ANTAPARA | Izaro Andrés | ‘Udazkena’

IZaro

 

Izaro Andrés 

 

Udazkena. Azken uda. Ez nekien uda bat baino gehiago bazenik. Udazkena. Udaren azkena, neguaren hasiera. Negulehen. Lehen negua. Ez nekien negubat baino gehiago egon zitekeenik.

10155531_10152388979185320_2226512565321106764_n

Urtaro definitua da uda. Eguzkiak markatua, itsasoak, mendiak, jaiek, oporrek, bidaiek, maitasunek, gorputzek, hareak. Definitua da oso. Egunerokotasunaren geldialdi bat, salto bat, apurtze bat. Askatasunak definitzen du uda. Urtaro definitua da uda. Hasi eta amaitu, helburu batekin. Helburu batekin, badelako norbait bere zain. Ume txikiak eskolen ateetan zain, maitaleak hegazkinen ateetan zain, tximurtutako jendea beraien herrietara doazen bideetan zain. Urtaro definitua norbait duelako zain. Eta norbaitek ematen duelako faltan joaten denean. Udak maitatzera eraman zituen gorputz jada ez maitaleek, udan gozoak ziren musu jada eman gabeen jabe hotzek, etorri ziren lekutik joan diren horiek, joan ziren lekutik itzuli diren horiek, joan gabe inoiz itzuli ez diren horiek. Urtaro definitua da etorri baino lehen norbait duelako zain, eta joan eta gero norbaitek emango duelako faltan. Uda.

Urtaro definitua da negua. Udaren beste aurpegia delako da urtaro definitua. Uda delako bere beste aurpegia. Elurrak markatua, hotzak, euriak, haizeak, maitasunak, ferekak, oheak, burusiak, esne beroak, amonak. Definitua da oso. Egunerokoaren geldialdi bat delako; uda bezala, salto bat; uda bezala, apurtze bat. Definitua da norbait duelako bere zain. Umeak Olentzeroren zain, maitaleak maiteen zain, familiak familien zain; elkartzeko, batzeko, izateko. Norbait dago neguaren zain. Udaren aurkako izateak, hain ezberdinak izateak, berdintzen ditu urtaro lez. Negua definitua dago joan eta gero badagoelako norbait faltan emango duena. Elurra urtzen ikusteak min ematen dien begi horiek, maindire artean bero egon diren horiek, bazkal ondoko kafeak usaindu dituzten horiek, maitatu duten horiek, maitatuak izan direnek. Negu hotz izugarria. Baina beroa. Negua.

| HUTSUNEA | Eta bi urtaro definituren artean, hutsunea. Zerk elkartu bi urtaro hain ezberdin? Nor ausartuko ote da bien arteko lotura ezartzera? Eguzkia eta elurra. Beroa eta hotza. Kilimak eta ferekak. Maitasuna eta maitasuna. Zerk elkartuko ditu? Udazkenak. Udazken ausartak. Bi berezitasunen artean kokatzearen ausardiak. Bi izarren distiren artean itzaltzeko ausardiak. Udazkena. Ez uda, ez negu, udazken. Uda itoko duen ausarta, negua esnatzeko. Udaren beroa hoztu, udako hostoak kikildu, zimeldu. Udaren berdea mila kolore bihurtu. Horia, gorria, marroia. Aldaketaren erregina. Erregina ausarta. Ez da definitua udazkena, ez dauka definiziorik. Edo definizioak ez du udazkenik. Udaren hiltzailea. Bere arrastoak hiltzen ditu, baina hil aurretik, hil aurretik bere edertasunaren ederrenera eramaten ditu. Ez al da egia? Ez al da egia basoak inoiz baino ederrago daudela udazkenean? Zuhaitzak inoiz baino ederragoak direla? Badela zerbait udazkenean edertasun iturri? Badaki udazkenak edertasuna egiten, eta dena bihurtzen du eder heriotzara zuzendu aurretik. Izadia bere heriotzaren atarian bihurtzen da ederren. Hil baino segundo bat lehenago da inoiz izan dena baino ederrago. Heriotzak edertuko balu bezala. Bere bidearen oroimenak edertuko balu bezala. Agur soineko ederrenaz. Azken dantzarako prest. Eder, goren.

 

* Izaro Andres (Mallabia, 1993) Komunikazioko ikaslea da.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.