Iurretako Abadetxeko ateak zabalik daude berriro, herriko bizitza kulturala sustatzeko

Testua · Iurreta Plazaratu dinamika

Abadetxeak zabalik ditu ateak berriro, plazako eta herriko bizitza soziokulturala sustatzeko asmoz. Herrira zabaldutako espazio lez, interesa duen herritar zein elkarte orok edukiko du berau erabiltzeko aukera, ekintzak antolatzeko, batzartzeko edota biltegia izateko.

ABADETXEA IURRETA

Iurretako abadetxea zabaldu dute. Iurreta Plazaratu dinamika

Abadetxearen irekieraren berri gaur eman zaie herritarrei, eta elkarteak ere gonbidatuko dira datozen egunetan. Horrez gainera, bizilagunekin ere batzarra egingo da, elkarbizitza zaintzeko asmoz. Sustapen kulturala berehala hasiko da; bihar bertan Eñaut Aiartzaguena ilustratzaile eta artistak ipuin kontaketa saioa eskainiko du, 17:30ean. Aste osoan zehar auzolanerako deia egin zaie herritarrei.

 500 herritar eta 27 elkartek babestutako eskaria

Duela bi urte sortu zenetik, Iurreta Plazaratu dinamikak Abadetxearen irekiera eskatu izan du, plaza eta herria bizitzeko espazio garrantzitsua dela iritzita. Horren harira, otsailaz geroztik, gotzaindegiari eskaria hainbat bider luzatu dio, zuzenean eta herriko parrokiaren bitartez. Eskaria 500 herritar eta 27 elkarteren sinadurekin babestuta ere bidali zitzaien ekainean, erabilera adosteko proposamen zehatz batez lagunduta. Baina, denbora guzti honetan gotzaindegiaren partetik ez da inolako erantzunik heldu.

Hori ikusita, eraikina erabiltzen hastea erabaki da. Abadetxea herŕiarena delako.

ABADETXEA IURRETA1

Historia apur bat

Abadetxea 1739an eraiki zuen Iurretako Udalak, herrian zeuden abadeei bizilekua eskaintzeko. Sinatu zuten hitzarmenaren arabera, beharrizanik edukiko ez zutenean erabilera udalari bueltatzea adostu zuten. Hala ere, 1898an eraikina gotzaindegiaren izenean inskribatua izan zen erregistroan. Elizako funtzioetarako aparte, XX. mendean herriko mugimendu eta talde askoren elkargune izan zen, Julen Kaltzada abadeak lehenik eta gero beste zenbait abadek ateak zabaldu zituztelako.

Ondorioz, herriarentzat balio handia duen eraikina da Abadetxea. 2006an erre zenetik hutsik dago, eta bada ordua ateak irekitzeko, herriarena dena herrira bueltatzeko.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Los comentarios están cerrados.