Durangoko Azokako guneetan aurkezpen-proposamenak egiten hasita dagoz

Izaskun Ellakuriaga

Gaur zabaldu da epea Durangoko Azokak dituen gune ezberdinetan sortzaileek, elkarteek eta kultur enpresek euren aurkezpen-proposamenak aurkezteko. Iaz  130 ekitalditik gora egin ziren: liburu eta disko aurkezpenak, tailerrak, ikus-entzunezko emanaldiak, hitzaldiak, mahainguruak eta kontzertuak tarteko.

Literatur haur aretoa IBAN Azoka 2010

Durangoko Azoka | ARGAZKIA | Iban Gorriti

 

Lehenengoz, www.durangokoazoka.com webgunetik bideratuko dira aurkezpen-proposamenak. Salbuespen modura, Ahotseneak bere blogean ( www.ahotsenea.net ) izena-emateko aukera ere izango du. Gune guztietara bideratu ahal izango dira proposamenak sarean, Durangoko Azokaren webgunean erregistratu eta horretarako egokituta dagoen fitxa online beteta.

Irailaren 15etik urriaren 15era dago epea proposamenak luzatzeko. Hala ere, proposamenak ontzat emango dira guneetako arduradunen baiezkoa jasotakoan.

Gunez gune honako hauek dira ezaugarri nagusiak:

Areto Nagusia, Hitzaren plaza

Gerediaga elkarteak koordinatzen du izaera ezberdineko ekitaldiak hartzen dituen gunea. Egitarau ofizialari lotuta, inaugurazio hitzaldia, balorazioak eta prentsaurrekoak, kultur gonbidatuari dagozkion ekitaldiak, mahainguruak, etabar izaten dute lekua.  Zabalkunde lanen aurkezpenak ere izaten dira, bai euskara hutsezkoak bai Euskal Herriari zuzenean eragiten dizkioten gaiei buruzkoak ere.

 

Ahotsenea, Sortzaileen plaza

Ahotsenea literatura eta musika sortzaileen gunea da. Musikariak eta idazleak zuzenean ikusteko aukera dago. Bi espazio dauzka, bata bestearen aurrean: besaulkietan, aurkezpen solasaldiak egiten dira. Kazetari edo berbalagun bat alboan, sortzaileek bere lanari buruzko azalpenak ematen dituzte. Agertokian, zuzeneko emanaldiak daude. Liburu errezitaldiak eta kontzertu laburrak taularatzen dira.

 

Kabi@, Digitalaren plaza

Kultura digitalaren plaza izanik, azken hilabeteotako teknologia proiektuak aurkezteko gunea da. Gai honen inguruko hitzaldiak, tailerrak, jokoak edo mahai-inguruak antolatu dituzte.

 

Irudienea, Ikus-entzunezkoaren plaza

Zinearen gunea. Ikusi eta entzun. Proiekzioak, aurkezpenak eta produktuak.

Euskarazko ikusentzunezko sorkuntzaren berri izateko aukera: film laburrak, luzeak, dokumentalak, fikzioa, spotak, sortzaileen aurrez aurreko aurkezpenak… Lan berriak edo gutxi zabaldutakoak lehenetsiko dira. Aurten, KAMERATOIA ikus-entzunezkoen rallya (gazteen
txapelketa) berriz egingo da, baina parte hartzeko izen-ematea aurrerago
zabalduko da.Topagunea da antolatzailea.

 

Saguganbara, Txiki eta Handien plaza

Berbaro elkarteak koordinatuta, familia osoari eskainitako espazioa da. Umeentzako sortzen diren produktu, ikuskizun, tailer eta bestelakoen «ganbara» da. Ume eta gazteak, nagusien transmisioaren bitartez, euskal kulturara hurbildu eta elkarrekin gozatzeko aukera ematen duen gunea.

 

Szenatokia, Arte eszenikoen plaza

Euskarazko antzerkigintzaren eremua da. Euskal antzerkigileei urtean zehar egindako lana plazaratzeko aukera eskaintzeaz aparte, ikuslegoarekin ere harreman zuzena izateko aukera ematen die. Antolatzaileak EHAZE eta San Agustin Kultur Gunea.

 

Azoka TB

Azokan gertatzen dena bertatik bertara eskaintzen du. Edizio honetan, bideoklipez musika saioa ekoiztuko da eta musikariak elkarrizketatuko dira.

 

Plateruena, Kontzertuen plaza

Kafe edo mokaduren bat ahoratuz sortzaile eta bisitarien topaleku izateaz gain, kontzertu handienak ere hemen izaten dira, kafe antzokian. Dena dela, progrmazioa itxia da.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.