19. Korrikak Durangoko Azoka omenduko du

Mugalari

Korrikaren 19. edizioa aurkeztuko zuten atzo Bilboko Arriaga antzokian egindako ekitaldi batean. Urepelen (Nafarroa Beherea) hasiko da AEK-k antolatzen duen euskararen aldeko lasterketa 2015eko martxoaren 19an, eta Bilbon bukatu hamar egun geroago, martxoaren 29an. Aurtengo edizioko omendua Durangoko Azoka izango da, 2015ean 50 urte beteko dituela ospatuz, eta leloa, aldiz, ‘Euskahaldun!’ izango da.

IMG-20141106-WA0002

19. Korrikaren aurkezpena, atzo Bilbon. | ARGAZKIA | Izaskun Ellakuriaga

Arriaga antzokian egindako ekitaldian Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusia eta Asier Amondo Korrika arduraduna egon ziren, AEKren Artezkaritza Kontseiluko kideekin batera.

Amondok eman zituen Korrika 19ren xehetasunak. Horrela, Urepeletik Bilbora bitarteko ibilbidean 2.000 kilometrotik gora egingo direla jakinarazi zuen, eta, leloari dagokionez, ‘Euskahaldun!’, Amets Arzallusek Korrika 18ren amaieran Baionan esandakoak ekarri ditu gogora: «Herri hau euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen». Izan ere, bere esanetan, «herri hau euskaraz pentsatzen ahal dugu, edo ezin dugu pentsatu».

Euskal Herrian auzolanean eta elkarlanean egindako «lorpen handiak» goraipatu ditu Amondok, eta, «guztion artean, auzolanean eta elkarlanean, euskaraz biziko den herria lortuko dugula» ziurtatu. «Herri honek auzolanean eta elkarlanean lorpen handiak egin ditu, Korrika bera, esaterako, eta iraganean bezala, gaur egun ere eskuzabal eta ahaltsua dela frogatuko du. Hori da Korrikaren eta AEKren nahia», adierazi zu.

| Durangoko Azokari omenaldia | Ildo horretan, Euskal Herrian auzolanean eta elkarlanean egindako «beste lorpen handi bat» Durangoko Azoka dela gogorarazi zuen Amondok, Korrika 19ren omendua, hain zuzen ere, eta 2015ean 50 urte beteko dituela nabarmendu zuen.

1965ean liburu azoka soil gisa sortu zen ekimena «etengabe haziz eta zabalduz» joan dela azpimarratu du, «apurka-apurka, liburu eta diskoez haratago, euskal kultur eragileen topagune bihurtu arte». «Gaur egungo azoka ez da liburuen eta diskoen azoka bat soilik, euskalgintzaren eta euskal kulturaren bilgunea da, euskaldunen eta kulturzaleen ezinbesteko topalekua», gaineratu zuen.

Azkenik, Korrikan nola parte hartu daitekeen gogorarazi dute ekitaldian, hala nola herri edo auzoetan eratuko diren batzordeetan, Korrika Laguntzailea euskarria edo erosiz, korrikalarien petoa hartuz, herriz herri egingo den diru bilketan lagunduz edo Laboral Kutxaren 3035 0072 0207 2003 7810 kontu korrontean nahi den diru kopurua sartuz.

Halaber, webgunea zabalduz edo Korrikaren sare sozialak erabiliz ere lagundu daitekeela adierazi dute, eta, ildo honetan, Amondok iragarri zuen abenduaren 3tik aurrera www. korrika.eus izango dela webgunearen helbidea, eta ez www. korrika.org.

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.