Osteguna,
2024ko Martxoak28

MugaKultura

loader-image
Durango
4:51 pm,
temperature icon 19°C
Humidity 58 %
Ráfagas de viento: 75 Km/h

Itziar Larrinaga: «Orain ‘Tabaski’ jaiaren ilusioa da nagusi Senegalen»

· Abadiñoko Itziar Larrinagak Senegalen koronabirusak eragindako pandemia zelan bizi duten kontatu digu.

Itziar Larrinaga

Senegalen oso modu desberdinean bizi da birusaren errealitatea hiriburuan, herrietan edo auzoetan. Hiriburuan daude Covid19 kasu gehienak, beti ere, datu ofizialen arabera, eta neurriak zorrotzagoak dira bertan beste tokietan baino.

Itziar Larrinaga

Martxotik hona egoera asko aldatu da, halere. Hasiera batean herrialde osoan birusa zen hizpide kalean zein komunikabideetan.  Gobernuak ezarritako neurriak zorrotz betetzen zituen jendeak eta beldurra somatzen zen kalean.

Maskaren erabilera, jendarteko distantzia, etxetik ahalik eta gutxien irtetzeko gomendioa, eskuak garbitzea, eskualde batetik bestera joateko debekua, eta etxeratze-agindua (toque de queda 20:00-06:00) adibidez izan ziren jarritako neurriak.

Baina, egunak eta hilabeteak aurrera egin ahala, jendea lasaitu egin da eta era berean haserretu ere bai.  Senegalen, eta Afrikako herrialde gehienetan, jendea egunean bizi da. Konfinamendu osoa ezinezkoa bada ere, etxeratze agindua izateak eta ezin mugitu izanak etxeko ekonomian eragin zuzena izan du. Familien egoera gero eta estuagoa izaten hasia zen eta da.

Gobernuak laguntza zuzena eman zuen hasiera batean, arroza, olioa eta oinarrizko beste jaki batzuk bananduta, baina, gutxi batzuengana bakarrik heldu zen. Jendea, beraz, kalera ateratzen hasi zen protestaka, familia askok ez baitzuten diru sarrerarik, ezta laguntzarik ere eta oso egoera gordinean zeuden. Horregatik bada, apurka-apurka, hasierako neurriak malgutzen hasi ziren. Orain ez dago etxeratze-agindurik eta ez dago mugitzeko debekurik ere. Kalean normaltasuna da nagusi maskarak jantzita bada ere.

Datu ofizialak

Datu ofizialen arabera 8.200 pertsona inguru dira positibo emandakoak eta ehun pasatxo hildakoak. Ezin da jakin baina zenbaterainoko diren fidagarriak datuok, toki jakin batzuetan baino ez baitira egiten probak eta denek ez dute aukerarik bertaratzeko. Leku askotan ez dago ohiturarik medikura joateko eta beren tratamendu natural alternatiboen alde egiten dute. Auzoetan eta herritxoetan, bestalde,  egoera bestelakoa da hasieratik.

Ez dago kontrolik poliziaren aldetik eta jendea askatasun osoz dabil kalean zehar maskararik eta bestelako neurririk hartu gabe. Afrikako herrialdeen arteko joan etorria baimendu berri dute eta izugarrizko mugimendua hasi da 15 egun barru ospatuko den «tabaski» izeneko jaiari begira (bildotsaren jaia).

Mauritaniatik Senegalera saltzera ekarritako ardiak ugaritzen ari dira azoka, kale eta auzoetan. Jendea kalera atera da jaiaren aurreko erosketak egitera. Soineko eta jantzi dotore eta koloretsuak egiteko oihalen salmenta bikoiztu edo hirukoiztu egin da esate baterako. Jostunak txanda eman ezin ahala ari dira lanean, egun berezi horretan jantzi berriak estreinatzea ohitura delako.

Errealitate gordinaren aurrean Tabaski jaiaren ilusioa da nagusi momentu honetan.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.
Etiquetas: , , ,

Bilatu