ABADIÑO | Zabalik dago jabekuntza eskolako ikastaroetan izena emateko epea

Iturria | Abadiñoko Udalako prentsa oharra

Abadiñoko Jabekuntza Eskolak zabaldu du epea 2014-2015. ikasturtean emango dituen  9 ikastaro eta tailerretan parte hartu nahi duenak izena emateko. Aurtengo egitarauarekin prestakuntza  eta topaketa feministarako bilgune bat sortu nahi da  emakumeek aukera izan dezaten interesatzen zaizkien zenbait gai lantzeko, hasi antzerki eta dantza sortzailetik eta lana aurkitzeko gaitzeko nahiz estresa gutxitzeko tekniketaraino. Iaz 91 emakumek hartu zuten parte Jabekuntza Eskolaren ikastaroetan.

Berdintasun arloko udal zinegotzi Yanire Morenok ikastaro eta tailerretan parte hartzera animatu ditu emakumeak  eta azaldu du  egitaraua prestatzean kontuan hartu direla iazko ikasleen iradokizunak.

Gai bakoitzean aditutako emakumeak arituko dira irakasle eta  ikastaroen matrikula prezioa izango da 15€ abadiñarrentzat eta 30€ beste herrietako emakumeentzat, langabetu eta ikasleek 5€ ordainduko dutelarik. Hona hemen aurtengo ikastaro eta tailerrak: «Zaintzea geure burua zainduz» (urriaren 28tik abenduaren 16ra), «Lanerako jabetzen gaituzten abileziak” (urriaren 22tik otsailaren 18ra) eta «Feminismoa: gogoetarako mugimendua» (urtarrilaren 16 eta 30ean, otsailaren 13 eta 27an eta marxoaren 13 eta 27an). Orobat emango dira «Antzerkirako hastapenak» (urriaren 20tik martxoaren 2ra), «Pelbis-zorua hezi eta gogortzeko ikastaroa” (azaroaren 8tik abenduaren 20ra), «Dantza-mugimendu terapia eta sormenezko dantza» (apirilaren 13tik ekainaren 15era) eta «Mindfullness: estresa nola arindu» (apirilaren 8tik ekainaren 10era).

Dohainik emango dira halaber ondoko tailerrak: «Maitasunaren ipuina» (azaroaren 22an), eta «Autodefentsa feminista» (martxoaren 14an).

Ikastaroak hasi baino astebete lehenagora arte egin daiteke matrikula Errotan eta Txanporta Kultur Etxean edo emailez «berdintasuna@abadiano.org» helbidean. Plaza mugatuak daude. Haurtzaindegi zerbitzua egongo da  baina aldez aurretik eskatu beharko da.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.