Ostirala,
2024ko Martxoak29

MugaKultura

loader-image
Durango
1:40 am,
temperature icon 13°C
Humidity 84 %
Ráfagas de viento: 46 Km/h

JUAN MARI ATUTXA: «Sasoi latz hauetan, indarra eta istilua baliatu nahi izan dira zubien eta beti beharrezkoa den elkarrizketa politikoaren gainetik”

“Europa-Latinoamerika: merkataritza-harremanen joerak, ondorioak eta eragin geopolitikoak” izenburua gaitzat hartuta, Sabino Arana Fundazioak eta Europako Alderdi Demokratak (PDE-EDP) urtero-urtero antolatzen dituzten Bilboko Elkarrizketen hamargarren edizioa izan da. Hamar edizio hauetan, Europa eta Latinoamerika izan ditugu aztergai eta hizpide nagusi eta, hortaz, bi lurraldeok zerk batzen gaituen eta Atlantikoaren bi aldeetatik elkarrekin zer erronkari aurre eman ahal diegun jorratu dugu. Aurten, Europaren eta Latinoamerikaren arteko merkataritza-hitzarmenen egungo egoera eta etorkizuneko erronkak aztertu ditugu, 2017 eta 2018 urteetan, Argentinan, Txilen, Mexikon, Brasilen eta AEBn (parlamenturakoak) egingo diren hauteskundeen ingurumarian.

X Diálogos

“Garai zailak gertatzen ari dira estatuan eta munduan”, adierazi du Sabino Arana Fundazioko lehendakariak jardunaldiaren hasiera-ekitaldian. “Garai gatazkatsuak, biziak eta erabakigarriak dira estatuan, batik bat, azken asteotan, eta badirudi horrelakoak izango direla hurrengo egunotan. Garai zailak dira eskubide, askatasun eta demokraziarentzat; eta sasoi latz hauetan, legezkotasunaren printzipioa astindu nahi da herritarren gogoaren aurka; sasoi latz hauetan, indarra eta istilua baliatu nahi izan dira zubien eta beti beharrezkoa den elkarrizketa politikoaren gainetik”, azpimarratu du.

Atutxaren iritziz, munduan ere garai zailak ari dira gertatzen, baina, nolanahi ere “itxaropenez beteriko sasoi bilakatu behar dira, baita Europa eta Latinoamerikarentzat ere”, lurralde horiekikoak aztertu baitira gaurko jardunaldian.

· Irtenbidea · Sabino Arana Fundazioko lehendakariaren aburuz “mugak ixtea ez da inoiz irtenbidea izan, ezta izango ere. Nazionalismo ekonomikoa, merkataritzaren protekzionismoa edo aislazionismoa ez dira inoiz irtenbideak izan, ezta izango ere. Irekitasuna, merkataritza, baterakuntza, hitzarmenak, aliantzak… ditugu, zalantza barik, baliatu beharreko tresnarik onenak. Begirune handiagoa identitateari. Europa sendoagoa eta hobea, Latinoamerika sendoagoa eta hobea, Europaren eta Latinoamerikaren arteko harreman sendoagoak eta hobeak, mundu mailako aliantza sendoagoak eta hobeak. Eta hori guztia, neoliberalismoaren printzipioetatik eta, edozein preziotan, mozkin handiena atera behar dela dioen arautik ez, gure ildo humanistatik, gure DNA demokristautik eta gure xedeetatik, hau da, globalizazio jasangarria eta mundu zuzen eta gizatiarragoa lortzeko helburuetatik, hezurmamitu behar dugu”.

Jardunaldian, ondoko hizlariek parte hartu dute: Miguel Ceballos (Cecilia Malsmtrom Merkataritza komisarioari atxikitako kabineteko burua); Inmaculada Rodríguez-Piñero (Europako Parlamentuko Sozialisten eta Demokraten Aliantza Progresista taldekoa) eta Izaskun Bilbao Barandica (Europako Parlamentuko ALDE taldeko presidenteordea) Europako Parlamentuko kideak; Carlos Malamud, Elcano Errege Institutuko kidea; Alfredo Barnechea (kazetaria eta lehendakaritzarako hautagai ohia Peruko 2016ko hauteskunde orokorretan); Francisco Javier Arrieta Idiakez (Deustuko Unibertsitateko Lan Zuzenbideko irakaslea); Gutenberg Martínez (Miguel de Cervantes Unibertsitateko errektorea eta Txileko PDC alderdiaren aholkulari nazionala); eta Gianluca Susta, senatari italiarra eta PDE-EDP alderdiko presidenteordea.

Hasiera-hitzaldian, Miguel Ceballosek ondokoa adierazi du: “Trumpen politikaren albo-kaltearen ondorioz, Latinoamerikaren eta Europaren arteko aliantza sendotu da”. Cecilia Malsmtrom Merkataritza komisarioari atxikitako kabineteko buruaren iritziz, “Latinoamerika bazkide estrategikoa da Europar Batasunarentzat. Ohituraz, merkataritza eta inbertsioak izan dira gura lurraldeen arteko abangoardia eta oinarri. Europar Batasunak Mexikorekin (2000) eta Txilerekin (2001) sinatu zituen lehen aldebiko merkataritza-hitzarmenak. Handik aurrera, merkataritza-hitzarmenak sinatu ditugu edo negoziatzen ari gara Latinoamerikako eta Karibeko herrialde guztiekin, Kuba, Venezuela eta Boliviarekin izan ezik”.

· Latinoamerika · Era berean, Ceballosek nabarmendu du “Europako enpresak eta haien ondasunak sendo finkaturik daudela Latinoamerikan eta horien kopurua haziz doala, askotan, Estatu Batuetako enpresen eta esportazioen kopurua baino handiagoa dela. Trumpek ezarritako politika berria, lehengoa baino protekzionistagoa, akuilua izan da lurraldean eta, horren ondorioz, ahalegin guztiak egin ditu bazkide historiko eta aliatu nagusiaren alde: Europar Batasuna. AEBk Transpazifikoaren hitzarmenari muzin egin zionetik, NAFTA hitzarmena eteteko mehatxua egin zuenetik eta Munduko Merkataritza Antolakundearekin halako epeltasuna agertu duenetik, herrialde askok Europar Batasunarekiko harremanak sendotu dituzte.

AEBetako hauteskundeak izan ostean, merkataritza askeko hitzarmenak sinatu ziren Kanada eta Ekuadorrekin, negoziaketa amaitu dugu Japoniarekin (Japonia dugu Transpazifikoko hitzarmenari atxikitako beste bazkide bat) eta negoziaketa bizkortu dugu Mercosur erakundearekin (Brasil, Argentina, Uruguai eta Paraguai) eta Mexikorekin”. Horregatik, Trumpen politika berriaren albo-kalteak “Latinoamerikaren eta Europar Batasunaren arteko harremanak sendotu dituela”, adierazi du.

Jarraian, Carlos Malamudek eta Inmaculada Rodriguez-Piñerok “Merkataritza askeko hitzarmenak tentaldi protekzionisten eta Asiako kemenaren aurrean” gaiari lotutako hainbat alderdi jorratu dituzte.

Azkenik, Izaskun Bilbaok, Alfredo Barnecheak, Gianluca Sustak, Francisco Javier Arrietak eta Gutenberg Martínezek “Merkataritza-hitzarmenen bidez, bateratuago dabilen mundu baten gaineko kontinentearteko ikuspegiez (hazkundea eta gizarte aurrerakuntza uztartzeko)” jardun dute.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu