49.AZOKA | Okzitania, Anuntxi Arana, 500 sortzaile, autoekoizleak… eta bigarrenez zuzendari barik

Mugalari

Durangoko Azokak abenduaren 5etik 8ra zabalduko ditu bere 49.  edizioaren ateak, eta guztira, 245 erakusmahai izango ditu. Halaber,  150 kultur ekitaldirekin osatu da egitaraua, eta horietan 500  sortzaileren parte hartzea izango da. Gainera, 132 partaide izango  dira aurten Durangon, eta horien ondoan, beste 16  autoekoizle izango  dira aurten lehenengoz, Gerediaga Elkarteak bereziki prestatu dien  gunera. Aurtengo ‘hitz majikoak’ izango dira Okzitania (herrialde gonbidatua), Anuntxi Arana (Argizaiola Saria), 500 sortzaile…, eta aurten bigarrenez feriak ez du eukiko zuzendaririk. 

Guztira, 330 nobedade aurkeztuko dira 49. Durangoko Azokan zehar:  222 liburu, 61 disko, 27 aldizkari, 14 bestelakoak (joku, agenda,  egutegi), hiru bideo eta hiru argitalpen elektroniko. Halaber, gunez guneko egitarauari dagokionez, Irudienean,  bikoizketa tailerrak, 40 proiekzio baino gehiago, aurkezpenak,  solasaldiak, mahai inguruak eta ‘Xalbador’ dokumentalaren  estreinaldia izango dira. Plateruenan egunero izango dira  kontzertuak, goizez eta gauez, eta Szenatokian sei antzerki produkzio  berri aurkeztuko dira, Antzerki Maratoia egingo da eta musika-dantza  ikuskizun bat estreinatuko da.

Kabi@ gunean lau ekimen berritzaile egingo dira eta 12 proiektu  aurkeztuko dira; Ahotsenean 55 zuzeneko eta 35 solasaldi izango dira;  Areto nagusiak 30 aurkezpen eta 12 solasaldi hartuko ditu;  Saguganbaran 20 tailer, 14 liburu aurkezpen, zortzi ipuin kontalari,  hitzaldiak eta jolasak izango dira; eta Azoka TB guneko platoan 32  saio ekoitziko dira.

OTAEGI azoka

Aurpegi ezagunak Azokan. | ARGAZKIA | Iban Gorriti

| ANUNTXI ARANA (LUAIONDO, 1947) | Bertan, Argizaiola Saria Anuntxi Aranak jasoko duela iragarri  zuten atzo prentsaurrekoan. Arana Angelun bizi da eta euskal mitologian egin ditu bere lan  idatziak. Bere lan nagusia 1996koa da, «Orozko Haraneko kondaira  mitikoak: bilduma eta azterketa tesia» da. Bera izan zen Iparraldean  euskaraz egindako lehen tesia defendatu zuena. Orain, euskal kultura  sustatzen egin duen lan hori aintzatetsi nahi dio Durango Azokak, eta  abenduaren 6an emango zaio Argizaiola Saria San Agustin Kultur  Gunean, Oier Guillanek zuzendutako ekitaldian.

Halaber, herrialde gonbidatua Okzitania izango da aurten, bere  kultura eta hizkuntza, hain zuzen ere. Agerraldian nabarmendu dute  Euskal Herriak eta Okzitaniak lotura dutela, «baina neurri batean  ezezagunak» ere badirela. Horrela, elkarren arteko ezagutzan  sakontzeko prestatu da aurtengo egitaraua.

Modu honetan, euskarak eta okzitanierak historikoki izandako  harremanen inguruko hitzaldia izango da, eta hizkuntza gutxituek  sareko baliabideak nola erabili ditzaketen ere aztertuko da.

Gai  horretan ere euskaldunak eta okzitaniarrak elkarrekin ibiliko dira,  Internet bidez emititzen duen OCtele okzietanierazko lehenengo  telebista ere izango baita Durangon. Gainera, gaztetxoenei begira,  Maite Franko ipuin kontalariaren bitartez, haur euskaldunek Saguganbaran ‘Jan de l’Ors-en kondaira’ ezagutuko dute.

Abenduaren 5etik 8ra milaka lagun espero ditu Gerediaga Elkarteak  Durangoko Azokan, eta, bisitariei esperientzia errazteko asmoz eta  gozagarri egiteko, besteak beste, mugikorretarako aplikazioa eta  Euskalteli esker doako wifi zerbitzua emango da. Instagram sare  sozialean ere #Dazokat argazki lehiaketa abian izango da azoka  egunetan.

AZOKA 2014

Azokaren aurkezpena, atzo Plateruenan. | ARGAZKIA | Iban Gorriti

| AUTOEKOIZPENAK LEHENENGOZ |Bestalde, sortzaile guztiek Kulturaren Plaza nagusian euren lekua  izateko ahalegina egin eta gero, guztira 16 autoekoizlek izango dute  gunea, bereziki horientzako prestatu den espazioan. Espazioaren  antolaketa ekimenean parte hartzen duten sortzaileek eurak bideratuko  dute. Areto Nagusiaren alboan egongo da autoedizioentzako espazioa.

Liburugintzari dagokionez, Markus, Juan Angel Tamayo, Tierra de  Nubes, Lander Iruretagoiena, Etikarte, Josu Goiri Iturrizar, Angel  Gallo, Maite Toledo, Lauxeta Ikastola, The Indezents eta Ahoztar  Zelaieta izango dira, eta musikarien artean, Soviet taldea, Khous,  Haxotz, On Musika eta Adarrots izango dira.

Azkenik, Durangoko Azokako antolakuntzak dei berezia egin die  bisitariei garraio publikoa erabiltzeko, Durangotik eta Durangora  trenez eta autobusez joateko Bizkaibus, Euskotren, Lurraldebus (Pesa)  eta Continental-Auto (ALSA) konpainiek zerbitzua eskaintzen baitute.

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.