Ostirala,
2024ko Martxoak29

MugaKultura

loader-image
Durango
7:55 am,
temperature icon 11°C
Humidity 86 %
Ráfagas de viento: 28 Km/h

Pascu eta Rodri youtuber arrakastatsuak izango dira aurtengo Mangamore Jaialdiko protagonistak

Bi youtuber ezagunak 1go gunean izango dira, Amorebieta IV pilotalekuan hain zuzen, urriaren 9an, goiz eta arratsalde. Aurtengo Mangamore Jaialdia aurrez aurreko edizioa izango da, nahiz eta osasun egoerara egokituta ospatuko den; zenbait ekitaldietarako sarrerak aldez aurretik eskuratu beharko dira.

Mangamore Jaialdia bueltan da Amorebieta-Etxanon, berriz ere, aurrez aurreko formatuan. Urriaren 8tik 10era izango da aurtengo edizioa, hamabosgarrena. Covid 19 aurreko urteetan baina gune gutxiago izango badira ere, ekitaldiz betetako jaialdia antolatu du Amorebieta-Etxanoko Udalak, beti ere, egungo osasun egoerara egokituta. Honako bost guneetan izango dira ekitaldiak: Amorebieta IV pilotalekuan, Zelaieta Zentroan, Gazte Txokoan, Zelaieta parkean eta Zornotza Aretoan. Aurten, pandemiaren ondorioz, ez da bideo-joko gunerik izango. Era berean, Udalak gogoratu nahi du ezingo dela jende topaketa jendetsurik egin, eta ezta ere, baimenik gabeko ekitaldi alternatiborik antolatu: «arduraz jokatzeko eskatzen dizuegu, sarrerak aldez aurretik eskatzea eta segurtasun-distantziari eustea».

Pascu eta Rodri, aurtengo bi protagonistak

Geroz eta nabarmenagoa da YouTubeko kanalek egungo gizartean duten arrakasta, eta Mangari dagokionean, Pascu eta Rodri izarrak dira. Aurten, zalantzarik gabe, Mangamore jaialdiko protagonistetako bi izango dira. Beraien YouTubeko kanalean 4,5 milioi jarraitzaile baino gehiago dituzte, eta bistaratzeak, guztira, 800 milioitik gora. Pascu eta Rodri larunbatean egongo dira jaialdiko 1go gunean, Amorebieta IV pilotalekuan, goiz eta arratsalde. `Destripando la historia´ izena du bikote honek YouTubeko kanalean duen sekzio ospetsuenak eta bideo musikatuen bitartez historia azaltzen dute: izaki mitologikoak, ipuinetako pertsonaiak, komikiak… dituzte ardatz. Kanalaren inguruko azalpenak emango dizkiete bertaratutakoei, eta hauek galderak egin eta beraiekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute.

Hala ere, ez dira aurtengo edizioko youtuber bakarrak izango; KibaDubsek ere hitzordua du aurtengo Mangamore edizioan. Ostiral arratsaldean izango da Kiba Show ikuskizuna, 1go gunean baita ere: youtuberrak umorez betetako bikoizketak egiten ditu bere kanalean.

Cosplay eta Asian Dance txapelketak, 1go gunean

Txapelketarik ez da faltako aurtengo edizioan. Amorebieta IV pilotalekuan, larunbat arratsaldean ‘Cosplay´ txapelketa izango da, ohi bezala, bi modalitaterekin: batean, parte hartzaileek mozorroa jantzi eta desfilatu egin beharko dute; eta bestean, mozorroa janztea ez da nahikoa izango, hau da, mozorrotu eta pertsonaiaren izaera bereganatu beharko dute partehartzaileek, eszenatokian irudikatuz. `Asian Dance´ txapelketa igande arratsaldean izango da: kasu honetan, partehartzaileek Korean modan dagoen talde bat aukeratu beharko dute eta hauen koreografia bat irudikatu eszenatoki gainean, ahalik eta ondoen imitatuz.

Bideo-jokoek sor dezaketen ludopatia. aztergai

Mangamore Jaialdiak ere badu bere alde serioa, eta aurten, Deitze San Vicenteren hitzaldiak emango dio balio hori: bideo-jokoek sor dezaketen ludopatiaren inguruan ariko da Zallako aditua; bigarren gunean izango da hori, Zelaieta Zentroan, larunbat goizean. Kodai argitaletxea ere gune berean egongo da aurreko egunean, ostiral arratsaldean: mangaren bueltan izan diren argitalpenen xehetasun guztiak ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek.

Star Warsek, leku propioa

Star Wars sagaren jarraitzaileak ere, hitzordu berezia dute aurtengo edizioan. `Legion 501´ko soldadu inperialak aurrez aurre ikusteko aukera izango da larunbat arratsaldean, Zelaieta Zentroan. Horrez gain, gune berean, Star Wars erakusketaz gozatzeko aukera izango da hiru egunetan zehar.

Haur eta familiak ere, mangan murgilduta

Mangamore Jaialdiak adin guztietako publikoa du helburu, eta hori horrela, haur eta familientzako ekitaldirik ez da faltako aurtengo edizioan. Ureshirekin argazkia atera nahi dutenek egunero izango dute aukera, goiz eta arratsalde; gehienez lau laguneko taldeak osatu ahal izango dira. Bestalde, eskulanak eta txu-txu trena ere izango dira; azken hau Gudari kaleko autobus geltokitik aterako da. Eta noski, Umore Horia irudikatzen duten puzgarriak ez dira faltako 5. gunean, hau da, Herriko Plazan: 3-8 urte bitarteko txikientzat oztopo pista izango da eta 8 urtetik gorakoentzat makila eroa.

Kontzertuak, filmak eta bideo-jokoak pantailan, Zornotza Aretoan

Zornotza Aretoa izango da 5.guneko eszenatokia. Bertan, kontzertua emango du Zornotzako Musika Bandak larunbata eguerdian. Igandean berriz, bi pelikula izango dira aukeran: txikienentzat `Pikachu detektibea´ proiektatuko dute, eta `Lupin III The First´ publiko guztiarentzat. Bideo-jokoek ere, lekua izango dute Zornotza Aretoan. Bi txapelketa ikusi ahal izango dira pantaila handian: `Fifa 22´ txapelketa eta `Guilty Gear Strive´ txapelketa.

Manga produktuak erosteko aukera zabala

Mangarekin lotura duen edozein produktu erosi nahi duenak aukera zabala izango du 4.gunean, Zelaieta parkean. Batetik, stand komertzialak jarriko dituzte, eta eskuz egindako lanak salduko dituzte bertan postua jarriko duten artistek. Eta bestetik, ohiko manga dendek jarriko dute postua, bideo-joko, komiki, poster, irudi eta abarrekin.

Sarrerak, aldez aurretik
Ekitaldietan parte hartzeko hiru aukera izango dira: aurrez izena emanda, sarrera aterata edo ilara itxaronda. Sarrerak aforoa bete arte eskuratu ahal izango dira eta online eskatzen dituztenek emailean jasoko dituzte. Ekitaldietara ordu erdi lehenenago gerturatzea eskatu dute antolatzaileek, eta sarrerak paperean edo mugikorrean eramatea. Era berean, sarrera eskuratu eta joaterik ez dutenei aurretik esatea eskatu diete, sarrera hori beste batek erabili ahal izateko. Abisua emateko: mangamore@mangamore.eus helbidean edo 946300650 telefono zenbakian.

Mangamore Jaialdia, online

Amorebieta-Etxanora gerturatzerik ez dutenek, Mangamore Jaialdia online jarraitzeko aukera izango dute mangamore.eus webgunearen bitartez edota Twitchen. Bietan, 1go eta 5garren guneetako ikuskizun guztiak zuzenean jarraitzeko aukera izango da.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu