Larunbata,
2024ko Apirilak20

MugaKultura

loader-image
Durango
5:42 pm,
temperature icon 18°C
Humidity 61 %
Ráfagas de viento: 19 Km/h

Enrike Solinís & Euskal Barrokensemblek disko berria estreinatuko du Bilboko Bizkaia Aretoan ostiralean

Mugalari

Euskal Barrokensemble, Enrike Solinís gitarra jole ospetsuak zuzentzen duen eta antzinako musikan espezializatuta dagoen taldeak, “Euskel antiqva – El legado musical del País Vasco” bere azken diskoa estreinatuko du Bilbon urtarrilaren 15ean, ostiralean (19:30ean), XV. eta XVI. mendeetako euskal musikaren bilduma argitaratu gabea. Emanaldia Bizkaia Aretoan izango da (UPV/EHU-k Bilbon duen eraikinean, Abandoibarra, 3an. Guggenheimeko Tranbiaren Geralekuan), zuzeneko oso emanaldi berezian, Leire Berasaluzeren ahotsarekin eta Begoña Zubieta kazetariak errezitatuko dituen zenbait testurekin. Horrez gain, Aiko Taldeko Patxi Laborda eta Ainhoa Odiaga dantza maisuak ere arituko dira. 

euskalbarrokensemble
‘Euskel Antiqva’, Euskal Herriko musika kulturaren muinera hurbiltzen gaituen antzinako euskal musika bilduma argitaratu gabea da. Abestietan, mendeetan zehar euskal kultura aberastu duten kulturen eragina nabari daiteke, eta diskoak jatorri historiko eta literario anitzeko testuak ere jasotzen ditu, 1680ko sorginkeria prozesu bati dagokion adierazpenetik, 2004an Madrilen aurkitu zen XVI. mendeko euskara arabarrez idatzitako esku-izkribura edo Bernat Etxepareren bertso klasikoetara. ‘Euskel Antiqva’ lana Jordi Savallek argitaratu du, lau hamarkada baino gehiago gizateriaren musika ondarea berreskuratzeko lanean ari den mundu mailako antzinako musikako nazioarteko adierazle nagusietakoak.

Savallek “musika ezin ederragoa, kantu liluragarri horiek” entzuteko eta “taldeko abeslarien eta musikarien eta Enrike Solinís zuzendariaren talentuari eta sentsibilitateari esker, bizitzaz eta zirraraz beteta dauden eta antzinako Euskal Herrira eramanez musika kulturaren muinera hurbilduko gaituzten musikako harribitxiak aurkitzeko” gonbidapena egiten du. Diskoa 2015ean argitaratutako disko hoberenen artean aukeratu berri du France Musique irrati publiko frantses entzutetsuak, musika klasikoan eta jazzean espezializatuta dagoen Radio-France taldeko irrati kateak.

Joan den uztailean Frantziako Languedoc hiri historikoko Fontfroide abade-etxean mundu mailan estreinatu eta Polonian eta Alemanian bira egin ondoren, Enrike Solinís & Euskal Barrokensemblek Bilbon aurkeztuko du lan berezi hori. Taldearen zuzendaritza artistikoaren ardura Solinís berarena da. Solinís ospe handieneko antzinako musika interpreteen artean dago, eta, gainera, gitarra barrokoa, lauta eta lavta ere joko ditu. Berarekin batera, Pablo Martín Caminero (kontrabaxua), Dani Garay (perkusioa), Miren Zeberio (biolin barrokoa) eta Sabin Bikandi (txistua, alboka eta gaita), eta Leire Berasaluzeren ahotsa izango ditugu Bizkaia Aretoko eszenarioan.

Emanaldia AIKO Taldeko Patxi Laborda eta Ainhoa Odiaga dantza maisuekin eta zenbait testu errezitatuko dituen Begoña Zubieta kazetariaren presentziarekin osatuko da. Errezitatuko diren testuen artean Juan Pérez de Lazarragaren zenbait poema klasiko, Bernat Etxepareren “Linguae Vasconum Primitiae” laneko parteak eta “Cantar de la batalla de Urrejola” izenekoaren zati historikoak egongo dira, guztiak ere XVI. mendekoak.

