Osteguna,
2024ko Martxoak28

MugaKultura

loader-image
Durango
6:23 pm,
temperature icon 16°C
Humidity 62 %
Ráfagas de viento: 74 Km/h

Durangoko bonbardaketa fazistak Auzitegi Konstituzionalera heldu dira

Durangoko Lehen Auzialdiko eta Instruzioko 3. Epaitegiak erabaki zuen moduan, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak ere bide beretik jo du eta pasa den maiatzaren 11n, Durangoko Udalak, herriak 1937ko martxoan eta apirilean jasan zituen gizateriaren aurkako krimenak argitzeko helburuarekin aurkeztutako kereila artxibatzea erabaki zuen.

BOmbardeo Durango

Horregatik, Udalak, bere konpromisoa bere horretan mantendu eta benetan gertatutakoa ikertu eta beharrezko frogak biltzeko xedeari eutsiz, pasa den ostegunean, uztailak 12, babes errekurtsoa jarri zuen Auzitegi Konstituzionalean. Hemendik aurrera, auzitegi nagusiaren erabakia da. Anaïs Franquesa Bartzelonako abokatuak idatzitako errekurtsoak Auzitegi Konstituzionalak bere onarpenerako eskatzen duen transzendentzia konstituzionala edukitzea espero da. «Hau lehen erronka da, tramitera onartua izatea», baieztatu du Franquesak. Errekurtsoak, 47 orrialdeetan, delituak ikertu ahal izateko arrazoi legal guztiak azaltzen ditu. Tribunalaren erabakia hilabete batzuk iraun dezake. Orain arte, Gerra Zibilaren eta frankismoaren krimenen inguruko eskakizun guztiak ukatuak izan dira.

Historian lehen aldiz, Auzitegi Konstituzionalak poblazio-zibilaren aurkako bonbardaketa sistematikoak gizateriaren aurkako delitu diren edo ez jakinarazi dezake.

Momentu horretan, eta batez ere, gaur egun aplika daitekeen nazioarteko zuzenbidearen arabera, gertatutakoa delitua izan zela berresten du. Hortaz, errekurtsoak, tramitera onartua izateko transzendentzia nahikoa izan beharko luke. Auzitegi Konstituzionala jurisprudentzia eta nazioarteko legediarekin bat etortzeko unea da, guda zibil eta frankismoko krimenak ikertzeko aukera eskainiz. Arrazoi asko daude errekurtsoa onartua izan dadin eta epaia aldekoa izan dadin. Konstituzionalak babes errekurtsoa tramitera onartuko ez balu, edota baieztatuko ez balu, barne auzibide guztiak agorturik, Estrasburgoko Auzitegian errekurtsoa jartzeko aukera egongo litzateke, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean jasotako eskubideetariko bat urratzeagatik. Edozein kasutan, ez da baztertzen paraleloki, bonbardaketen biktimen izenean prozedura berri bat hasteko aukera.

Errekurtsoaren erredakziorako, Franquesak Unibertsitateko bi irakasleren laguntza izan du, David Bondia, Bartzelonako Unibertsitateko Nazioarteko Zuzenbide publikoko irakaslea eta Marco Aparicio, Gironako Unibertsitateko Konstituzio Zuzenbide irakaslea. Sònia Olivella eta Laura Medina abokatuek ere dokumentuaren burutzean hartu dute parte.

Atzo urtebete aurkeztu zuen Durangoko Udalak kereila 2017ko uztailaren 18an jarri zuen kereila Durangoko Udalbatzarrak, 300 hildako baino gehiago eragin zituzten bonbardaketak eta metrailaketak gauzatu zituzten 46 abiadore italiarren aurka, ekintzok gizateriaren aurkako krimentzat jota. Kereila tramitera onartzeak salatutako ekintza kriminalen ikerketa judizialari bidea irekitzea suposatu zuen, eta hauxe izan da “1937ko Martxoaren 31ko Batzordearen” helburu nagusietako bat.

Durangoko bonbardaketen laburpena: 1937ko martxoak 31

“Eraso Nagusia” martxoaren 30ean egiteko asmoa izan zuten hasieran, baina martxoaren 31n hasi zuten. Durango eta Elorrioko bonbardaketak Sorian eta Logroñon kokatuta zeuden Italiako Aviazione Legionaria kontingenteari egokitu zitzaizkien. 1937ko martxoaren 31n Sorian kokatuta zegoen XXIV Bonbaketa Astunen (BP) “Pipistrelli” taldeko 214 eskoadrilak Ferdinando Raffaellik sinatutako agindua jaso zuen Durango bonbardatzeko. Asmo horrekin Soriako aerodromotik atera ziren Ferdinando Raffaeli bera buru zela 1, 2, 5 eta 6 zenbakidun savoia hegazkinak. Bakoitzak 50 kiloko 20 bonba eta 20 kiloko lau bonba su-eragile garraiatzen zituen. Lau hegazkinak Logroñora joan ziren lehenengo eta han eskolta lanak egiteko bederatzi ehizahegazkin (5.eskuadrilako FIAT CR.32 “La Cucaracha” ezizeneko hegazkinak) batu zitzaizkien. Logroñotik Idiazabalen barrena Durangora jo zuten. Ibilbidean, baina, Savoia 81 6. Zenbakiak arazo mekanikoak izan zituen eta Soriara bueltatu zen. Beraz, hiru hegazkin bonbakarik burutu zuten azkenean Durangoko erasoa.

Goizeko 8:30ak inguru Savoia 81 hegazkinek bonbardaketa hasi zuten Kurutziaga kalean lehen bonbak jaurtiz, antzinako Vera Cruz ermita aurrean. Hurrengo zazpi minututan hiru hegazkinek 3.240 kilo lehergai jaurti zuten Kurutziaga kalean hasi eta 350 metroko lerro zuzena eginez Zumalakarregi kaleko etxeetaraino. Hondatutako eraikinen artean nabarmentzekoak dira Uribarriko Andra Maria eta Jesuiten San Jose elizak, bietan meza ematen ari zirela bonbardatuak. Andra Mariko elizpean ere hildako asko izan zen. Baserritarren azoka egin zen egun horretan, merkatu plazan euskal ejerzitoa kokatuta zegoelako.

Arratsaldean, berriro, Durangok beste bonbardaketa bat jasan zuen eta oraingoan ere XXIV Bonbaketa Astuna “Pipistrelli” taldeko 214 eskuadrilako 1,2 eta 5 hegazkinek parte hartu zuten CR.32 5. Eskuadrilako – “La Cucaracha” zazpi ehiza-hegazkinek eskoltatuta. Bonbardaketaren ardatza Zeharkalea izan zen, alde zaharra zeharkatuz.

Arratsaldeko eraso honetan 213 eskoadrilako hiru Savoia 81 hegazkinek ere parte hartu zuten eta beraien helburua Durangoko tren-azpiegitura izan zen, tailer, nasa, biltegi eta abarrekin.

Biktimen kopurua zenbatu ezina da. Zaurituak ehunka izan ziren. Hildakoei dagokionez 300 pertsonen izen-abizenak zehaztu ahal izan dira eta horiei identifikatu gabeko bat ezezagun gehitu izan zaie. Posible da hildakoen artean, lehenengo zauritu eta ostean hildakoak izatea edota frontean zuzenean hildakoak. Biktima bikoiztuak ere egon

daitezke, familiek identifikatu arren 1937an Eusko Gobernuak egin zuen ezezagunen zerrendan zenbatutakoak. Horrelakoak kontuan hartuta, 336 biktima-kopurua ontzat ematen dute.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu