CONJETURAS CUÁNTICAS | «I like your style, doc»

Amaia Santana Nick Perfil Mugalari Autor| Iñaki Mendizabal

 

Amaia Santana

Oharra: zine-kritika badirudi, kointzidentzia hutsa da!

Zenbatetan gertatu zaigu? Zenbatetan! Ustez gure lagun leial hori ez zen hala festa behin bukatuta, bere laguntza benetan behar izan zenuenean. Adio giro ona eta adio ustezko konplizitate hori. Zenbat mito eta rock-izar erori zaizkigu bizitzan zehar? Hamaika kontatu ditut nik astegun bakar eta sinple batean! Galaxia oso bat, kaput. Espektatibak, badakizu. Deabruzko espektatibak eta itxaropen (inozo)kamikazeak. Zenbatetan gertatu zaigu?

Gure ‘etsaitzat’ genuen hori izan da, hain zuzen ere, alboan izan dugun bakarra galaxia bertan behera etorri zaigunean. Nork esango luke! Bizitzaren ajeak, zangotrabak, apetak, sorpresak. Eta mundua aldrebes dagoela esaten diogu geure buru gixajoari, ergel aurpegi galanta ezkutatu ezinik. Akaso ez ginen gu aldrebes geunden bakarrak? Aldrebesko interpretazioak eginez, guztiz okerrak. Behin eta berriro, gurpil zoroan.

Dezente hitz egin da azken aldian ‘Dallas Buyers Club’ filmeari buruz. Ez naiz Matthew McConaughey eta Jared Leto aktoreen maisu-interpretazioez arituko. Asko esan da, laudorioak gehienbat, guztiak merezita. Lan bikaina egin dute biek ala biek. Pelikula mamitsua da. IHESA eta industria farmazeutikoa hizpide izan dute adituek. Eta bai, jakina, hori guztia lantzen da Jean-Marc Valléek zuzendutako pelikula guztiz gomendagarrian. Baina, Ron Woodroof pertsona(ia)ren eraldaketa existentziala nabarmendu nahi nuke nik. Alegia, nolatan erortzen zaizkion une bakar batean bizitza itxaropen guztiak eta, horiekin batera, aurreiritzi, ohitura eta uste (ustel) guzti-guztiak. Amildegian oreka-jokoak egin… eta zerotik hasi. Eta mundu berri bat topatu. Asmatu.

Eta borondatea… Ai, borondatea! Gizakiaren motore agortezina. Borondateak eta arimak mugitzen ez dutena ez du ezerk abiaraziko. Horrek azal dezake nola eskeleto bat dirudien cowboyak bizirautea lortzen duen. Eta ez hori bakarrik. Maltzurrei kontra egin (eta nolabait irabazi), aliatu berriak egin (aurreko bizitzan ‘etsaiak’ zirenak, aizu!) eta neska liluratzeko gai ere bada, pilula alternatiboak gora eta behera. “Dena galdu zuenean, askatasuna erdietsi zuen…”. Miresteko modukoa Woodroofen bizi-zuzenketa. Cowboy kapela kentzeko modukoa, bai horixe. “I like your style, doc”.

 * Amaia Santana (Santurtzi, 1984) kazetaria da

rs_1024x759-130828140235-1024.dallas-buyers-club-mcconaughey

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: