450 gaztek hartuko dute parte ‘Xare’ Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldian Durangon

Jardunaldian Batxilergoko 1go mailako 450 gaztek hartuko dute parte. Azkue Fundazioak eta Xarek Durangoko Udalaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz antolatutako ekimenak euskararen erabilera sustatu nahi du IKTen alorrean eta, oro har, kultura digitalaren esparruan.

Sin título-1

Euskarazko kultura digitala sustatu eta ezagutaraztea da Azkue Fundazioak eta Xarek berak bultzatutako Xare egitasmoaren helburu nagusia: besteak beste, softwareen euskaratzea bultzatzea eta horiek instalatzeko nahiz erabiltzeko ohitura sustatzea, baita euskarazko IKTen sektorea ikusarazi zein balioestea ere.

Urriaren 31ko Durangoko hitzordua prestatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta bertako Udalaren laguntza izan dute gainera. Goizeko 9etatik 13:45etara bitarte, hiru ikastetxe ezberdinetatik etorritako Batxilergoko 1go mailako 450 gaztek hartuko dute parte Landako Gunea, Plateruena Kafe Antzokia eta Zugaza Zinema beteko dituen ekimen honetan.

Azpimarratzekoa da, bestalde, honako hau dela hiriburu ez den udalerri batean egingo den Xare jardunaldi bakarra. Azkue Fundazioaren apustua eta erronka izan da Xare 2019 Durangora ekartzea eta, hala, Durangaldeko ikastetxeei luzatzea ekimen honetan parte hartzeko deialdia. Eta Azkue Fundazioaren borondateak emaitza positiboa izan du, izen-emate kopuruak aurreikuspenak bete baititu: eskualdeko 450 ikasle ariko dira euskarazko kultura digitalaz ikasten, ezagutzen eta trebatzen.

Zentzu horretan, udal ordezkariek nabarmendu nahi izan dute ekitaldi hau Durangon egiteak hainbat helburu betetzen dituela, “besteak beste, Durangoko gazteek aisialdirako eta kulturarako aukera ezberdinak izatea herrian bertan. Izan ere, durangarrek eskatzen dizkiguten eskaeretako bat da gazteentzako aisialdirako aukera ezberdinak eskaintzea. Ekitaldi hau, nahiz eta puntuala izan eta aisialdiaz gaineko beste hainbat helburu dituen, norabide horretan ere egiten du lan”.

Gazteak eduki ezberdinak eskainiko dituzten hiru aretotan barrena mugituko dira:

Info Aretoa (Plateruena Kafe Antzokia)

Ezagutzara bideratutako gune honetan, euskarazko kultura digitalaren esparruan aitzindari izan diren eta egun lanean diharduten 6 proiekturen inguruko aurkezpen labur (12’) bana entzunen dute ikasleek. Hala, Puntu Eus Fundazioak, Librezale Elkarteak, Ahotsak egitasmoak, , Booktegi-k, Alboan-ek eta Euskal Wikilareien Elkarteak une honetan esku artean dituzten hainbat proiekturen berri emanen dute.

Ikas Aretoa (Landako eraikina)

Gune praktiko honek 8 lantegi ezberdin hartuko ditu eta, 20 laguneko taldetan banatuta, ikasle bakoitzak horietako batean trebatzeko aukera izango du. Tailerrak dagokion sektorean eskarmentua duten profesionalek eta elkarteetako ordezkariek gidatuko dituzte. Honakoa da eskaintza:

Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala)
- Bideomappinga: errealitatea areagotu proiekzioak objektuen geometriara doituz (Elurmaluta)
- AppInventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua (Talaios)
- Errealitate birtualera hurbilpena (Protomakers)
- Wikipedia: entziklopedia auzolanean eta euskaraz nola elikatu (Euskal Wikilarien Elkartea)
- Arduino: elektronika interaktiboaren munduan hasteko(Protomakers)
- 3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu(Protomakers)
- Raspberry Pi: plaka-ordenagailu txiki eta merkeak(Iñaki Izkue)

Era Aretoa (Zugaza Zinema)

Erabileran sakontzeko pentsatutako areto hau da aurtengo Sarean Euskaraz Jardunaldiak dakarren berrikuntza nabarmenena, eta bi hitzaldi programatuko dituzte bertan, bakoitza 35 minutukoa. Biek ala biek IKTen erabilera egokia egitearen garrantziaz ohartarazi eta horretarako jarraibideak azalduko dituzte. Izan ere, IKTek gero eta presentzia handiagoa dute herritarren egunerokoan, baita esparru pribatu eta intimoenetan ere.

Pribatutasuna Sarean (Maider Likona, Gipuzkoako Software Askea)
- Harremanak 3.0: like bat eman (Ane Ortiz, Emaize Sexologia Zentroa)

 

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: , , , , ,