Bi egun geroago, igandean, urtarrilaren 17an, “Euskel Antiqva” Gipuzkoako hiriburuan estreinatuko da (Kursaaleko auditorian, 19:00etan). Oraingo honetan, Enrike Solinís eta bere Euskal Barrokensemble izango dira Kursaal Eszena programa barruko musika klasiko zikloa irekiko dutenak. Donostian, aipatutako interpreteei Maika Etxekopar (ahotsa), David Sagastume (kontratenorea), Javier Cuevas (baxua), Mixel Etxekopar (xirula, ttunttuna eta ahotsa) eta Daniel Oyarzabal (organo positiboa) gehituko zaizkie. Testu klasikoak errezitatzeaz Teresa Lopez de Muniain arduratuko da, eta Patxi Laborda eta Ainhoa Odiaga dantza maisuei Irune Arrizubieta eta Josu Garate (Aiko Taldea) gehituko zaizkie. Diskoak jasotzen dituen 23 piezatatik 16 interpretatuko dira, eta baita euskal abesti klasikoak ere, “Aldapeko sagarraren”, adibidez, Solinísen “Colores del Sur” azken diskoko “Kanario” lana edo XVI. mendeko Europako dantza tradizional bat, besteak beste.

· Euskal Barrokensemble · Enrike Solinís gitarra sortzaileak sortu zuen 2006an, eta ia hamar urtetan hainbat herrialdetako musikariz osatutako zenbait talde izan ditu. Birak egin ditu Europan (Espainia, Italia, Frantzia, Belgika, Alemania, Suitza, Austria, Txekia, Polonia, Irlanda), Amerikan (Kanada, EE BB, Mexiko, Kuba, Costa Rica, Nikaragua, Argentina) eta Ekialde Hurbilean (Israel).

Horrez gain, Euskal Barrokensemblek ikus-entzuleen eta kritikaren txaloak jaso ditu, eta nazioarteko hainbat ekitalditan hartu du parte, Montrealgo Jaialdi Barrokoan (Kanada) edo Pragako Udaberriko Jaialdian, Hanburgoko Festival für Alte Musik izenekoan, Holandako Flamenko Biurtekoan, La Habanako Musika Jaialdian edo Madrilgo Auditorio Nacional izenekoan, besteak beste. Euskal Herrian, Ziortzako Antzinako Musika Jaialdian, Donostiako Musika Hamabostaldian edo Bilbao 700 Fundazioak antolatzen duen Musika-Música jaialdian hartu du parte.

· Enrike Solinís · 
Enrike Solinís taldearen sortzailea eta zuzendaria, beste batzuen artean Paco de Lucía, Narciso Yepes, Lutosławski, Steve Vai, Tinariwen edo Los Panchos bezalako eragin anitzak dituen musikaren aurrean duen pasioa aitortzen duen bilbotarra da. Konposizio eta gitarra goi mailako ikasketak egin zituen Bilboko J. C. Arriaga Kontserbatorioan, antzinako musikako goi ikasketak Bartzelonako ESMUC-en eta, aldi berean, Bartzelonako Escola Luthier eskolan José Tomás maisuaren Cum Laude Kontzertu emaile gradu-ostekoa lortu zuen.

Nazioarteko hainbat gitarra lehiaketetan jaso ditu sariak, eta kultura askotako musiken aldeko interesa erakutsi du. Horrez gain, musikari bakarlari eta kontinuista gisa aritzen da talde garrantzitsurekin, Jordi Savallek zuzendutako Hesperion XXI, Le Concert de Nations eta la Capella Reial de Catalunya; René Jacobsek zuzendutako Concerto Vocale eta Akademie für Alte Musik; Emmanuelle Haimek zuzendutako Le Concert D´astrée, Manfredo Kraemerrek zuzendutako Baroque 21 Lab, The Rare Fruits Council, etab.

Europako eta Ameriketako nazioarteko jaialdi eta areto garrantzitsuenetan hartzen du parte sarritan, New Yorkeko Carnegie Hall, Berlingo Konzerthaus, Pariseko Champs Elysées, Theater an der Wien, Mexikoko Culiacán Internacional Festival, Londoneko Barbican Center, Mexikoko D.F.-ko Sala Nezahualcoyotl, La Habanako Festival Leo Brouwer…

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: ,

Bilatu