Hona hemen Durangoko Ertzain-etxearen aurrean EHEk deitutako protesta ekitaldian irakurritakoa

Durangoko Euskal Herrian Euskaraz

Urtarrilaren 30eko GrebaOrokorra dela eta Durangon gertatutakoa salatzeko gaude hemen besteak beste, eskubide zibil eta linguistikoak urratu zitzaizkigun hainbat euskaldunoi, bati bereziki identifikaziorarte ailegatuz ,nola ez biolentzia merkearekin.

20200205_195105

Gaztelaniaz zuzendu zitzaion ertzain bati euskaraz egiteko eskatu zion, eta horretarako gai ez izateaz gain, ertzain kide batek identifikazioaren zergatia galdetu zionean, mehatxatu egin zuela adierazi zion.

Beraz, euskaraz hitz egite soila (edozer esanda ere) mehatxua da gure herrian, euskaraz jakin ez eta ikasteko asmorik ez duenarentzat bereziki.

Inolako arrazoirik gabe gogor kolpatzeaz gain, ertzaintzak identifikatu eta “desacato a la autoridad” deritzenarekin espedientea zabalduko ziotela adierazi zioten.

Laburbilduz, onartezina da polizia batek euskaraz ulertu ez eta delitu edota hutsegite zigorgarri bat egotzi nahi izatea.

Eskubide zibil eta linguistikoak urratu zitzaizkigun, beste behin ere zapaldua zapaltzaile irudikatuz. Zigorrak zigor, jakin dezatela langile euskaldunon eskubideak urratzen dituzten poliziei, agintariei zein legeei men ez egiten segituko dugula.

Aipatutako gertaera hauek oso larriak dira. Ustez herritarren eskubideak babesteko eskumena duten ertzainak beraiek dira herritarren hizkuntza-eskubideak urratzen dituztenak. Larriak direla diogu baina zoritxarrez ezin esan salbuespena direnik. Euskaldunok, euskaraz bizi nahi dugun herritarrok, egunero pairatzen ditugu horrelako gertaerak. Bai eremu pribatuan bai publikoan. Administrazio publikoarekin harremana euskaraz izan nahi eta askotan ezin. Ez hori bakarrik, kasu honetan ikusi ahal izan zen bezala, funtzionario publiko horrek adierazten duen jarrera agintzaile berdinarekin egiten dugu topo euskaldunok tarteka. Jarrera agintzaile betikoa, baina formetan aldatuta ere: garai bateko “Háblame en cristiano” hura, orain Mozal Legearekin ezarritako isunean bilakatu daiteke adibidez.

EHE

Horren aurrean Eusko Jaurlaritzari eta Ertzaintzari zuzentzen gara isunik ez dezaten bideratu, onartezina da horrelakorik gertatzea egun. Ez hori bakarrik, horrelakoak berriz ere ez gertatzeko neurriak har ditzaten exijitzen diegu. Horretarako behingoz administrazioko langile guztiak euskaldundu behar dira, ez soilik herritarrekin harreman publikoa dutenak, baita gainontzeko langile publiko guztiak ere. Administrazio publikoa osoki euskalduntzen ez den bitartean, etengabeak izango dira hizkuntza-eskubideen urraketak. Euskaraldiaren hamaika egunetan soinean txapa bat jartzea eta propaganda kanpainak egitea ez da nahikoa, ezta gutxiago ere, gainontzeko urte osoan zehar herritarren eskubideak urratzen badira.

Era berean, herritarrei dei egiten diegu beraien hizkuntza-eskubideei tinko eutsi diezaioten. Greba egunean ikusi ahal izan genuen jarrera euskaltzale burujabea egunerokoan izan dezatela. Soilik horrela lortuko dugu euskararen normalizazio osoa, eta beraz, euskaraz bizitzera iritsi ahal izatea. Eta urraketarik jasanez gero salatu dezatela dei egiten diegu. Bai Euskal Herrian Euskarazi zuzenduz, baina batez ere Hizkuntza Eskubideen Behatokian salatuz.

Euskaraz egitea normaltasunaren kontra egitea dela idatzi zuen behinola Joseba Sarrionandiak… Eta halandaze, euskaraz egitea (sistema patriarkatu kapitalistarentzako) mehatxua den herrian, bizitza duina euskaratik eta euskaraz!

20200205_195611

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: , , ,