozoa. Baina, nahiz eta buruari mila buelta eman, egoera ez da aldatuko; beraz, txipa aldatzea da onena. Eta nik egin dut jada. Normalean, gauza guztiei alde positiboa bilatzeko tendentzia daukat, eta kasu honetan ere, halaxe egin dut.

Bederatzi urte zoragarri pasatu ditut esku pilotaren elitean. Badakit, gauza bategatik edo bestegatik, oso urrun geratu naizela askok nigan ikusten zuten pilotari harengandik. Hala ere, pertsona bezala asko garatu naiz, eta hori guztia, bizi izandakoari zor diot.

Gaur egun ere, pasatutako urte horiek ditut gogoan. Pilotari izan naizen urteak hor daude, pilotaria hor dago, baina ni neu aurrera noa, eta bizitzan zeregin handiak ditut oraindik egiteko.

638030

Horregatik esaten dut izandako lesio andanak, pilotari moduan kendu didaten guztia, pertsona moduan eman didatela. Topiko bihurtu da kirol munduan, lesioetatik asko ikasten dela esatea; baina egia borobila da. Ez dakit zenbat lesio eta errekuperazio izan ditudan azken bederatzi urteetan, nahiago dut horretan ez pentsatu, baina errekuperazio bakoitzak, burua indartzen lagundu dit. Une latzek irtenbidea ere badutela erakutsi didate. Eta, batez ere, momentu onak disfrutatzen eta baloratzen ikasi dut.

Aipatu bezala, ez dakit zenbat ezbehar izan ditudan, baina dakidan gauza bakarra ondorengoa da: lesio guztietatik indartsu atera naiz orain arte eta, honetan ere, halaxe egingo dut. Urte hauetan ikasitako guztiaren ondorioz, gaur egun naizena izatera iritsi naiz, uneoro etsi gabe aurrera eginez. Pilotari izandako urteak hortxe geratu dira, iraganean, eta orain, amets berriak dituen pertsona bat bezala egingo diot aurre honi guztiari.

Ez dut bukatu nahi eskerrak eman gabe. Lagunak, lagunago bihurtzen dira momentu latzetan, eta nik ez dut babes faltarik izan momentu batean ere ez. Koadrila, familia, entrenatzaileak eta herria orokorrean beti ondoan sentitu izan ditut. Baina babes guzti hauetatik, bat azpimarratuko nuke bereziki, benetako lagun batengandik jasotakoa, alegia.

Afizionatu mailan jokatzen nuenetik, partidu guztietara nirekin etorri izan da Kiko Atxa; bai Zornotzatik hurbil jokatu ditudan partiduetara, eta baita ehunaka kilometrotara jokatutako partiduetara ere. Hainbat eta hainbat kilometro, afari, esperientzia, algara, kanta, sekretu… konpartitu ditugu eta, gerrikoa eskegi arren, denak berdin jarraituko duela jakiteak, nire bizitzak aldaketa nabarmenik jasango ez duela erakusten dit.

*Iñaki Iza (Amorebieta-Etxano, 1986) pilotaria da

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu