Ostirala,
2024ko Martxoak29

MugaKultura

loader-image
Durango
9:41 am,
temperature icon 12°C
Humidity 81 %
Ráfagas de viento: 34 Km/h

Amorebieta-Etxanoko udalak Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu du

Mugalari
Amorebieta-Etxanoko Udaleko osoko bilkurak aho batez onartu zuen, martxoaren 27an, hurrengo hiru urteetan (2015-2017) udalerrian euskararen erabilera sustatzeko helburu estrategikoak bereganatzen dituen ekintza plana.
image

Honakoak dira helburu estrategikook:

1.- Euskararen jabekuntza:  Hizkuntzaz jabetzea, hiztun bilakatzea dakar berekin helburu honek, eta familia transmisioa, irakaskuntza eta euskalduntzea/alfabetatzea dira esparru nagusiak.

2.- Euskararen erabilera: Hizkuntzaren erabilera bultzatzeko neurriak sustatu behar dira, bereziki administrazioan, arlo sozio-ekonomikoan, aisian eta kirol arloan.

3.- Euskararen elikadura: Bi arlo nagusi ditu, bata sorkuntza eta bestea kontsumoa. Beraz, lehenik eta behin, euskarazko kalitatezko sorkuntza sustatu eta babestu behar da eta, horrekin batera, euskarazko kontsumoa indartu behar da. Sail honi dagozkio liburugintza, kulturgintza, publizitatea, hedabideak…

Zehar lerro bat ere bereganatzen du; izan ere, etengabekoak izango baitira horiekin guztiekin batera sentsibilizazioa eta motibazioa.

Onartu berri den Euskara Sustatzeko Ekintza Planean, hiru urteko epean garatu eta burutuko diren jarduerak zehazten dira. Garapenarekin batera, urtero-urtero gauzatuko dira planaren ebaluazioa eta jarraipena, eta 2018rako egin beharreko egokitzapenak ebaluazio horien emaitzetan oinarrituko dira. Hainbat dira, eta era askotakoak, aurtengo urtean gauzatuko diren ekintzak. Besteak beste direla, honako hauek nabarmen daitezke:

 

–          Haur literatura tailerra: Udalerriko ikastetxeekin elkar lanean burutzen da. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan irakurketarekiko zaletasuna bultzatzea xede duen ekintza da, orokorrean, eta literatura lan gomendagarriak lantzea du oinarri. Adin bakoitzean, formatu ezberdinetan, ipuin antzeztuak, ipuin kontalariak, antzerkiak, liburu erraldoia, idazleekin elkarrizketak eta erakusketa girotua bezalako ekintzak burutzen dituzte urtero.

–          Gu ere bertsolari programa: Bertsolaritzaren jarduna eskola eremura ekarrita, euskararen ikaskuntzan hizkuntzaren erabilera praktikoari dagozkion esparru berriak zabaltzen dira. Hitzarekin eta hizkuntzarekin jolasten den bitartean, bertsoekin lan litezkeen hainbat esparruri ekiteko aukera jartzen da ikasleen eskura: euskara, kultura, musika eta trebetasun pertsonal eta sozialak jendaurrekotasuna, auto-estimua, elkarkidetza…

–          Gabonetan Jai: Gabon garaian etxeko txikienentzat eta gazteentzat urtero antolatzen diren egitarau bereziak.

–          Hizkuntza indartzeko proiektua: Irakaskuntza arautuan sartzen diren ikasle etorkinei murgiltze-fasean euskaraz jabetzen eta euskaldun bilakatzen laguntzeko indartze saioak.

–          Erdu olgetan familian: Gurasoek seme-alabekin batera parte hartzeko ekintzak, euskararen erabilera bereziki zainduz eta sustatuz.

–          Ibilialdiak familian: Etxeko gaztetxoenek gurasoekin batera egiteko moduko ibilaldi didaktikoak, natura eta inguruko paisaiak eta parajeak ezagutzeko, eta landa-bizitzara eta bertako jardueretara hurbiltzeko  parada ezin hobea eskaintzen dutenak.

–          Ibiliaz ezagutu: Gida euskaldunek lagunduta eta autobus zerbitzua izanik inguruetako natura, kultura eta arkitektura ondarea ezagutzeko antolatzen diren mendi-irteerak.

–          Berbaldiak programa: Euskaldun zaharrak eta euskaldun berriak, bere egunean ikasten ibili zirenak, gaur egun ikasten ari direnak, euskaraz jarduteko ekimen parte-hartzailea.

–          Tinko programa. Eskola-umeek eta gaztetxoek zinea euskaraz ikusteko ekimena.

–          Apelliduak abizendu: Deituren grafia euskarara egokitzeko ekimena.

–          Udaleku irekiak: Eskola-umeen opor garaian hainbat ekintza eta jardueraz blaituta antolatzen diren aisialdi-egitarauak.

–          Gurasolagun programa: Gurasoei zuzenean bideratuta dagoen euskarazko mintzaldien ekimena .

–          Izen euskaldunak.

–          Gazteria, gaztezulo kultur eskaintza: Gazteei zuzenduta dagoen euskarazko hedabidearen sustapena.

Merkataritzaren eta ostalaritzaren sektorean euskararen erabilera sustatzeko ekimenak.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: , ,

Bilatu