Larunbata,
2024ko Apirilak20

MugaKultura

loader-image
Durango
12:21 pm,
temperature icon 16°C
Humidity 44 %
Ráfagas de viento: 14 Km/h

‘Goazen gudari danok… Arkeologia eta memoria historikoa’ erakusketa ikusgai Bilbon

Mugalari

Atzo, osteguna, abenduaren 18an, Bizkaiko Arkeologi Museoak “Goazen gudari danok…. Arkeologia eta memoria historikoa. Askatasun bidean Zirardamendi-Aiastia (San Migel) Elgoibar, 1936, En defensa de la libertad” erakusketa ibiltaria inauguratu zuen Bilbon. Erakusketa Sabino Arana Fundazioak antolatu du, zenbait udalekin eta beste instituzio eta beste kultur erakunde batzuekin, besteak beste, Aranzadi Elkartearekin eta Sancho de Beurko Elkartearekin elkarlanean. Erakusketa beste programa baten barruan dago, zehazki Zirardamendi-Elgoibar frontean, 1936ko irailean,  gertatu zen  guduaren oroitzapenezko ekitaldien egitarauan, zeinen bidez, gainera, gorazarre egin nahi baitzaie orduan hil ziren milizianoei eta gudariei, haietariko asko bizkaitarrak. 

Iñaki Goiogana

Iñaki Goiogana Bilboko erakusketan. | ARGAZKIA | SAF

 

“Hasiera batean  gatazka hartan jazo ziren gudu ugarietako bat  besterik ez lirudikeenak azken buruan  esangura berezia izan zuen  Euskadirentzat. Gatazka hartan gudu hura mugarri bat izan zen, bere aurrekoa eta ostekoa bereizi zituena eta, neurri handi batean, baita gure Herriaren historian eragin handia izandakoa ere”, dio erakusketaren arduradun Iñaki Goioganak.

Arana Goiri batailoiko hamalau gudari hil ziren  36ko irailaren 25ean Zirardamendi-Aiastia (San Migel)-Elgoibar frontean, Euskadiren askatasunak defenditzen: Juan Agirre, Emeterio Llavori, José Txintxurreta, Paulino Beraza, Juan Zabala, Blas Larrazeleta, Ambrosio Etxebarria, Felipe Elorriaga, Sabin Atutxa, Eusebio Gaubeka, Imanol Etxebarria, Marcelino Gandarias, Miguel Palacio eta Félix Arbulu. Guztiak Arana Goiri batailoikoak, Erandio, Leioa, Getxo, Santurtzi, Bilbo eta bertako Begoña eta Abando elizate ohiak, Getxo, Barakaldo eta Portugalete herrietako gazte haiek  36ko gerrako fronte hartan hil ziren.

Hain zuzen ere, gudari haien jarkierak eragotzi zuen ejertzito altxatuak aurrera egitea, bai halaber, frontea zenbait hilez egonkortzea lortu. Horrenbestez, Autonomia Estatutua, Madrileko Gorteetan urriaren 1ean onetsia izan zelarik, eraginkor bihurtu ahal izan zen eta urriaren 7an Lehendakari aukeratu zuten Jose Antonio Agirre, zeinek bere kargua Gernikan zin egin baitzuen. Horretara, bada, lehenengo Eusko Jaurlaritzak armada bat eregitea lortu zuen, edo baita milaka eta milaka errefuxiatu (umeak batez ere) sorotsi zituen laguntza-sare bat ere, unibertsitate bat, euskarazko egunkari bat, hezkuntza-sare bat, etab. Hori guztia 1936ko urria eta 1937ko ekaina bitartean.

| LIBURUA | Horrexegatik, joan den irailaren 4az geroztik, egun horrexetan inauguratu baitzen erakusketa Elgoibarren,  oroitzapenezko hainbat ekitaldi gauzatu izan dira, gorazarrea egiteko gudari haiei. Horrenbestez, hile horrexen 15ean liburu bat aurkeztu zen, Patxi Juaristi soziologoak, Aitor Estebanek, Francisco Etxeberria auzitegi-medikuak eta Josu Chueca eta Iñaki Goiogana historialariek idatzia; liburu horretan frontean gertatutakoa gogoratzen eta bere testuinguruan kokarazten da. Irailaren 18an, Baleukok ekoitzitako dokumental bat estreinatu zen. Hilaren 21ean,  Iñigo Urkullu zela buru, San Migeleko (Aiastia-Elgoibar) pilotalekuan eta Zirardamendiko maldetan gorazarre egin zitzaien hildako gudariei.

Joan den irailean Elgoibarren abiatu zenetik, erakusketak gudari haien jatorriko herri batzuk ere ibili ditu; zehazki,  Erandio, Leioa, Mungia, Santurtzi eta orain Bilbora heldu da.

Panelak azalpen-testuekin, argazkiak, jantziak, borrokan erabilitako trepetak (kaskoak, armak, eskuko bonbak, kantinplorak, mahai-tresnak, platerak, zenbait jantzi),  beira-arasak, erakusgai dituztela Aranzadik 2012an Zirardamendin hustutako hobi komunean aurkitutako gauzaki pertsonalak, etab. Hori guztia ikusi ahalko da Bizkaiko Arkeologi Museoan datorren otsailaren 28a bitartean.

Bilbon erakusketak berezitasun bat du, hots: orain arte ikusi gabeko atal bat erantsi zaio, erakusteko nola arkeologia baliagarria izan daitekeen  edozein aro historiko ikertzeko metodo gisa, eta informazioa  emateko, beste iturri batzuek, dela ez jakiteagatik, dela ahaztuta, dela asmo txarrez nahiz interesik gabe, isilpean duten zenbait konturi buruz.

Orobat nabarmendu behar da, urtarrilaren 14an eta 28an eta otsailaren 11n eta 25ean, 18:00etan, gidaridun bisitak egingo direla Iñaki Goiogana erakusketaren arduradunaren eta Arkeologi Museoko teknikarietako baten eskutik, azken horrek azalduko duelarik aipagai dugun gertaera historikoan arkeologiak duen balioa.

Erakusketa Bizkaiko Arkeologi Museoan ikusi ahalko da datorren otsailaren 28ra arte, 10:00 eta 14:00 bitartean, eta  16:00 eta 19:30 bitartean, eta igande eta jaiegunetan, 10:30 eta 14:00  bitartean.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: , ,

Bilatu