Asteazkena,
2024ko Apirilak24

MugaKultura

loader-image
Durango
2:18 am,
temperature icon 6°C
Humidity 93 %
Ráfagas de viento: 6 Km/h

Pozik

Ekaitz

Ekaitz Herrera

Esperimentu baten parte omen zen guztia. Gazteriari buruzko aurreiritzi sorta proiektatu zuten lehenik pantailan. Aretoan bildutako guztiek egin zuten bat mezuen muinarekin: “gazteria galduta dago”, “gazteriak galbidera darama gizartea”. Baina hain XXI. mendekoak ziruditen mezuak irakurri ostean etorri zen ikusleen sorpresa: proiektatutako aipuak kristo jaio aurreko pentsalarienak ziren. Esan nahi baita, esperimentuak ondorioztatu zuen gazteriarekiko aurreiritziak historiako belaunaldi guztietan egon direla, eta beti eraiki izan direla optika negatibo batetik.

Traña-Matienan ere esperimentu gisako bat izan dugu aurtengo sanprudentzioetan. Lehenengo aldiz antolatu du gazte eguna bertako gazteriak. Nerabe eta gaztetxoak gai izan dira ohiko lokal itxietatik irten eta 200 gazte inguru Altxatu gazteria, piztu herria! lelopean batzeko. Irten dute, kamiseta gorriak soinean jarri dituzte, eta gogotik egin dute festa. Lezio txiki bat helduxeagoak garen gazteontzat. Eta jaietakoa ospakizun anekdotikoa izan arren, agerian utzi dute gizartea eraldatzeko bulkada bat badaramatela barnean. Ez da gutxi, garaiotan.

Herria piztea erabaki dute -piztera gonbidatu gaituzte- eta kolore pixka bat erantsi diote auzo gris aspergarri honi. Eta argitu dute sanprudentzioetakoa zerbaiten abiapuntua baino ez dela. Esperimentuaren ondorioak zeintzuk izango diren jakiteko goiz da oraindik, baina ekintza gehiago etorri bitartean, aurreiritzi guztiak birrintzeko moduko jarrera ekarri dute. Miraz eta txaloz hartzekoa baita herria lozorrotik esnatzeko ardura beregain hartu duen neska-mutil koadrila. Helduagoak garen gazteontzat pozgarria baita autoko ispilutik behatu eta atzetik belaunaldi berriak badatozela ikustea. Esan zuen noizbait Erramun Martikorenak: “etsipen batean bizi ez den gaztea miresten dut”. Ez gara hain gutxi, garaiotan.

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu