Osteguna,
2024ko Martxoak28

MugaKultura

loader-image
Durango
5:35 pm,
temperature icon 19°C
Humidity 62 %
Ráfagas de viento: 74 Km/h

Osasun-neurrietara egokitutako aurrez aurreko Durangoko Azoka bihar hasiko da

Gaurkoan denda digitala martxan jarri eta gero, bihar irekiko dira Durangoko Azokako ateak modu presentzialean ere. Goizeko 10:00etan izango da lehenengo txanda Landako Gunera sartzeko: ordu horretan sartuko dira lehenengo bisitariak. Egunero bost txanda egongo dira Landakora sartzeko, eta bakoitzean 1200 bisitarik ordu eta erdiko tartea izango dute 219 erakusmahaiak bisitatzeko. Biharko bost txanda horietatik bi agortu dira jada: 12:00etakoa eta 18:00etakoa. Hiru txandetan, ordea, oraindik izena eman daiteke, durangokoazoka.eus webgunean: 10:00etan, 14:00etan eta 16:00etan.

Landako Gunean ez ezik, Plateruenan ere beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea, Ahotseneako kontzertuak ikusteko. Biharko bi kontzertutan sarrera guztiak agortu dira jada, Bulego eta Anariren zuzenekoetan, eguneko lehenengo eta azken kontzertuetan, hain zuzen ere. Gainontzeko zortzi disko aurkezpenetarako erreserba egin daiteke oraindik ere: Eneritz Furyak, Habia, Serge, Kaserna, Katez, Rolan Garces & Bandatze, Anita Parker eta Addar.

Azokako gainontzeko espazioetan ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea, sarrera librea izango da aforoa bete arte. 12:00etan izango da inaugurazio ekitaldia San Agustin Kulturgunean. Bertan, Gerediagako ordezkariekin batera, Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Durangoko Udaleko ordezkariek berba hartuko dute. Arratsaldean, 18:00etan, Szenatokia gunean, San Agustin Kulturgunean bertan, Jon Ander Urrestiren «Tribiz, baserri galdue» antzezlana egongo da.

Irudieneara sartzeko ere ez da beharrezkoa izango aldez aurretik erreserba egitea. 11:00etan «Pantailak euskaraz» manifestuaren aurkezpena izango da. Horrez gain, hainbat film proiektatuko dira: Iban del Campo zuzendariaren «Serendipia», Kimuak euskal filmotekaren hautaketa, «Koko dragoi txikia» umeentzako filma, «Gure hots» dokumentala eta amaitzeko Lara Izagirrek zuzendutako «Nora» pelikula.

Saguganbara gune bitan banatuta egongo da aurten: Elkartegian (ohiko espazioan) eta Landako Guneko areto nagusian (sartzeko ez da beharrezkoa izango erreserba egitea). Bietan hainbat liburu aurkezpen eta ipuin kontalari egongo dira: «Kuku! Emozioen bilduma», «Totototo», «Xomorro Lapurra»; «Laino txiki, egin negar poliki»; «Ilezuri»…

Ahotsenea solasaldietan ere ez da beharrezkoa izango aldez aurretik izena ematea. Bere egitaraua espazio bitan antolatuko da: Landako guneko areto nagusian eta Musika Eskolan. Hainbat sortzailek parte hartuko du, besteak beste: Kirmen Uribe, Jasone Osoro, Jokin Urain, Ane Labaka, Aritz Galarraga…

Kabi@n «geruza digitalak» izeneko lehenengo hitzaldi laburra antolatuko da, 11:30ean, Landakoko areto nagusian. Bertan Euskal Herria digitala manifestua aurkeztuko du Jaione Martinezek.

Azkenik, Talaia gunean, hainbat aurkezpen egingo dira: «Bilbon dabil Gabriel Uresti» Karmelo Landaren eskutik, «Latinoamerikaren zain urratuak» Iñaki Alegriarekin, «Ilargia eta landareak» Jakoba Errekondo eta Antton Olariagarekin… DA! PRO egitasmoaren azken saioa ere izango da, «Sortzaileek bide profesionala egiteko baliabideak» izenburupean. Bertan parte hartuko dute Igor Muniategi (EKKI Egile Eskubideen Euskal Agentzia), Amaia Ocerin (kultur eta sormen industrietarako komunikazio aditua) eta Myriam Miranda (Musikari elkartea), Maite Bidartek gidatuta.

Bihar aurrez aurreko Azokak irekiko ditu ateak abenduaren 8ra arte, baina gaur bertan jarri da martxan Durangoko Azokako online denda. Bertan eskuratu ahal izango dira Landakon eskuragai egongo diren 990 nobedadeak: liburuak, diskoak, ikus-entzunezkoak, papergintza…

Azokako gune guztietan ezinbestekoa izango da uneoro maskara jantzita izatea, jende-pilaketak ekiditea eta osasun-neurri guztiak betetzea. Durangoko Azokak dei egiten die kulturzale guztiei arduraz jokatzeko Azokako espazio guztietan, eta baita Azokatik kanpo ere, Durangoko herrigunean.

Ayúdanos a crecer en cultura difundiendo esta idea.

Bilatu